Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

1170: Regino Arizek zuzendutako Udal Musika Banda Aquilino jauregiaren aurrean (1902).

1922ko azaroaren 26an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak islatzen ditu. Aurreko zenbakietan gertatu bezala, aldizkariaren 378. alean aduanako agenteen lan baldintzak dira hizpide, kasu honetan agenteen kidetzarekin loturik. Olerkien atalean, Yolek emakumeen profilaz hitz egiten du. “De todo un poco” atalean, aldiz, askotariko gaiak lantzen dira: Iparralde etorbidea hobeto argiztatzeko eskakizuna, Irungo kirol zelaiaren eraikuntzaren prozesua eta Irungo onura etxean bizi diren neskentzat piano bat lortzeko nahia. “Por ahí” atalean antzeko zerbait gertatzen da, askotariko albiste laburrak argitaratzen baitira, besteak beste, atal berean Irungo Atsegiña edo eguraldiaz hitz egiten delako.

38500: Gaur egungo Genaro Echeandia plazaren eremua, erdian prentsa saltzeko kiosko bat, eskuinean Azoka zaharra eta Alhondiga, eta, ezkerrean, Echeandia etxea eta Fermin Kalbeton kalea.

Kirolen atalean xehetasun osoz azaltzen da talde gipuzkoar eta katalanak jokatutako futbol partidua. Jarraian, Realaren hurrengo partidua zein izango den aipatzen da. Kirolei eskainitako atalaren amaieran berriz, Real Unión taldearen hurrengo erronkak zeintzuk izango diren aipatzen da. “Impresiones rápidas” atalean ere hainbat gai aipatzen dira. Esaterako, Gipuzkoako futbol federazioa, Santa Cecilia Eguneko ospakizunak edo merkatu alboan kokatua zegoen egunkarien salmentarako kioskoaren desagerpena. “Noticias” atalean, guardiako farmaziak zerrendatzeaz gain, Udal Musika Bandaren hurrengo kontzerturako prestatutako programazioa aurkezten da.

57828: Iparraldeko etorbidea (jatorriz Frantziakoa deitua) ireki berritan (1914 inguruan).

Hirugarren orrialdearen zati handi bat partitura batek betetzen du, “El Bidasoa” astekariari eskainitako pasodobleak, hain zuzen ere. Ondoren, “Del vivir de los pueblos” idatzian hirian hobetzeko dauden kontuak zerrendatzen ditu R. letrarekin sinatzen duen kolaboratzaileak. Udalarekin loturiko berrikuntzak biltzen dituen “Notas Municipales” atalarekin amaitzen da aldizkaria.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude