Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G40969: Colon pasealekua eta Aduana kalearen artean kokatutako eraikin egun Txanaleta plaza den orubean

1920ko apirilaren 18an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkarian hiriko garai hartako bizimodua eta albisteak islatzen dira. Lehenengo albistean udalean zinegotzi errepublikarrek bileren ordutegia aldatzeko egindako eskakizunaren harira sortutako iskanbila aipatzen da. “En el ateneo obrero” Leandro Pikabea medikuaren irudia goraipatzen da. Hirian egindako ekarpena gogoratzeaz gainera, “X.Z”-ak medikuaren lana omentzeko festa bat antolatzea proposatzen du. “Un poco de todo” atalean, tituluak aurreratzen duenez, Emeric Stefani eta Elias Gochicoa musikariek nazioartean lortu duten arrakastaren berri emanten da eta, informazio horren harira, San Pedro eta San Martzial jaietako programan musikak protagonismo gehiago izatea eskatzen du “RE-LA-MI-DO”-k.

G29228: Aduana eraikina izen bereko kalean kokatua.

Kirol kronikan Real Union eta Realaren lehen taldeek Atochan lortutako berdinketaren berri ematen da eta arratsalde horretan bertan Amuten errepikatuko den partiduaren xehetasunak azaltzen dira. Gainera, bitxikeria moduan, bi talde horiek elkarren aurka 1915. urtetik jokatutako partiduen emaitza guztiak argitaratzen ditu aldizkariak. Mañuelek “Cosas que se pasan en Irun” titulua daraman artikuluan Irunen eskean ibiltzen diren emakumeen inguruan hitz egiten du. Orrialde berean ageri den azken idatzian Aduana kalean izandako suteaz hitz egiten du “E.R”-k “Santa Barbara y el desollinador” titulua daraman artikuluan.
Arkalek idatzitako testuan, modu dibertigarri batean, senar-emazte batzuen arteko eztabaida kontatzen du, gizona parrandan gehiegi luzatu ostean. Horren ostean, “X.” hizkiaz sinatzen duen kolaboratzaileak hiriko albiste nagusian bihurtu den Aduana kaleko sutearen inguruko beste idatzi bat argitaratzen du. “Notas Municipales” atalean azken udal bilkuran hartutako erabakiak zerrendatu ostean, antzokien hurrengo egunetako programazioa errepasatzen da eta, “Noticias” atalean azken berri laburrak aipatu ondoren, aldizkariaren ohiko azken publizitate orrialdearekin amaitzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude