
1921eko abenduaren 25ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkarian orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak irakur daitezke. Lehen idatzian aduanetako legedia aipatzen da. Jarraian, RE-LA-MI-DOk irundarren musika zaletasuna zalantzan jartzen du, Irunen Figuerido biolinistaren kontzertua eskatzeaz gainera. Ostean, esne eskasiaren arazoa nondik datorren aztertzen da, esportazioek gabeziarekin zerikusia izan dezaketela azaltzeko.

Bigarren orrialdean, kirol kronikaren barnean, Irungo eta Hondarribiko udalek antolatutako ongintzazko partiduak izandako arrakasta aipatzen da, partidaren ekitaldian bildutako diru kopuruarekin batera. Gainera, Vie au Grand Air taldearen aurka jokatutako partiduaren nondik norakoak laburbiltzen dira. Ostean, Hendaian Gerran Hildako hiritarrak omentzeko eraiki den oroigarriaren inaugurazioarekin loturik, ekitaldia nolakoa izan zen eta zeintzuk parte hartu zuten kontatzen da. Ondoren, “Seamos respetuoso” izenburua duen idatzian gazteen errespetu faltak salatzen dira, ekitaldi publikoetan jarrera desegokiek eragiten dituzten ezerosotasunak salatzeko. Orrialdea amaitu aurretik Los Buenos Amigos elkarteak Gabonen inguruan antolatutako ekintzen berri ematen da.

Aldizkariaren hirugarren orrialdean, berriz, Joseph Choribiten heriotza jakinarazten da. “En el Municipio” atalean, ohiko moduan, azken udal bilkurako parte-hartzaileek hartutako erabakiak jakinarazten zaizkie irakurleei. Jarrian,Jose Izquierdo Lozanoren eta Adrián Picavea y Leguiaren heriotza aipatzen da. “Un poco de todo” atalak hainbat berri labur biltzen ditu aldizkaria amaitu aurretik, hala nola, 1921ean Olentzero lehiaketa bertan behera geratu izanaren arrazoiak, Hondarribia kaleko obrak, Gabonetako Loteriak Irunen saririk utzi ez izana eta Aduana ikuskariaren bisita aztertzen dira.