Ametsa Abesbatzak Oiasso Kameratarekin batera kontzertua eskainiko du ekainaren 19an

Ametsa abesbatza kultur elkarteak, elkartearen ohiko lan erritmoa berreskuratzearekin batera, bere egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat berreskuratu du. Ekainaren 19an Amaia Kultur Zentroan. Irungo jaietako beste ekintzekin gertatu bezala, azken bi urteetan ezin izan da kontzertua antolatu. Horregatik, Ametsako kideek aho batez adierazi dutenez, ilusio berezia egiten die aurtengo festetako hitzordua iragartzeak.

Kontzertua ekainaren 19an arratsaldeko 18:00etan egingo da Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak Irungo turismo bulegoan edo emanaldiaren egunean bertan antzokiko leihatilan lortu daitezke. Sarrera orokorrak 20 euroko prezioa du, bazkideentzat 12 euro eta 30 urtetik beherako gazteentzat eta haurrentzat 10 euro. Fernando Etxepare arduratuko da kontzertuaren zuzendaritza lanaz.

Betiko Ametsak eta Ametsa abesbatzak parte hartuko dute kontzertuan. Gainera, Irungo festekin loturik urtero Ametsa elkarteak antolatu ohi duen ezinbesteko hitzordu bihurtu da urteen poderioz. Kontzertuan Oiasso Kamerata musika taldea izango dute lagun. Javier Izaguirre Ametsa Kultur Elkarteko lehendakariordeak adierazi duenez kontzertuak bi zati izango ditu. Izaguirrek azaldu duenez, “emanaldiaren lehen zatian folklore musika eskainiko dugu eta, bigarrenean, aldiz, Olaizolaren Urte Leloak”. Kulturako lehendakariordearen hitzetan oso pieza bitxiak eta politak dira aldi berean eta uste du publikoarentzat entzuteko oso atseginak izango direla.

Itsasne Fernández Oiasso Kamerata taldeko kidea da. Itsasne Ametsako tailerreko irakaslea da gainera eta musikariak azaldu duenez, “ekainaren 3an lehen entsegua egin genuen eta oso ondo atera zen dena, izan ere, Fernandorekin lan egitea oso erraza da”. Javier Izaguirre lehendakariordeak azaldu du abesbatzek ia hiru hilabete eman dituztela kontzertu hau prestatzen. Urtez urte errepikatzen den hitzordua izanda, kontzertuaren itzulera oso arrakastatsua izatea espero dute Ametsako kideek.

Pandemiak errotik moztu zuen abesbatzen jarduera. Etenaldi behartuan abesbatzaren jarduera guztiz eten ostean, pixkanaka normaltasunera itzultzen ari da Ametsa. Javier Izaguirreren hitzetan, “kalera itzultzeko eta berriro kontzertuak emateko gogo handia daukagu”. Gainera, Itsasne Izaguirre tailer irakasleak gehitu duenez, oso garrantzitsua iruditzen zaio abesbatzako kideak lanean jarraitzeko gogoa izatea, antolatzen diren ekintzetara jendea animatzea oso ideia ona baita. Izan ere, kantarientzat kontzertuak motibazio handia dira, hobetzen saiatzera bultzatzen baitute jendea. Isabel Perez Ametsa elkarteko batzordekideak adierazi duenez, “pandemiaren ostean bada abesbatzara itzuli ez den jendea, baina itzuli direnek asko eskertu dute berriro kantatzeko aukera izatea”.

Urteurrenen urtea
Fernando Etxepare Ametsa elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “niri ilusio berezia egiten dit kontzertu hau eskaini ahal izateak gauza askoren urteurrenak betetzen direlako aurten. Izan ere, aurten 10 urte betetzen dira gaur egun elkarteko lehendakaria den Fernando Etxepareren aita hil zenetik. “Kontzertu honen antolaketa aita pertsonalki omentzeko erabiltzen ari naiz”, adierazi du Fernando Etxeparek. Gainera, Ametsaren lehendakariak azaldu duenez, orain dela 60 urte Fernando Etxepare aitak prestatutako obra da eta abesbatza berarekin abestu zuena, gainera. “Kontzertu horren grabazioa interneten dagoela badakit, baina ez da batere erraza hori topatzea”, gaineratu du Etxepare semeak.

Kontzertuan soilik Ametsa eta Betiko Ametsa abesbatzek parte hartuko duten arren, Fernando Etxepareren ustez elkarteko txikienen urrezko ezteiak ospatzeko balioko du. “Kontua da aurten haurren 50. urteurrena betetzen dela, eta parte hartuko ez duten arren, nik buruan dauzkat uneoro”, azaldu du lehendakariak. Gainera, kontzertuan Fernando Etxepare aitak Betiko Ametsa abesbatzarentzat propio prestatutako obra abestuko du abesbatzak berak, Etxepareren hitzetan Jon Aizpururen moldaketa “oso interesgarri eta xumearekin”. Era berean, kontzertuan Oiasso Kamerata lagun izango dute, Fernando Etxepare semeak bere ikasketak amaitu berritan Irunen sortutako Oiasso Musika taldearen bilakaera izan dena. “Egungoak nik hasitako musika taldearekin zerikusi gutxi duen arren, oso musikari diziplinatuak dira eta maila ona dute”, gehitu du Fernandok.

Ezerezetik normaltasunera
Covid-19aren pandemiak era nabarian eragin die abesbatzei. Abesbatzek ezin izan dute beren jarduera berreskuratu maskararen derrigorrezko erabilera eta gainontzeko murriztapen neurriak ia guztiz arindu arte. Ondorioz, kantari taldeei asko kostatu zaie erritmoa hartzea etenaldiaren ostean. Fernando Etxepare Ametsa Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “pandemiaren ondorioz uste nuena baino gehiago sufritu dugu guztiok”. Pandemiaren egoera egonkortu bada ere, Etxeparek azaldu du Ametsa abesbatzan ez direla guztiz Covid-19az ahaztu. “Kontuz ibili behar dugu, abesbatzan adineko jendea eta haurrak baitaude”, adierazi du elkarteko lehendakariak.

Ohiko normaltasuna guztiz berreskuratzeko apur bat falta bada ere, Ametsari ez zaizkio falta kontzertuak eta irteera proposamenak. Jaietako kontzertua elkartearentzat egutegian markatutako hurrengo data esanguratsua bada ere, Ametsak bestelako konpromisoak ditu. Udaran, pandemia iritsi arte egindako moduan, musika herrikoiarekin lotutako irteera bat egingo du Betiko Ametsa abesbatzak, ikasturtea amaitzeko. Era berean, hainbat grabazio eskaera ere jaso ditu, horietako bat Bartzelonarako meza baterako egindako bi grabazioak, bata latinez eta bestea euskaraz.

Txikiak ere musikaren erritmoan
Betiko Ametsa eta Ametsa Abesbatza elkarteko talde ezagunenak dira eskualdean eta baita eskualdetik kanpo ere, eskaintzen dituzten emanaldi guztiengatik. Hala ere, Ametsa elkartean etxeko txikienek ere badute lekua. Esaterako, 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin musikarako animazio goiztiarreko tailerra dute, hain zuzen ere, Itsasne Fernandezek gidatutako eskolekin. Era berean, ikasle gazteenek musika tailerrean eta abesbatza txikian parte hartzeko aukera ere badute. Udaran ere kantuak ez du etenik Ametsak udalekuak proposatzen baititu eta elkarteak lanean jarraituko du etorkizuneko kantariak bermatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude