Nayáde abesbatzak kontzertua eskainiko du urriaren 23an Bularreko Minbiziaren aurka

Nayáde abesbatzak kontzertua eskainiko du urriaren 23an arratsaldeko 19:00etan Irungo Amaia Antzokian. Nayáde abesbatzaz gain, Belen Sierra piano jolea, Mikel Zunzundegui biolontxelista eta Ainhoa dantza Akademiak parte hartuko dute emanaldian. Hainbat diziplinen fusioa eskainiko duen emanaldia prestatu dute.

Bularreko Minbiziaren Aurkako eguna dela-eta kontzertua antolatzea erabaki du Nayáde abesbatzak. Munduko Osasun Erakundeak urriaren 19an ospatzen du Bularreko Minbiziaren Aurkako eguna. Egun horren ospakizunaren bitartez detekzio goiztiarraren garrantziaz kontzientziatzea sustatu nahi da. Kontzertuan abesbatzak interpretatuko dituen abestiak Josune Lopezek egokitu ditu euskarara.

Ahotsa berotzen
Pasa den martxotik, Covid-19aren eraginagatik urtebete abestu gabe eman du Nayáde abesbatzak. Horregatik, abesbatzatik lanean jarraitzeko beste modu bat bilatzeko momentua iritsi dela ikusi dute. Izan ere, orain arte modu digitalean moldatu dira entseguak egiteko eta horrela sortu zen bideoklip bat grabatzeko ideia. Burutapena Irungo udaletxeko teknikariei azaldu zieten eta horri esker proiektuak aurrera egin du.

Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta emanaldiaz gozatzeko sarrera doakoa izango da. Hala ere, Amaia Kultur Zentrora sartu ahal izateko ikusleek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aurretik. Gonbidapenak ohiko lekuetan lortu ahalko dira, hau da, sarreren salmentarako Irungo Udalaren webgunearen bitartez edo Irungo Turismo Bulegoan. Horretaz gain, emanaldiaren egunean bertan gonbidapenak soberan egongo balira, Amaia antzokiko leihatilan banatuko lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude