Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bidasoan duen egoitzan pandemiaren ostean etendako zerbitzu eta jarduerak berreskuratzeko lanean ari dira elkarteko boluntarioak. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz eta errealitate berri honetara lehenbailehen egokitzeaz gainera, Irungo Foru kaleko 4. zenbakian kokatutako egoitzatik hiritarrentzat interesekoak izan daitezkeen jarduera berriak proposatzeko tartea aurkitu dute joan den urtean egoitzaren 10. urteurrena ospatu ostean.
Bidasoako Minbiziaren Aurkako elkartearen nobedade nagusietako bat Ibilaldi Osasungarriak izeneko ekimena da. Bizitza osasuntsua sustatu eta sedentarismoa saihesteko helburuz, asteartero Irungo egoitzaren aurrean gehienez 10 pertsonek osatutako taldeak biltzen dira hirian zehar 5 kilometroko luzera duten ibilaldiak egiteko. Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak argitaratutako ikerketa batek erakusten duenez, munduko biztanleriaren laurden bat, hau da, 1.400 milioi pertsona, gaixotasun kardiobaskularrak, II motako diabetesa edo minbizia pairatzeko arriskua dute haien bizi-estilo sedentarioak direla eta.
Konfinamenduan zehar eta ostean, portaera sedentarioak areagotu dira. Prebentzio arduradunak adierazi duenez, “konfinamenduan bi hilabete osoz geldirik egon gara eta sedentarismoarekin autsi eta berriro aktibatzeko modua topatu dugu”. Elkartetik antolatutako ibilaldiak hirian barrena izan ohi dira, sarbide errazekoak eta oztopo arkitektonikorik gabeak. “Ibilaldi Osasuntsuek oso harrera ona izan dute, astetik astera jende gehiago hurbiltzen da”. Horretarako, asteartero goizeko 10:00etan elkartearen egoitzaren aurrean elkartzen dira eta, eskaera handiaren ondorioz, talde bakarra izatetik, urritik aurrera ibilaldietarako bi talde antolatzen hasi dira.
Bien bitartean, Bidasoako Minbiziaren Aurkako Elkartean aurretik eskaintzen ziren zerbitzuak berreskuratu dira, esaterako, erretzeari uzteko laguntza kanpaina. Terapia aurrez aurre edo online egiteko aukera eskaintzen da. Lanketa bakarka edo taldeka egiteko aukeraz gainera, zerbitzua enpresetara zabaltzeko apustua egin da. Amaia Izetak azaldu bezala, “Beasaingo Indar enpresako langileekin terapia hasi berri dugu, aurretik sentsibilizazio kanpaina burutu ostean”.
Urriak 19, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Amaia Izeta elkarteko prebentzio arduradunak azaldu duenez, Minbiziaren Aurkako Elkartearen Bidasoako Egoitzatik, “Bidasoa eskubaloi taldearekin lankidetzan, kontzientziaziorako zenbait jarduera antolatuko dira urriaren 19ra arte”. Horrela, urriaren 9an Bidasoa klubeko bazkideen arten Minbiziaren Aurkako elkarteko bazkide egingo diren 50 pertsona lortzeko erronka hasi zuten.
Urriaren 16an, Zabaltza plazan elkartearen Bidasoako delegazioko boluntarioek maskarak, eskumuturrekoak eta zapi arrosak (Bidasoa klubak emandakoak) saltzeko eta elkarteko zerbitzuen berri emateko postua ipiniko dute. Hurrengo egunean, urriaren 17an, Bidasoak Bartzelonaren kontra Artalekun jokatuko duen partiduan ohorezko sakea Minbiziaren Aurkako elkarteko kide den Nora onkologiako pazienteak egingo du.
Azkenik, urriaren 19an, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean bertan, Irungo egoitzan Josune Ramiro drainatze linfatikoko tailerra eskainiko du arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Tailerrean nork bere hesgailua aldatzu eta drainatzea egiteko jarraibideak emango dira. Antolakuntzak jakinarazi duenez tailerra edukiera murriztuarekin egingo da.
Gaixotasuna zifretan
2019. urtean zehar Irungo egoitzan 164 pertsonei zerbitzua eskaini zien elkarteak, zehazki, 81 paziente eta 83 senideei. Guztira 586 saio psikologiko eskaini eta ongizate arloko 368 esku-hartze egin ziren. Prebalentzia datuei dagokienez, 1.222 kasu zenbatu ziren Irunen 2019. urtean, hau da, biztanleriaren %1,81a.
Etengabeko zerbitzua
Covid-19ak eragindako pandemiak ezustean harrapatu zituen Bidasoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko langile zein boluntarioak. Hala ere, zerbitzua era telematikoan eskaintzen jarraitzeko modua topatu zuten. “Koronabirusaz gain, minbiziak gure artean jarraitzen du eta aurre egin behar zaio”, Amaia Izetak azaldu duenez. Hortaz, elkarteko kideek arreta psikologikoko zerbitzuak, laguntzen kudeaketarako aholkularitza edo material ortopedikoaren mailegua erabiltzen jarraitzeko aukera izan zuten. “Normalean ospitaletik eskaintzen diren zerbitzu asko bertan behera gelditu ziren, beraz, gure jarduerarekin jarraitzea ezinbestekoa izan zen”, gaineratu du prebentzio arduradunak.
Uztailean Bidasoan Minbiziaren Aurkako Aste berezia prestatu zuen elkartearen Bidasoako ordezkaritzak eta, hainbat jardueren artean, bazkide berriak lortzen ahalegin berezia egin zen. Amaia Izetak adierazi duenez, “elkartearen helburuetako bat gaixotasunaren inguruko ikerketa sustatzea da eta, bazkide berriei esker, gaixotasunaren ikerketa sustatzeko ekintzak aurrera eraman ditzakegu”.
Egun elkarteak aurrez aurreko zerbitzu gehienak berreskuratu dituen arren, zenbait kasuetan arreta bideo-deien bitartez eskaintzen da. Amaia Izetak azaldu duenez, “paziente asko arrisku handiko taldekoak direnez, zerbitzuak era telematikoan eskaintzen jarraitzea ezinbestekoa da”. Gainera, konfinamenduan eta pandemiaren hilabete gogorrenetan zehar Covid-19 pairatu zuten familiei guztiz doakoa izan zen laguntza-plan berezia eskaini zitzaien, hau da, dolu zerbitzua, aholkularitza juridikoa, laguntza sozial, boluntariotza edo material ortopedikoaren mailegua eskainiz, hau da, minbiziaren presentzi arintzen laguntzen duten keinuak.