OKencasa: Mendekotasuna duten adinekoak zaintzen dituztenak babesteko programa

OKencasa etxebizitzan bertan mendekotasuna duen adineko senitarteko bat zaintzen duten pertsonei zuzendutako laguntza-programa da. Programaren helburua zaintzaileen bizitza-kalitatea hobetzea eta zainketa-lanaren eguneroko jarduna erraztea da. ‘Zaintzen dutenak zaintzen’ premisari helduta, OKencasak prestakuntza, antolakuntza-tresnak, laguntza psikosoziala eta zerbitzu erabilgarrietako abantailak uztartzen ditu, senide zaintzaileak laguntzeko.

OKencasa programa etxean mendekotasuna duten adineko senideak dituzten 1.000 pertsonari hedatu zaie, Zaindoo gailu mugikorretarako aplikazioaren bitartez. Horren bidez, harreman eta laguntza-bide bat sortzen da zaintzailearekin, eta efektu positiboak sortzen ditu bere ongizatean, nahiz eta zaintzaileak halako teknologiak inoiz erabili ez baditu ere. Cristina Laborda Ongizate arloko ordezkariak adierazi duenez, “une honetan funtsezkoa da adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei laguntzea”. Zentzu horretan, Iñigo Kortabitarte OKencasa ekimenaren bultzatzaileak gaineratu duenez, “Familia zaintzaileek egiten duten lan handia ikusaraztea eta aitortzea funtsezkoa da”.

Programa, funtsean, mendekotasuna duten senideak (dementziak, mugikortasun murriztua, osteoartrosia, hezurrak eta artikulazioak, bizkarrezurra eta bizkarra, osteoporosia, gaixotasun kardiobaskularrak edo zerebrobaskularrak, Parkinson-en gaixotasuna edo diabetesa) zaintzen dituzten pertsonei zuzenduta dago. Ongizate arloko Cristina Laborda ordezkariak azaldu duenez, “bizi dugun egoera zail honen ondorioz, gogor ari gara lanean pandemia hau gehien pairatzen ari diren kolektiboetako bati laguntzeko” eta Labordaren hitzetan proiektu hau “ezin hobeto” egokitzen zaio lan horri.

“Une honetan funtsezkoa da adinekoei eta haiek zaintzen dituztenei laguntzea”
Cristina Laborda, Ongizate arloko ordezkaria

Iñigo Kortabitarte ekimenaren bultzatzaileak azaldu bezala, “helburua zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea da”. Proiektuan parte hartzeko, beste betekizun batzuen artean, zaindu beharreko mendeko pertsonak mendekotasun-maila bat aitortua izatea beharrezkoa da. Plazak mugatuak direnez, aukeraketa bat egingo da betekizunak betetzen dituzten familien artean. Interesdunek 943 003 723 telefono-zenbakira deitu dezakete programaren baldintzen eta ezaugarrien berri izateko.

Zaindoo aplikazioa
OKencasa laguntza-sistemara sartzeko atea Zaindoo gailu mugikorretarako aplikazioa da. Horren bidez, interakzio-bide erraz eta efektibo bat ezartzen da zaintzailearen eta OKencasaren artean. Harreman horri esker, zainketaren eta zaintzailearen egoeraren eboluzioaren jarraipena egin daiteke. Zaindoori esker, zaintzaileak aurrez aurre eskuratzea zaila litzatekeen tresnak, baliabideak eta trebakuntza erabil ditzake.

OKencasak familian zainketa-lanak koordinatzen laguntzeko eta erantzunkidetasuna errazteko zenbait tresna ditu. Online prestakuntzaren bitartez, prestakuntza-pilulak eskaintzen dira senidea hobeto zaintzen ikasteko, bai eta nork bere burua efikaziaz zaintzeko ere, zainketak zaintzailearen osasun fisikoan eta emozionalean duen eragina arintzeko. Era berean, OKencasak laguntza modu ez presentzialean jasotzeko aukera ematen du eta hori bereziki garrantzitsua da COVID-19ak eragindako egungo egoeran.

Gainera, OKencasaren erabiltzaileek familia-zainketaren espezialista bat dute; haien babesa da, une konplikatuetan. Era berean, zaintzaileentzako erabilgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskuratzeko erraztasunak dituzte, fisioterapia, etxearen egokitzapena eta administrazio-kudeaketetarako lege-aholkularitza edo gestoria, baldintza ekonomiko onuragarrietan.

Beharrezko babesa
Hurrengo bi hamarkadetan zehar, baby boom-aren belaunaldiak 65 urte beteko ditu eta horrek esan nahi du Euskadin, urtero, 33.000 pertsona gehiago izango direla 65 urtetik gorakoen biztanleria-taldean. Faktore horrek eta bizi-itxaropen handiagoak eta gaixotasun neurodegeneratiboen gorakadak mendekotasuna duten adineko pertsona gehiago izatea ekarriko dute, eta horietako gehienak senideek zaintzen dituzte etxean.

Proiektuaren hastapenak
OKencasa 2018tik 2020ea programa pilotu gisa abiatu zen Donostiako 210 familia lagunduz. Orain, berriz, mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten 1.000 pertsona doan laguntzea da xedea. Hori lortzeko, Irunera, Pasaiara, Errenteriara eta Ataunera ere hedatuko da proiektua.

OKencasak baliozkotze zientifiko sendo baten berrespena du. Izan ere, UPV/EHUko adituek, Igone Etxeberria doktoreak zuzenduta, programaren efektu positiboak berretsi dituzte. Hau da, proiektuak zaintzaileen gainkarga murriztea, autoeraginkortasuna handitzea eta gogobetetasun handiagoa eragitea lortu baitu. Horretarako, 2019ko apiriletik 2020ko otsailera bitartean 210 familiarekin azterlan kliniko bat egin zuten. London School of Economics-eko izen handiko ikerlari Joan Costa i Fontek zuzendutako talde batek, bere aldetik, ziurtatu du OKencasaren metodologiak sistema publikoaren zenbait arlotan aurreztea dakarrela.

Hori dela-eta, OKencasak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bultzada eta Donostiako, Pasaiako, Errenteriako, Irungo eta Ataungo udalen inplikazioa ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude