Irungo Udalak Alarma Egoeran zehar udal jardueran eragina izango duten neurriak iragarri ditu

José Antonio Santano Irungo alkateak Irungo Udalak COVID-19aren pandemiaren bilakaera jarraitzeko osatutako komitearen barnean aste honetan hartu diren erabakiak jakinarazi ditu prentsaurrekoan. Irungo alkateak Alarma Egoeraren ezarpenaren ondorioz udal jardueraren garapena mugatuko duten irizpide berriak azaldu ditu. “Momentuko egoera dela eta pandemiaren zabalpena ekiditeko neurri berriak hartu ditugu”, azaldu du José Antonio Santanok.

Irungo alkatearen hitzetan, “Egungo araudia kontutan hartuta, udal jarduera ahal bezain beste mugatzeko irizpide orokorra jarraitu dugu”. Bide publikoan egingo diren eta jendea biltzea eragin dezaketen ekintzei dagokionez, ezinbestekoak diren ekintzak antolatzea eta baimentzea gomendatzen da. Ongizate arlotik eta haur, gazte eta adineko pertsonei zuzendutako ekintzen antolaketari dagokionez, egun eskaintzen diren zerbitzuak mantentzea eskatzen da, beti ere, pertsonen arteko segurtasun distantzia, eskuen higienea eta instalakuntzak maiz aireztatzen direla ziurtatuz gero.  “Neurri berri hauekin batera, biztanleria osoaren ardura beharrezkoa da osasun agintariek ezarritako arauak eta neurriak bete daitezen”, gaineratu du Irungo alkateak.

Udal jarduera dela eta egitekoak ziren lan bileren kasuan, bakarrik behar-beharrezkoak diren bilerak egitea gomendatzen da, modu telematikoan edo beste formulak erabiliz egin daitezkeen bilerak lehenetsiz. Aurrez aurreko bilerak saihestea ezinezkoa balitz, higiene eta distantzia segurtasun neurri guztiak bete beharko dira, beti udal espazioetako gehienezko edukiera gainditu gabe. Era berean, kide anitzeko udal organoen saioak ( Osoko bilkurak, informazio-batzordeak, arloko kontseiluak, …) berriro formatu erdipresentzialean egiteko lan egiten ari da.

Udal instalakuntzetan egiten diren jarduerei dagokienez:

Palmera Montero gunea: Egun martxan dagoen jarduera mantentzea aholkatzen higiene neurriak eta instalakuntzen gehienezko edukierak errespetatuz. Hortaz gain, ekintza berrien kopurua murriztuko da, behar-beharrezkoak ez diren ekintza horiek ekiditeko.

Kiroldegiak eta kirol instalakuntzak: Mota honetako instalakuntzen funtzionamenduan orain arte bezala jarraituko du, %50eko edukierarekin eta ikastaroetako taldeek gehienez 6 pertsona izan ahalko dituztelarik.

Adineko pertsonen zentro sozialak eta bizilagun elkarteen lokalak: Lokal hauetan eskaintzen den ohiko jarduerarekin jarraitzeko aukera egongo da, antolatutako ekintzetako parte-hartzea 6 pertsonetara mugatuta egongo delarik eta osasun eta higiene neurriak errespetatzea beharrezkoa izango delarik.

Espazio kulturalak (CBA, Oiasso, Amaia KZ): Ohiko jarduera mantentzea aholkatzen da, osasun eta higiene neurriak errespetatuz.

Ekitaldi zehatzak

COVID komiteak datozen aste eta hilabeteetan zehar egitekoak ziren ekitaldi zehatzak bertan behera uztea erabaki du. Adibidez, aurreko urtean zehar jaiotako haur irundarren familiei gorostiak oparitzeko larunbat honetan egitekoa zen ekitaldia bertan behera gelditu da. Hortaz, opariak etxera bidaliko dira. Bestetik, hemendik gutxira Gabonetako argiak pizteko ekitaldia antolatu ohi da urtero, baina, aurten ekitaldia bertan behera uztea erabaki da.

Larunbatetan Urdanibia plazan egiten den azokari dagokionez, orain dela gutxi komunikatu baten bitartez jakinarazi zen bezala, azokaren edukiera murriztu eta aste batetik bestera postuak txandakatu beharko dira. Domu Santuaren Egunean (azaroak 1) Udaltzaingoak eta Blaiak adostutako protokoloa jarraituz egingo da. Azaroko agenda kulturaleko ekitaldien inguruan, ondorengoa jakinarazi da:

Gaueko murgikortasun murriztapenak kontutan hartuta, zenbait emanaldiren hasiera ordutegia aurreratzea erabaki da, ekitaldi guztiak gaueko 21:00etarako amaitu daitezen. Adibidez, Luis Mariano elkarteko Lirikoak azaroaren 14 eta 15era programatua duen operetaren bi saioak arratsaldeko 19:00etan hasi ordez, 18:00etan hasiko dira. Gainera, azaroaren 13an Oiasso museoan egin behar zen Pez Mago kontzertua 19:30etan egingo da, 20:00etan hasi ordez. FICAB jaialdiaren itxiera saioan “La Momia” pelikularen emankizuna 18:00etan hasiko da eta ez 18:30etan. Ekitaldi hauen programazioa COVID-19aren zabalpena ekiditeko hartutako segurtasun neurriak errespetatuz egin da, udako emanaldietatik hona hartu diren neurriak errepikatuz: maskara erbailtzea derrigorrezkoa, gel hidroalkoholikoa, gehienezko edukierak, etab. Neurri horietara, ekitaldien hasiera ordutegiarekin lotutako nobedadea batu da orain.

Pandemiaren bilakaera eta indarrean dagoen araudia errespetatuz, neurri hauek gaurkotu eta aldatuko dira.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude