Irakurleentzako egun preziatua Irunen, Pio Baroja gogoan

Urtero moduan, apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Egunarekin batera, Liburu azoka antolatu da Irunen. Egun bakarrera mugatu gabe, asteburu osoan zehar literaturarekin lotutako ekintzak egin ziren Irunen. Zabaltza plazan ipinitako karpan liburuak erosteaz gain, hitzaldi, liburuen sinadura ekitaldi eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute irundar irakurleek. Azokan Elkarte eta Tinta Comics liburu dendek parte hartu zuten.

José Antonio Santano alkateak eskerrak eman dizkie hiriko kultura arloari eta idazleei Liburuaren Eguna ospatzeko hain programa zabala sortzeagatik. “Aurtengoa berezi samarra da guretzat, Pio Baroja jaio zela 150 urte betetzen baitira”, azpimarratu du José Antonio Santanok. Irungo alkatearen arabera, Pio Barojarekin zor bat izango du beti, berari esker XX. mendeko idazlerik onenetako bat izan baitzuen hiriak. “Baroja, gizon eta emakume unibertsal askorekin gertatzen den bezala, erroak askatasunez izatea erabaki zuen idazleetako bat izan zen, eta Bidasoko biztanle egin zen, “El Pais del Bidasoa” aurkitu, eta hori Bidasoko Errepublika Independente bihurtu nahi izan baitzuen”. Alkateak aurreratu duenez 2022. urtea amaitu aurretik idazle bidasotarra gogoratzeko hainbat ekintza egingo dira hirian.

“Aurtengoa berezi samarra da guretzat, Pio Baroja jaio zela 150 urte betetzen baitira”

José Antonio Santano, Irungo alkatea

Marian Mateos Irungo Udaleko Kultura teknikariak adierazi duenez Liburuaren Azokak aurreko urteetan izandako ereduari eutsi dio. “Orain dela pare bat urte Irungo Liburu Azokaren eredua zabaltzeko aukera izan genuen eta ordutik horrela egin da”. Gainera, musukoa espazio itxietan erabiltzera behartzen zuen legea desagertu berri denez, Materos teknikariak uste du askatasun berri horrek azokan antolatutako jarduerak bultzatzeko balio izan duela.

Proco Gómez
Ahal dudan guztietan gustatzen zait Irungo Liburu Azokara hurbiltzea, horrelako ekitaldiek garrantzi handia dutela uste baitut. Karparen erdian dagoen erakusketaren bidez, Pio Barojaren liburuak gogoratzen aritu naiz, denoi eskolan irakurrarazi zizkigutenak, eta adin hartan astun samarrak izan zitezkeela ondorioztatu dut. Hala ere, ez dut uste paperezko liburuak irakurtzeko ohitura galdu behar denik.

 

 

Yolanda Allende
Triste samarra iruditu zait Irungo azoka bi liburu dendaz osatuta egotea. Lehen behintzat Brönte izeneko bat zegoen, baina zoritxarrez itxi egin behar izan zuen. Horiek bezalako liburu dendak ezinbestekoak iruditzen zaizkit, beren irakurketa klubaren eta lanaren bidez argitaletxe berriek argitaratutako lanak proposatzen baitzituzten, eta hori oso beharrezkoa da. Tinta Comicsen postua asko gustatu zait bere eskaintza ezberdinagatik, izan ere, Elkar dendaren alboan bizi naiz eta oso ohituta nago bere erakusleihoa begiratzera.

 

Mamen García
Irungo Liburu Azoka oso interesgarria iruditu zait. Pandemiari esker uste dut asko garela irakurtzeko ohitura berreskuratu dugunak. Nik egoitza batean egiten dut lan eta denbora honetan asko sufritu dugu, baina irakurketak dena hobeto eramaten lagundu digu. Azokara irakurtzeko liburu berri baten bila etorri naiz, baina oraingoz ez dut ezer aurkitu, uste dut asteburuan eskaintza berritzen joango direla.

 

Aimar Rodríguez
Funtsezkoa iruditzen zait, bai orain bai urte osoan zehar, literatura eta irakurketa sustatzeko jarduerak egitea. Ni alabarekin hurbildu naiz azokara; izan ere, txikitatik irakurtzearen garrantzia irakatsi nahi izan diogu, sormena edo irudimena bezalako beste alderdi batzuekin batera. Oso ideia ona iruditu zait tailerrak antolatzea, txikienei liburuen mundua erakargarriagoa izan dakien.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude