“Bizitzako gauzarik onenak doan”

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Besarkada bat, adiskideak

 

1)Besarkada bat, adiskideak,
barre alaienak,
amets, maitasun, muxu, familia
eta oroimenak.
Doan direla diote
bizitzan gauza onenak…
Ikus dezagun benetan
hala ote diren denak.

 

2) Ez da erraza besarkadekin
egitea herren
baina badago lortzen duenik
zaila izan arren
estutu gaiztorik ez da
utziko zaitu pozarren
esku artean aiztorik
baldin eta ez dakarren.

 

3) Gizakia da animalia
interesatua
zilborrari so bizi beharra
da gure patua
laguntasun ugari da
ertz horretxek urratua
ederki hasiagatik
penagarri bukatua.

 

4) Irriak irri, barreak barre
algarak algara
poza horien araberako
kontua al da ba?
Nahiz karkailaz jo daitekeen
zorionaren aldaba
grazia gutxi egiten du
gure bizkar baldin bada.

 

5) Ametsa aske eta doako
dugu, alajaina!
Eta egia bihurtzen saia
gintezke, bai, baina
beti ez da erdiesten
amestutako ordaina
sistema honek ez baitu
gu guztiontzako haina.

 

6) Maitasunari buruz hainbeste
dago esateko…
Sorta osoa dedikatuta
akaso hobeto
gorrotoak, maiteminak,
frustrazioak tarteko
ifrentzu txarra du txanpon
horrek doan izateko.

 

7) Muxuak eman soilik onartu
nahi dizkizun hari
gehien behar den unean edo
noizean opari
erne! Eskuraezinak
ere badira eta adi!
Halakoetan eman “pa”
baina zeure buruari.

 

8) Gaur “familia” aipatzen duen
hark zertaz dihardu?
Batzuk erosi nahian dabiltza
beste batzuk saldu
guk onartu behar dugu
edota familiak gu?
Pagotxa izan daiteke
bietatik baldin badu.

 

9) Oroimen txarrek egiten dute
pertsona nahasi
irudikortu, lotsagorritu
ta damuarazi
morrontza horretan ezin
zorion betean hazi
onartu eta haiekin
elkarbizitzen ikasi.

 

10) “Bizitzan gauza ederrak doan”
esaten da hala
salbuespena garrantzitsua
ez balitz bezala
argiune bakoitzeko
loratu denez itzala
kontuak norberak egin
edo desegin ditzala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude