Irungo Udalak homofobiari eta xenofobiari aurre egiteko kanpaina diseinatu du

Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak homofobiari eta xenofobiari aurre egiteko «Maitasunak gorrota garaitzen du» kanpaina aurkeztu du. Ekimena parte-hartze bidezko aurrekontuetako proposamen baten ondorioa da, eta hiri guztian egongo da presente datozen asteetan, izateko eta maitatzeko modu guztien aldeko errespetua sustatzeko.

«Gertuko eta zuzeneko mezu irisgarri bat bilatu dugu, mezua adin guztietako herritarrenganaino irits dadin, herritarrek eta jaietan gurera datozenek beren aurreiritziei buruz hausnar dezaten, eta estereotipoak baztertzea beharrezkoa dela uler dezaten. Kanpainak ondo baino hobeto dioen bezala, aurreiritziek eta desberdina edo ezohikoa den horren kontrako gorrotoak gizartea zatitzen dute, baina, azkenean, gozamen eta maitasun beharrak gorroto hori gainditzera eta aurreiritziak baztertzera garamatza. Eta Udalak hiri-espiritu hori sustatu nahi du: guztiontzako lekua duen hiri bat, pertsona guztiek diren hori izan eta aske maitatzeko aukera duten hiri bat», adierazi du Echevestek.

Horrela, Ibai Armentia argazkilariarekin elkarlanean, kanpainaren ikur izango diren sei argazki hautatu dira. Irudi horien protagonistak honako hauek dira: bi emakume lesbiana, bi gizon gay, polimaitasunezko harreman batean dauden hiru emakume, harreman heterosexual batean dauden gizon eta emakume transexual bat, harreman heterosexual batean dauden gizon eta emakume zis bat, eta bi pertsona ez binario.

Sei argazkietan dibertsitatea erakusten da, eta ez bakarrik etniari, arrazari edo LGTBIQ+ kolektiboari dagokionez, beren lekua baitute dibertsitate funtzionala dutenek eta adinkeriaren kontra borroka egiten dutenek ere. Helburua erreferenteak ikusgai jartzea da, estereotipoak atzean uzteko.

Askotariko euskarriak

«Maitasunak gorrotoa garaitzen du» kanpaina hainbat euskarriren bidez zabalduko da. Alde batetik, L2 lineako autobusak ekimenaren irudiekin apainduta ibiliko dira ekainaren 20tik uztailaren 10era; ondoren, auzoetan jarriko dira argazkiak, kale-euskarrietan, udan, eta Udalaren sare sozialetan argazkiak zabalduko dira, izateko eta maitatzeko deskribapen laburrez lagunduta.

Kanpaina osatzeko, dibertsitatearen aldeko apar-festa bat egingo da ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, San Juan plazan, eguerdiko 12:00etan. Sei apar-kanoik ostadarraren banderaren koloreak botako dituzte, hiria kolorez beteko dute eta Udaletxeko banderaren presentzia indartuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude