Argazkiak: Estudio Gover
Ekainaren 7an Basque Corner tabernarentzako aro berri bat hasi zen. Irungo Kale nagusia ostalaritza establezimenduetarako erreferente bat da aspalditik, eta Eneko Mitxelenak ireki berri duen tabernari esker horrela izaten jarraitu du denbora luzez. Eneko Mitxelenak ostalaritzan lan egindako urte luzeetako esperientzia lagun izango du abentura berri honetan. Taberna berri honen eskaintza eta informazio garrantzitsu guztia @basquecorner_Irun kontuan kontsultatu dezakezue.
Inaugurazio festa ekainaren 7an ospatu zen eta irekierak Kale Nagusia eta Foru kalea jendez betetzea lortu zuen. Eneko Mitxelena Basque Corner tabernako jabe berriak adierazi duenez, “asko poztu nintzen inaugurazio festara jende ezagun asko hurbildu zelako”. Pintxo eta edariak ez ziren faltatu merezitako ohore guztiekin Kale Nagusiko maizter berria agurtzeko. Kalea girotzeko musikak ere ez zuen hutsik egin. Gauerdi txarangaren erritmoan kopa, plater eta edalontzien dantzak ez zuen etenik izan. “Urte luzez txaranga bereko musikaria izan naiz ni eta eskertu behar diet irekitzen dudan establezimendu bakoitzera jendea erakartzen lagundu didatela”, azaldu du ostalariak.
Irekiera eguneko urduritasunak gaindituta, Eneko Mitxelenak azaldu du denbora luzea zeramala Irunen beste ostalaritza establezimendu bat hartzeko intentzioarekin. “Urteak behar izan ditut nire eskuetatik igaro diren proposamen guztiak aztertzeko, baina orain arte beti pausua ez emateko aitzakiaren bat aurkitu dut”. Basque Corner taberna hartzeko aukera proposatu ziotenean, ordea, ostalariak onartu du ez zuela bitan pentsatu. “Uste dut Irunen Kale Nagusia eta bere inguruak ospea dutela eta hori gehigarri bat da”, azaldu du ostalariak. Gainera, Eneko Iñaki Galarzaren laguna da, aspaldi taberna bereko jabe izandakoa, eta Enekori lasaitasuna ematen dio beraiek bere garaian taberna aurrera ateratzea lortu zutela jakiteak.
Enekok 17 urtetako esperientzia du bizkarrean. Esperientzia horren zati handi bat Irungo Zabaltza plazan kokatutako Don Jabugo tabernan eskuratu du. Zonalde aldaketak beldur apur bat eragiten diola onartu du ostalariak, izan ere, ez du ondo ezagutzen Kale Nagusian lan egiteko era nolakoa den. “Zabaltza plazan ez bezala, eremu honetan gaueko giroa ere landu behar dela onartu behar izan dut”, adierazi du Basque Corner tabernako jabe berriak. Eneko Mitxelenak gaineratu duenez, “urteak dira gaueko bezeroekin lan egiten ez dudala, baina giroa tabernaren atean bertan izango dugula aprobetxatu beharko dugu”. Gainera, Eneko Mitxelenak azaldu duenez “konturatu gabe” oso lan talde ona osatu du eta ziur dago Basque Corner taberna aurreratzeko trebezia izango dutela.
Eneko Mitxelenak Kale Nagusian tabernak dauzkaten gainontzeko ostalariekin duen harreman ona azpimarratu du: “Imasde” tabernako Jorgerekin, Manoloko Jose Marirekin, Gaztelumendiko Antoniorekin edo Sargiako Josebarekin oso harreman ona dut”. Beraz, gainontzeko ostalariak ezagutzen dituenez eremu berri horretan zuhurtziaz murgildu nahi duela adierazi du. “Gauzak ondo egin nahi ditut, baina inguruko lankideekin harreman ona izaten jarraitu nahi dut”, gehitu du Basque Cornerreko buruak.
Sinpletasunak ezkutatutako ukitu berezia
“Hemendik aurrera Basque Cornerrera hurbiltzen direnak irribarre batekin jasoko ditugu”, adierazi du Eneko Mitxelenak. Bezeroek bokata goxoen eta errazio ederren artean aukeratu ahalko dute. “Besteengandik bereizteko gauzatxoak ekarriko ditugu, baina ez dugu burua gehiegi hautsi nahi”, adierazi du Kale Nagusiko ostalari berriak. Eneko Mitxelenak azaldu du lagun batek emandako aholkua jarraituko duela horretarako, bere ustez gauza gehiago egiteak ez duelako esan nahi gauzak hobeto egingo dituzunik. “Kalitate ertain-altuko produktuekin lan egingo dugu eta lana aurrera ateratzeko sekretu bakarra hori da”, azaldu du ostalariak.
Basque Corner tabernan bezeroari eskainiko zaion arreta asko zainduko dute. Bestetik, seguru Sanmartzial festek ostalaritza establezimendu berri honi bidea irekiko diotela. “Sanmartzialetan lan asko egingo dugula esan digute, beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den jaien ostean”, adierazi du Enekok Basque Cornerreko gidariak etapa berri honen hasieran.