Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, ostegunean, martxoaren 9an, Meazuriko meatzeetan barrena eginiko bidaia aurkeztuko dute Manu Miguelezek, Jon Villafrancak eta Raúl Martínezek. “Zure abenturaren bila” programaren barruan egingo da aurkezpena, eta Dark Red Team argazkilaritza-elkartearen laguntza izan dute. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZn.
“Meazuri. Iragana, oraina eta geroa” izenburupean, protagonistek Meazurin eginiko bidaia azalduko dute. Irugurutzetako meatze inguruetako galeria bat da Meazuri, Aiako Harrian kokatua. Hitzaldia gaztelaniaz egingo da, eta aurkezpen batek eta saio amaierako hizketaldi batek osatuko dute. Sarrera librea da, tokia bete arte.
Irugurutzetako meatzeak
Irugurutzetan, Aiako Harrian, dago burdin karbonatoa kiskaltzeko Gipuzkoako labe bateriarik handiena, Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat. Eremu horretan meategiak ustiatu dira Burdin Arotik. Erromatarrak ere aritu ziren bertan, eta irekita jarraitu zuten Erdi Aroan eta Aro Modernoan ere. Meatzaritzako jarduera handiena aro garaikidean gertatu zen, XX. mende hasieran.
«Zure abenturaren bila»
Bidaiei buruzko programa honetan gonbidatuak bere bizipenak, esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko grina kontatzen ditu, abenturaren irudiez lagunduta. Askotariko esperientziak aurkeztu dira: Antartikako espedizioak, munduko mendi garai eta zailenetako bidaiak, baita askoz gertuago dauden lekuetako proiekzioak ere.