“Zure Abenturaren bila” programak Islandia basatienean barrena bidaiatzeko aukera eskainiko du ostegunean

Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Igone Mariazkurrenak Islandian barrena egindako bidaia aurkeztuko du. «Zure abenturaren bila» programaren barruan izango da, ostegun honetan, otsailaren 23an. Hitzordua 19:30ean izango da, Irungo Amaia KZn.

«Westfjords: Islandia ezezagunean bizikletaz», izenburupean, gonbidatuak bizikletan egindako bidaia kontatuko du. Westfjords-en izan zen, Islandiako eskualderik latzenean. 7.000 biztanlera ere ez da iristen 22.270 metro karratuko lurraldean barreiatuta bizi den populazioa, eta arrantza eta abeltzaintza dira jarduera ekonomiko nagusiak.

Westfjords, Islandiaren aurpegi ezkutua

Zirkulu polar artikotik 50 kilometro eskasera dago Westfjords eskualdea, eta oso klima aldakorra du: iragarrezina, haizetsua eta hotza urte guztian. Eremuko errepideen erdiak baino gehiago asfaltatu gabe daude, eta horrela eskualdea altxor natural bat da, ingurune basatia eraldatu gabe dago eta ez da turista askorik etortzen. Pedalei eragiten zeharkatuko dugu eskualdea, geure kabuz. Zalantzarik gabe, erronka itzela izango da bai gorputzarentzat, bai buruarentzat.

«Zure abenturaren bila»

Bidaiei buruzko programa honetan gonbidatuak bere bizipenak, esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko grina kontatzen ditu, abenturaren irudiez lagunduta.  Askotariko esperientziak aurkeztu dira: Antartikako espedizioak, munduko mendi garai eta zailenetako bidaiak, baita askoz gertuago dauden lekuetako proiekzioak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude