Aurreko urteetan egin bezala, Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea auzoko karriketatik kantatzera irtengo da. Horrela, auzotarrak eta kantatzera animatzen edonor taldera batzera gonbidatzen dituzte. Aurten ere Urtezahar pertsonaia auzotik eraman ostean, San Juan plazan erreko dute abenduaren 31ko eguerdian.
Auzo elkarteak abesbatza herrikoi eta belaunaldiartekoa da, non garrantzitsuena tarte on bat pasatzeko gogoa izatea den. Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteko bizilagunek urtea kantatuz eta Urtezahar pertsonaia erretzen bukatuko dute, urteak ekarritako gauza txar guztiak erre eta atzean uzteko.
Abenduaren 31n kantatzen ateratzeko asmoa dutenentzako entsegu orokorra deitu da abenduaren 30erako, datorren ostiralerako, arratsaldeko 19:00etarako. Entsegua Milagrosako Kaperan egingo da. Hurrengo egunean, taldea 11:15ean aterako da Xantalen baselizatik eta 14:00etan San Juan plazan amaituko dute ibilbidea. Bien bitartean, auzoko hainbat kaleetan barrena ibiliko dira urte amaierako ohiko koplak abesten. Era berean, ibilbidean zehar trikitilariak izango dituzte, dantzatzeko aukera emango dutenak.
Urtezahar
Auzoko adinekoek gogoratzen dute duela urte asko Irunen panpina bat prestatzen zela urteko gauza txar guztiak irudikatzen zituena. Herri osoan zehar “Dios te Salbe” abestuz joaten ziren eta San Juan plazan bukatzen zuten panpina erretzen urte berria energia berrituekin hasteko. 2021ean ohitura hori berreskuratu zuen Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak, pandemia betean, orduko bolada txarreko alderdi txar guztiak erretzeko. Aurten, Urtezahar auzoko karriketan barrena ibiliko da berriro, eta kutxa batean bilduko ditu erre eta atzean utzi nahi diren gauza txar guztiak.