Gizarte Ongizate arloak jakinarazi du aste hauetan abian jarri dela adinekoentzako isolamendua prebenitzeko urteko programa. Azken urteotan aurrera eramaten ari da ekimen hau, eta, batik bat, udalerrian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako adinekoentzako da.
“Inor atzean ez uzteko ahaleginean, isolamenduaren prebentzio-programan inplikatuta jarraitzen dugu. Ekimen honen helburua bakardade-egoera ahalik eta ondoen eramaten laguntzea da, ez baita atsegina eta ez baita desiragarria gure hirian egoera horretan dauden pertsonak egotea. Programa honek udal zerbitzuak hurbiltzen eta balizko kalteberatasun egoerak antzematen laguntzen digu”, adierazi David Nuño ordezkariak.
Programa horren bidez, Gizarte Ongizate arloan dagoen informazio guztia ematen zaie pertsona horiei. Aurten, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako 298 lagun bildu dira programara, eta, batez ere, horiek jasoko dute gutuna, programa horretara sartzeko aukera azalduko diena. Urteko lehenengo zati honetan, 149ekin jarriko da harremanetan, eta bigarren seihilekoan, gainerakoekin.
Programa abian jartzeko, gutun bat bidaltzen da, eta asmoa da idatzizko komunikazio horren bidez pertsona horiek programaren xehetasun gehiago jakitea, eta, era berean, gehiago jakitea udalak adinekoentzako baliabideen gaian bultzatzen dituen gainerako ekimenei buruz ere. Gutun hori jasotzen dutenean, programa horretarako kontratatutako psikologo bat harremanetan jarriko da pertsona horiekin, elkarrizketa pertsonal bat egiteko hitzordu bat jartzeko. Pertsonak bisita hori nahi ez badu, jakinaraz dezake aurretiko dei horretan edo gutunean adierazten zaion telefonora deituta.
Pertsona gehiagorengana iristeko errefortzua
Iaz bezala, aurreko urteetan –kasu honetan 2019an– arrazoia edozein izanik ere programa horretan parte hartu ez zutenei ere bidaliko zaie gutun hori, zeren denbora pasa baita eta interesatuta egon bailitezke. “Pertsona horien egoera agian aldatu egin da. Horregatik, uste dugu interesgarria litzatekeela berriz ere aukera eskaintzea gutxienez zer baliabide dauzkagun jakin dezaten eta, nahi badute, laguntza horiek jaso ditzaten”, adierazi dute Gizarte Ongizatetik.
Urtero, programa horretako zati esanguratsua izaten da tailer espezifiko bat egitea isolamendu sozialaren arrisku-egoeran daudela antzemandako pertsonekin lan egiteko. “Trebetasun kognitibo eta sozialak sustatzea” izenburuarekin, Iraso zentro sozialean, Palmera Monteron eta Lekaeneko apartamentuetan egiten da tailerra.
2022an
2021ean harremanetan jarritako guztietatik, 104 lagunekin egin da elkarrizketa (74 emakume eta 30 gizon); 71, beren etxeetan, eta 33, Palmera Monteron. Elkarrizketatuen % 56,03k une horretan beharrak aseta zituzten; % 3,44ek narriadura kognitiboa izan zezaketen, eta % 20,68k, harreman sozialen falta.