2025eko Sanmartzialak intzidentzia aipagarririk gabe eta marka guztiak apurtuz igaro dira

Irungo Udalak gaur goizean San Pedro eta San Martizal jaien oso balorazio positiboa egiten du. Jaiek inoiz baino dimentsio handiagoa izan dute, egun gehiago iraun baitute jai giroko ekintzek, eta marka guztiak hautsi dira askotariko 150 jarduerarekin baino gehiagorekin, erdigunean eta auzoetan programatuak. Udalak nabarmendu duenez, segurtasuneko dispositibo bereziak aurreikusi bezala funtzionatu du, eta jaietako ekimenak normaltasunez egin ahal izan dira, gizalegezko giroan

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «balantzea oso positiboa da, jende ugari bildu da antolatutako ekitaldietara, ez da intzidentzia aipagarririk egon eta inoiz baino jaiegun gehiago izan ditugu, Errege Koparen finalari esker. Horrela, ia ekain osoan izan ditugu jarduerak, eta jai giroa lau asteburutan luzatu da».

Jaien balorazioa egiteko agerraldian, alkatearen ondoan egon dira Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkaria, Borja Olazabal Kiroletako ordezkaria, Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkaria, Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkaria, Sandra Caballero Hezkuntzako eta Gazteriako ordezkaria, eta Maite Cortina Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkaria.

Programa zabala

Jai-programazioan denetarik egon da: musika, kultur eta kirol-proposamenak, ekitaldi sozialak eta askotariko ekimenak hiriko plaza, kale eta auzoetan barrena, publiko, adin eta gustu guztietarako. Ildo horretan, herritarren erantzuna bikaina izan da, hala parte-hartzeari nola presentziari dagokionez, proposatutako ia jarduera guztietan.

Irungo Udalak eskerrak eman dizkie hiriko elkarteei, aurten ere lan itzela egin dutelako sanmartzialetako jarduerak antolatzen. Era berean, Udalak martxan jarritako makineria aipatu dute, arloen arteko koordinazio eta elkarlan aktiboari eta brigaden eta teknikarien lanari esker, erantzun egokia eman baitzaie jaien dimentsio handiagoak ekarritako erronkei.

Udalak nabarmendu duenez, segurtasuneko dispositibo bereziak aurreikusi bezala funtzionatu du, eta jaietako ekimenak normaltasunez egin ahal izan dira, gizalegezko giroan. Arloak bereziki nabarmendu du Babes Zibileko boluntarioen lana, haien presentzia eta konpromisoa funtsezkoak izan dira, bai eta Larrialdietako teknikari berriarena ere. Horrez gain, Udalak udaltzainen ahaleginak eta ardura ere aintzatetsi ditu: lan txanda gogorrak izan dituzte eta presente egon dira une oro, segurtasuna bermatzeko, prebentzioz jokatzeko eta edozein arazori aurre egiteko.

Intzidentziei dagokienez, jende pilaketa handietan gertatu ohi direnak erregistratu dira, hala nola ebasketak, objektu pertsonalen lapurretak, liskarrak edo mozketa arinak.

Bestalde, Cristina Laborda alkateak egun hauetan guztietan jaietako ekitaldietan izan diren pertsona ugarien jokaera egokia, elkarlanerako borondatea eta gizalegea goraipatu ditu, errespetuz eta bizikidetzaz jokatu baitute. Jaien hasiera ofiziala Ezezagunok Antzerki Taldeak emandako agur hunkigarri eta zirraragarria izan zen. Hemezortzi urteko ibilbidea dute antzerkian, eta talentu handia, jaso dituzten sariak dira horren erakusgarri.

Publiko guztientzako programazioa

Maila bikaineko kontzertuak egin dira Irunen, beste behin ere. Besteak beste, Fangoria (14.000 ikusle), Jamaica Show (6.000 ikusle), Gatibu, Süne, Judeline edo Ladilla Rusa (azken hauek, 3.400 eta 4.500 ikusle, hurrenez hurren). Jendetza bertaratu zen musika-proposamen hauetaz gozatzera. Gainera, esan behar da programatutako 156 jardueretako bakarra geratu zela bertan behera: Puro Relajoren kontzertua izan zen, ekaitzen alerta laranja dela eta.

Aurten ere, askotariko jarduerak programatu dira, publiko guztiei zuzenduak. Oso harrera ona izan dute, batik bat, adinekoei zuzendutako ekimenek, hala nola Ficobako bazkari-omenaldia, Ttipi Ttapa irteera, binakako ibilaldi neurtua, espazio sozial guztietan egindako sanjoanetako festa edo Zabaltza plazako dantzaldia, 300 eta 700 parte-hartzaile baino gehiagorekin, hurrenez hurren.

Aurten, indartu egin da Gazteguneko gazte eta nerabeentzako eskaintza berezia (4.800 ikusle), zeinak oso harrera ona izan duen, bai eta haurrentzako animazioa eta puzgarriak ere, hiriko zenbait puntutan egon baitira presente. Aurreko urteetako parte hartzea gaindituta, nabarmentzekoak dira gaming txapelketa, Iruntxef edota flashmob-a bere parte hartze handiagatik, baita Kiliki eta Maria Escarmientoren kontzertuak ere.

Sarrera guztiak agortu ziren zenbait ikuskizunetan, hala nola Doña Francisquita zarzuela, Náyade abesbatzaren Iraganetik Hona kontzertua edo Uranzu frontoiko pilota partida. Gainera, San Martzialeko igoera atletikoak inoizko parte-hartzaile gehien izan du, 158 korrikalarirekin.

Aurreko urteetako apustu batzuk ere berretsi dira, hala nola Puro Relajo, oholtzatik kanpo jotzen jarraitu baitzuten, inprobisatuta, Jamaica Show edo bakarrizketak. Azken horiek jendetza erakarri dute eta, herritarren eskariei erantzunda, ordutegia aurreratu zaie.

2025eko edizioko berritasunak

Bestalde, Irungo Udalak familiek aurtengo berritasunetako bati eman dioten harrera bikaina nabarmendu du, buruhandi eta erraldoien egunak zabaltzeko erabakia, hain zuzen, jaien hasiera ofizialaren aurreko asteburuetan. Oso harrera ona izan dute, haurrentzako beste proposamen batzuek bezala, hala nola kalejirak edo zezen puzgarrien entzierroa. Beste berritasun bat ekainaren 14rako programatutako Txaranga Eguna izan zen. Lau txaranga bildu ziren, eta oso harrera ona izan zuen, batik bat gazteen aldetik.

Jai hauetan, gainera, abian jarri da mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma, aurretik izena emanda. Hurrengo edizioetan ere mantenduko da, zerbitzu zabalago batekin, behar guztiei erantzuteko. Aipagarria da, halaber, ferietan musikarik gabeko egun batzuk programatu zirela, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonek eta hipersentsibilitate sentsoriala dutenek ere haietaz gozatzeko aukera izan zezaten.

Aurtengo beste berritasun bat Irungo armarria zeramaten hiriko bandera ofizialak izan dira. Berrehun inguru instalatu dira hiri osoan barrena, eta oso harrera ona izan dute. Horiei, gainera, banderatxo zuri, gorri eta beltzen 9.800 metro linealak gaineratu behar zaizkie.

Gizarte Ongizateko arloak koordinatzen duen adikzioak prebenitzeko dispositiboari dagokionez, aipatu behar da behar bezala funtzionatu dutela alkoholaren kontsumoaren arriskuez ohartarazteko jarduerek, 500 gaztek baino gehiagok parte hartu dutelarik. Era berean, kanpaina berri batean, edalontzientzako 15.000 estalki banatu dira sumisio kimikoa prebenitzeko. Oso harrera ona izan du ekimen horrek jai giroko eremuetako tabernetan.

Indarkeria sexistaren biktimei arreta eta laguntza emateko zerbitzuari dagokionez (psikologo aditu batek kudeatutako telefono morea), ez da arreta behar zuen dei bakar bat ere jaso, ezta puntu moreetan ere. Boluntarioek etxera laguntzeko zerbitzua eskaini zen puntu moreetan, baina ez zen laguntza hori jasotzeko eskaerarik erregistratu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude