Caser Residencial Anaka Sanmartzialen ospakizunean murgilduko da

Ekaina iristearekin batera, Caser Residencial Anaka jaiz jantzi da San Pedro eta San Martzial ospakizunekin bat egiteko. Egoitzako gelak garai seinalatu horietako kolore bereziekin apaindu dira: zuria, gorria eta beltza. Gainera, hilabete osoan zehar jarduera-programa oso bat diseinatu da, jai giroa egoitzako txoko guztietara eramateko.

Ohorezko protagonistak dituen festa

Ohitura denez, aurten Caser Residencial Anakak bere kantinera eta sarjentua aukeratu zituen egoiliarren artean jaiak ospatzeko, eta protagonismo berezia izan dute hauek. Lola Apalategui kantinera (101 urte) eta Bautista Amores (89 urte) sarjentua aukeratu zituzten.

Lola Apalategik Sanmartzialak bizi izan ditu Irunen, hain zuzen ere Uranzu kalean, jaio zenetik. “Amak Alardea ikustera eraman ninduen bi hilabete besterik ez nituenean, eta horrela hasi nintzen festa hau maitatzen”, gogoratzen du Lolak emozioz. Bestalde, Bautista Amores, Grajal de Campokoa (Leon), Irunera etorri zen bizitzera 33 urte zituela. “Nik ez dut inoiz alardean desfilatu, baina sanmartzialak beti iruditu zaizkit festa polita”, dio. Biek ala biek oroitzapen atsegina dute ‘korrekalletan’ zein ondo pasatzen zuten, nahiz eta Lolak beti sentitu izan duen Villarrobledoren dianarekiko sentimendu berezia.

Lola eta Bautistarentzat, 2025eko sanmartzialak ahaztezinak izan dira. Kantinera eta sarjentu gisa betetzen zuten paperak arretagune bihurtu zituen hilabete osoan zehar. Ekainaren 14an, larunbata, Alarde Tradizionaleko San Migel konpainiaren bisita izan zuten. Konpainiako kideekin batera, egoitzaren inguruko kaleetan eta zentroko solairuetan zehar desfilatu zuten. “Eguraldi ona lagun, egoiliar eta lagun asko hurbildu zitzaizkigun desfilatzera, eta hori asko gustatu zitzaigun”, azaldu zuen Bautista Amoresek. Lolaren ustez, unerik hunkigarriena konpainiak bere izena zuen banda eman zionean izan zen. Keinu horregatik oso eskertuta sentitzen da.

Baina hori ez zen hileko hitzordu berezi bakarra izan. Ekainaren 21ean, Alarde Tradizionaleko Anaka konpainia ere egoitzara hurbildu zen jaiak elkarrekin ospatzeko. Oraingo honetan, Bautista soldaduz jantzi zen eta Lolak kantinera jantzia ipini zuen. Lolak adierazi zuenez, asko gustatu zitzaion bere burua txapela jantzita ikustea, “irundar batentzat ez baitago ezer bereziagorik”. Bautista Amoresek, berriz, kontatu zuen “desfilea baino egun batzuk lehenago” bazuela “traje guztia prest”. Beste behin ere, konpainiarekin batera, desfilea egin zuten auzoan zehar, lagunak eta egoiliarrak agurtuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude