Musikak eta birziklapenak emango diote hasiera ‘Familia ta Lagun’ programaren edizio berriari

Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan zerbitzuaren bidez, ‘Familia ta Lagun’ aisialdi programaren edizio berria jarriko du martxan datorren urriaren 17an, larunbata. Familiak elkartzeko eta esperientzia partekatuak izateko espazioak sortzea helburu duen egitasmo honek musika eta birziklapena uztartuko dituen saio didaktiko batekin ekingo dio ikasturteari.

Lehenengo saio honetan Trakamatraka taldeak tailer berezia eskainiko du. Bertan, parte-hartzaileek birziklatutako materialekin musika-tresnak sortzen ikasiko dute, eta ondoren kontzertu txiki bat egingo dute landutako tresna berriei soinua emateko. Jarduera 10:30etik 12:30era bitartean egingo da Kateako Haurtxokoan (Araba kalea, 46). Parte hartu nahi duten familiek bihar ostiraletik aurrera, urriak 9, eman beharko dute izena udal webgunearen bidez, lekuak bete arte.

‘Familia ta Lagun’

‘Familia ta Lagun‘ programa 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zein haien familiei zuzenduta dago, eta ikasturtean zehar aisialdi hezigarri eta sormenezkoa bultzatzen du. Besteak beste, ur-kirolak, yoga saioak, sukaldaritza-tailerrak (‘familychef’) edo bizikleta-ibilaldiak antolatzen ditu Udalak, familiak elkarrekin jarduteko eta harremanak komunitatean sendotzeko helburuarekin.

Ate irekiak haurtxokoetan

Horrekin batera, urriaren 9an, ostiralean, Irungo Haurtxokoek ate irekien jardunaldia egingo dute zerbitzuak eta instalazioak herritarrei ezagutarazteko. Ate irekiak bi zentroetan egingo dira: Lapitze Haurtxokoan (Descarga kalea, 17) 17:00etatik 19:30era bitartean, eta Kateako Haurtxokoan (Araba kalea, 46) 16:30etik 19:00etara bitartean. Informazio gehiago jasotzeko, herritarrek GazteARTEan webgunera jotzeko edo 943 50 54 04 telefonora deitzeko aukera dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude