Gaur, abuztuak 31, ireki da Irungo Udaleko Haurtxokoen sarean 2026/2027 ikasturterako behin-behinean izena emateko epea. Guztira 336 leku eskainiko dira 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, hiriko bost zentrotan banatuta: Erdialdea, Palmera Montero (“Txikilab”), Lapitze, Katea eta San Migel. Azken honek Emigrazio Eraikin birgaitu berrian kokatuko du bere egoitza, lehen El Rantxoan behin-behinean ematen zen zerbitzua hobetuz. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak azpimarratu duenez, espazio hauen helburua haurren abilezia sozial, kultural zein artistikoak sustatzea da, sormenaren, jolasaren eta bizikidetzaren bidez.
Haurtxoko bakoitzean 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzako bi txanda antolatuko dira (astelehen-asteazkenetan edo astearte-ostegunetan), eta 9 urtetik 11 urtera bitartekoentzat txanda bat ostiraletan. Zentro bakoitzak 24 leku izango ditu txandako (San Migelek 15), eta hiru leku erreserbatuko dira behar bereziak dituzten haurrentzat. Tarifak erabiltzaile bakoitzaren errenta-mailaren eta ondarearen arabera egokituko dira lau tarte desberdinetan (% 5etik % 100eraino). Zerbitzuak urriaren 5etik 2027ko ekainaren 18ra arte emango du jarduna.
Familiek irailaren 9ra arte dute inskripzioa egiteko aukera, aurrez aurre HAZen bulegoan, online egoitza elektronikoan edo autozerbitzuko terminaletan. Onartuen behin-behineko zerrendak irailaren 14tik 16ra argitaratuko dira, eta premia egonez gero, zozketa irailaren 21ean egingo da. Emaitzak irailaren 24an plazaratuko dira, eta behin betiko izen-ematea zein ordainketa irailaren 24tik 30era bitartean bideratuko da egoitza elektronikoaren bidez. Horrez gain, ohiko programazioaz haratago, larunbat goizetan familia osoarentzako jarduerak eskainiko dira ikasturtean zehar: “Familia ta Lagun” eta “Sormen Tailerrak”.
Haurtxokoak kalera
Ekimena ezagutarazteko, irailaren 5ean, larunbata, festa bat ospatuko da 11:00etatik 13:00etara Zabaltza plazan (jolasak eta DJ Mikeltxin) eta Kateko haurtxokoan (puzgarriak eta egurrezko jolasak). Horrez gain, ate irekien jardunaldiak antolatu dira familiek hezitzaileak zein instalazioak ezagutu ditzaten: irailaren 3 eta 4an goizez (10:00-12:00) eta irailaren 7an arratsaldez (16:30-18:30) haurtxoko guztietan.



