Real Unión ibilbideko ontziralekuak handitu eta konpontzeko lanak azken fasean sartu dira. Gaur goizean bertan, plataforma berritua ur gainean kokatzeko lanak egin bitartean, horren berri eman dute Gorka Álvarez Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak, Borja Olazabal Kiroletako eta Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Jone Otaño Santiagotarrak KEren ordezkariak. Gainera, inguruko lohiak ponpatzeko lanak ere egin direla azaldu dute.
2015ean konpondu zen azken aldiz Udalak Real Unión ibilbidean dituen arraunketa eta piraguismo instalazioei zerbitzua ematen dien ontziralekua. Bada, orain berriz konpondu da, eta urak eramandako eta pantalanaren azpian lohitan jalkitako enbor, makila eta hondakinak garbitu ere egin da, segurtasun arazoak sortzen baitziren itsasbeheran.
Gorka Álvarezek adierazi duenez, “lan hauek eginda, arloak zenbait beharri erantzun die: batetik, Santiagotarrak kirol taldeak ontziraleku handiagoa du orain, eta zerbitzu hobea eman diezaieke taldeko ehunka kirolariei”. Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak gaineratu duenez, “bestetik, ibaiaren garapen normala eta kirola orekatzea lortu dugu”. Azkenik, Álvarezek lohiak ateratzeko zegoen beharra azpimarratu du, “ibaiaren berezko garapena eta ontziralekua erabiltzen dutenen segurtasuna bateragarriak izateko”. Era berean, ordezkariak baieztatu duenez, lanen prozedura osoa legearen barruan egin da, eremu berezi eta babestua denez, beharrezko baimen guztiak eskatuz.
Borja Olazabalek azpimarratu duenez, berriz, “erabat inplikatuta gaude hiriko kirol taldeei ahalik eta azpiegitura onenak eskaintzeko”. Kiroletako eta Garapen Jasangarriko ordezkariaren hitzetan, Santiagotarrak talde historikoa da hirian, ontziralekua ahalik eta egoera onenean izatea merezi dute, eta egindako lanek hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkiote egunerokoan.
Jone Otaño Santiagotarrak KEren ordezkariak berriz, klubean pantalan berria estreinatzeko desiratzen daudela azaldu du: “inoiz ez datorkigu ondo pantalana aldatzea eta orain gainera denboraldi hasieran harrapatu gaitu”. Otañok aipatu du bereiziki hilabete gogorra izan da arraunlarientzat ezin izan baitira uretara atera. Santiagotarrak klubeko 300 kirolari baino gehiagok ia egunero erabiltzen duten instalakuntza da. “Gaur arratsaldean, marea ona baldin badago eta pantalana jarrita badago Bidasoa berriz piraguista eta arraunlariz beteko dugu”, erantsi du Otañok.
5 fase
Lanak 5 fasetan egin dira. Lehenik, aurreko ontziralekua desmuntatu da, ibai bazterretik bertatik hasita. Lanak egin bitartean, pasarelak Santiagotarrak-en instalazioen inguruan pilatu dira. Moduluak garraiatu, garbitu, konpondu eta pintatu bitartean, ontziralekuaren inguruan pilatutako lohiak ponpatu dira. Azkenik, gaur egitura berria muntatu da, pasarelekin batera.
Aurreko pantalana 20 metro luze eta 6 metro zabal zen, eta beira zuntzezko 6 x 2,5 metroko zortzi moduluk osatzen zuten. Oraingoak, berriz, beste bi modulu ditu (guztira, 25 metro luze da), eta 150 metro karratuko guztizko azalera.
Ontziralekua konpondu eta handitzeko lanak Astilleros Amilibia Untziolak SL enpresak egin ditu, 94.276,62 euroko aurrekontuarekin, eta lohiak ponpatzekoak, berriz, Medio Ambiente Residuos y Agua Marea SL enpresak, 127.365,77 euroko partidarekin.



