Kirola Antzinaroan

Argazkia: 1. Sizilian, Casaleko villa erromatarrean aurkitutako mosaikoa, K.o. IV. Mendekoa, non zenbait emakumeren arteko kirol lehiaketa bat ikus daitekeen. https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/c/c0/%22Mosaik_der_M%C3%A4dchen_im_Bikini%22_in_der_Villa_del_Casale._02.jpg

Greziako hiri estatuek K.a. 776. urtetik ospatu zituzten joko Olinpikoak. Oro har, polisen arteko harremanak ez ziren bereziki errazak; beraien arteko ezberdintasun kulturalak nabarmenak ziren –bereziki ezagunak Atenas eta Espartaren kasuan– eta, gehienetan, ondokoaren mesfidati ziren, beti ondokoaren lurrak inbaditzeko prest, ondokoak ekintza berdinari ekin baino lehen. Testuinguru gatazkatsu hartan, joko Olinpikoak elkarrekiko loturak gogorarazteko ospakizun sakratuak ziren.

Lau urtetik behin jokalariak, polis bakoitzeko ordezkariak eta hainbat erromes Olinpiara joaten ziren, Peloponesoko penintsulan kokatutako Zeus jainkoaren santutegira. Bertan, ospakizun erlijiosoen artean, hainbat norgehiagoka agitzen ziren: korrikaldiak, disko jaurtiketak, pankration izeneko borrokak, zalgurdi lasterketak, etab. Hauen helburuetako bat norbere hiriko gerlarien ahalmena besteei ikusaraztea zen, baina, aldi berean, Olinpia bidean zirenentzako bakea dekretatzen zenez eta santutegian kultuan batera parte hartzen zutenez, diplomazia bultzatzeko une bikaina ere baziren joko horiek.

Polisen gainbeherarekin joko Olinpikoek beren garrantzia galdu zuten, baina hala ere urte askotan mantendu ziren, baita erromatarrek Grezia konkistatu ostean ere, gutxi gora-behera K.o. IV. mendera arte. Alabaina, erromatar jokoei buruz pentsatzean bururatzen zaizkigun adibideak oso bestelakoak dira. Nobela historikoek eta zinemak publiko odol-gose baten grinak asetzeko gladiadore eta piztien arteko borrokak erakutsi dizkigu sarri Inperio erromatarrari lotuta eta, erromatarrek, hala da, bereziki gogoko zituzten kirol ikuskizunak, baina gehienetan ez ziren inola ere fikzioak erakutsi dizkigun bezain morbosoak.

Ohikoak ziren bai Erroman bertan, eta baita Inperioko beste hirietan ere, auriga (lau zaldik tiratutako gurdia) lasterketak, piztia exotikoen ehiza espektakuluak, naumaciak (itsas guda baten simulazioa) eta, jakina, baita gladiadoreen arteko borrokak ere. Jokoak, egia da, arriskutsuak izan ahal ziren eta ohikoa zen partaideren bat zaurien ondorioz hiltzea, baina publikoak behatza gorantz edo beherantz jarrita gerlariaren patua erabakitzea gerora sortutako irudi mitikoa da. Gladiadoreak entrenatzea zaila eta garestia zen, eta antolatzaileak ez zeuden prest haien jokoetako izarrak publikoaren kapritxoz galtzeko. Hori bai, joko horiek noizbehinka heriotza zigorra jasatera kondenatuak akabatzeko ere baliatzen ziren, eta eredu hauek baliatu dira erromatar kulturako kirol ohituren kondaira beltza sortzeko.

Hipokrates mediku grekoak gaixotasunek arrazoi naturalak zituztela defendatu zuen, eta ez zirela, ordura arte pentsatzen zen moduan, jainkoen zigorra. Ondorioz, gaixotasunak diagnostikatu, tratatu eta ekidin ahal ziren. Greko zein erromatarrek beren jainkoei osasuna eskatzen jarraitu zuten, baina, aldi berean, higienea eta kirola ere norbera osasuntsu mantentzeko ohituren artean jaso zituzten. Erromatar garaian, ohitura hauen erakusle nagusia termak bilakatu ziren, eta ohikoa zen Inperioko hiri guztietan, txiki zein handi, bertokoen osasunerako halako bat eraikitzea.

Duela 2000 urte, Oiassoko biztanleek ere sarri joko zuten egun Oiasso Erromatar Museoaren ondoan dauden termetara. Eraikin hauetan ur bero eta hotzeko igerilekuak egoten ziren, hiriko gizon zein emakumeek –ordu ezberdinetan– baliatzeko, baita sudatio deituriko saunak eta masajeak hartzeko guneak ere, eta palestra deituriko patio bat kirola egiteko. Askotan terma hauek hiriko bilgune nagusietako bat bilakatzen ziren eta ohikoa zen hiritarrak ia egunero joatea garbitu eta ariketa fisikoa egiteko, jakina, baina baita lagunekin biltzeko eta, zenbait kasutan, ikuskizun kultural txikiak gozatzeko ere.

Leire Lizarzategui

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude