Datozen hilabeteetan Irunen ekintza ugari egingo dira Euskaraldiko parte-hartzaileak aktibatzeko

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra Euskaraldia ariketa soziala Euskal Herri mailan egingo da, baita Irunen ere. Hortaz, euskara dakiten eta ulertzen duten irundarrek hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena egingo dute “Euskaraldia! Hitzez ekiteko garaia” lelopean. Irunen Euskaraldia dinamizatzeko hainbat ekintza egingo dira datozen hilabeteetan.

Aurten ere, Irungo herritarrek eta entitateek ariketan parte hartzeko aukera izango dute: ahobizi edo belarriprest rolen konpromisoak hartuz, edota ariguneak sortuz. Entitateek maiatzetik dute aukera izena emateko, eta urriaren 31ra arte egin ahal izango dute inskripzioa. Norbanakoen izen-ematea, aldiz, irailaren bukaeran ireki zen, eta ariketa hasi arte egongo da zabalik. Izen-ematea, norbanakoena zein entitateena, www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Kultur ekimenak nagusi
Euskaraldiaren aurreko asteak girotzeko eta izen-emateak sustatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu Udalak, Irungo Euskaraldiaren talde eragilearekin eta hiriko beste zenbait ezagunekin batera. Esaterako, ariketa bukatu arte Euskaraldiaren totema auzoz auzo ibiliko da, egitasmoari buruzko informazio praktikoa zabalduz. Horrekin batera, lehiaketa bat jarriko da martxan sare sozialen bitartez. Parte-hartzaileek selfie bat igo beharko dute Euskaraldiari buruzko esaldi batekin. Lehiaketan parte hartzeko argitalpenean #Irunenizangaitezen traola eta Irungo Udalaren eta Irungo Euskaraldiaren sare sozialak etiketatu behar dira. Lehiaketa amaitzerakoan zozketa bat egingo da, eta irabazleak liburu sorta bat eta Bidasoko Hitzako urtebeteko harpidetza irabaziko ditu.

Urriaren 26an Euskaraldiari buruzko informazioa emateko eta proposamenak jasotzeko, Batzar irekia egingo da. Bilera arratsaldeko 18:30ean izango da Palmera Montero gunean.

Azaroaren 5ean, larunbatean, Euskaraldia Gune Ibiltariak geldialdia egingo du Zabaltza Plazan arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Bertan izena emateko eta txapa jasotzeko mahaia, Euskaraldiari buruzko ihes gela eta Klaun-In elkartearen eskutik kale animazioa izango dira.

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat
Euskarazko jardueren egitarauak jarraipena izango du, baita ere, behin Euskaraldia hasi eta Euskararen Nazioarteko Eguna bitartean. Beraz, irundarrek kultur ekimen ugariz gozatzeko aukera izango dute.

Azaroaren 18an, 19:00etatik 20:30era, Bertso-pintxo ekimena egingo da, San Juan Plazatik Urdanibia Plazara. Bertsozaleak eta pintxoak elkartuko dituen ekintzan Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariek parte hartuko dute. Azaroaren 24an, 19:00etan, Erik eta Win antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan. Azaroaren 25ean, 18:00etan, Amaia Kultur Zentroan “Kantu Kolore: Peru krokodiloa” ikuskizuna izango da haurrentzat.

Abenduaren 1ean goizez, Mintzodromoa izango da Hendaian. Egun bereko arratsaldean 19:00etatik aurrera “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” antzezlana eskainiko da Amaia Kultur Zentroan.
Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Benta Zaharreko Mutiko Alaien emanaldia izango da eguerdiko 12:00etan hasita. Taldea Urdanibia Plazatik abiatuko da eta Luis Marianoko ingururaino iritsiko dira musikariak.

Irunera egokitutako kanpaina
Berrikuntza modura aipatu, aurtengo ediziorako Irunera egokitutako kanpaina bat diseinatu duela Euskaraldiaren talde eragileak. Kanpainak helburu argi bat dauka: irundarrek irundarrentzat zabaltzea Euskaraldiaren mezua, egitasmoari tokiko kutsu handiagoa emanez.

Era berean, Irungo Euskaraldiarentzat lelo propioa proposatu du talde eragileak: Irunen bagara, zu ere bazara, izan gaitezen! Totem ibiltariak jasoko du lelo hori, baita herrian zehar jarriko diren ehunka kartelek ere.

Bestetik, Irungo pertsona ezagunek Euskaraldiari buruzko bideoetan edota karteletan parte hartu dute, egitasmoari beren babesa emanez: Iñigo Lavado sukaldaria, CD Bidasoako Gurutz eta Julen Aginagalde anaiak, Itziar Sistiaga idazlea, Deperita Frutadendako Victor Ortega, Teresa Errandonea atleta olinpikoa, Ana Perez eta Patxi Perez aktoreak, marrazketa eta pintura eskolako Maria Maldonado, Susana Hernandez ileapaindegiko Olatz Zabaleta, Marrubiko Mikel Castro, Koldo Salinas eta Shole Aguirre gozogileak, eta Sargia Tabernako Joseba Lopetegi.

Haiekin batera, Irungo Klaun-In elkarteko kideek Euskaraldia gizarteratzeko zenbait ekimen egin dituzte urte osoan zehar.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude