Irunen LGTBI kolektiboa gizarteratua dagoen arren, lana egiteko dago oraindik

Maite Azabal eta Uxue Diez Guiralek Gazteartean Bekaren bitartez Irungo LGTBI gazteen errealitatea ikertu dute. Behin ikerketa amaituta, kolektiboak Irunen bizi duen egoeraz hausnartu dute eta hobetu beharrekoak atzeman dituzte. Ikerlariek azterketa egiteko lau eremu bereizi dituzte: Osasun zerbitzuak, hezkuntza, aisialdia eta kultura eta espazio publikoa.

Zeintzuk izan dira ikerketak azaleratutako emaitzarik esanguratsuenak?
Uxue: Titularren bat ematearren, ikusi dugu Irunen LGTBI kolektiboak inklusioa duen arren, oraindik diskriminazio egoerak gertatzen direla eta batzuetan oztopo bat direla.

Maite: Konkretuki, Irungo gazteen arabera LGTBI kolektiboa gutxien integratuta dagoen eremua hezkuntzarena da. Irunen LGTBI pertsonak gizarteratuta daudela esateko bi egoera gertatu behar dira: diskriminaziorik ez egotea eta Irungo erakundeen babes esplizitua izatea. Bestalde, gure ikerketan LGTBI pertsonen eskariak jaso ditugu eta erdiak baino gehiagok uste du Irunen kolektibo horretako pertsonentzako topaguneak bultzatzea ezinbestekoa dela.

Uxue: Lortutako beste datu garrantzitsu bat zera da, LGTBI pertsonen eta pertsona ziseterosexualen artean desberdintasunak daudela inklusibitatearen pertzepzioari dagokionez. Pertsona ziseterosexualek uste dute LGTBI kolektiboa Irunen integratuago dagoela, kolektibokoaren barneko jendearen usteekin alderatuta.

Jendea ikerketan parte hartzeko prest azaldu da?
Maite: Bai, Irungo biztanleak uneoro gure galderei edo eskaerei erantzuteko prest agertu dira. Irungo gaztelekuko profesionalek prozesu osoan zehar laguntza eskaini digute eta eskertzekoa da. Horretaz gain, oso eskertuak gaude Irungo Gazteria zerbitzuko teknikariaren eta Irungo eskolen kolaborazioa izan dugulako. Badakizu zeinen zaila den horrelako ikerketentzako parte-hartzaileak topatzea, egun galdeketak edonondik iristen zaizkigulako.

Gazteek gaiarekin lotutako informazio nahikoa zutela nabaritu duzue?
Uxue: Ikusi dugu jende batek baduela gaiari buruzko diskurtso eta ezaguera orokor bat. Dena den, hutsune batzuk nabaritu ditugu kolektiboko errealitate batzuk oso ezezagunak direlako oraindik. Adibidez, trans errealitatearen inguruko ez ezagutza handia nabaritu dugu. Bestetik, osasun arloari buruz gutxi hausnartu dutela ikusi dugu, baina normala da esperientzia falta kontuan hartuta.

Irungo Udalak kolektiboarekin loturik eskainitako zerbitzuak ikertu dituzue. Zergatik?
Maite: Bi arlo konkretu aztertu ditugu. Batetik, udalak LGTBI kolektiboarekin zuzenean loturiko zerbitzuak, eta parte-hartzaileen % 84ak esan du ez dituela ez ezagutzen eta ezta erabiltzen ere. Zerbitzuak ezagutzen dituen 15aren artean, bi pertsonak bakarrik onartu dute zerbitzu horiek erabili izana. Era berean, Irungo Udaleko berdintasun zerbitzuak ikertu ditugu eta datuak antzekoak izan dira, % 81ek ez baitituzte berdintasun zerbitzuak ezagutzen. Beraz, desoreka argia ikusten dugu Irungo Udalak dauzkan eta gazteek erabiltzen dituzten zerbitzuen artean. Onuragarria izango litzateke zerbitzu horien hedapena lantzea.

Uste duzue Irundik kanpo, egungo errealitatea guztiz bestelakoa dela?
Maite: Jakin badakigu Irungo emaitzak ezin direla inguruko beste herrietara estrapolatu, beraien errealitatea, besteak beste, gizarte politikengatik edo jendearen bizimoduarengatik baldintzatuak egon daitezkeelako. Ikerketako parte-hartzaileek ere horixe adierazi digute. Hala ere, hezkuntza eta osasun arloan lortutako emaitzak nahiko antzekoak izan dira beste hirietan lortutakoekin.

Zergatik bereizi dituzue lau espazio ikerketa egiterakoan?
Maite: Bereizketa horren atzean azalpen bat dago. Ikerketa hasterakoan ohartu ginen lotura bikoitza dagoela gazteen eta nerabeen parte hartze zibikoan. Adin txikikoak direnez, itxaroten dagoen herritar baten estatusa dute eta gainera, LGTBI kolektibokoak izanda, gizarte talde txikitu bateko kide direla ulertzen da. Ondorioz, baliabideak lortzeko zailtasunak izan ditzakete eta horiek hiriko zein eremutan gertatzen diren identifikatu nahi genuen.

Uxue: Lau eremu horiek literaturako iturri konkretuetatik datoz. Eremu berdinak erabiliz Irungo errealitatea beste hirietakoarekin alderatzeak abantailak dauzka. Datu orokorrak izanda zailagoa da datuetatik ekintza zehatzetara pasa ahal izatea. Banaketak aldiz, eragin beharreko eremuak erakusten dizkizu zuzenean.

Arloak aztertuta, emaitza esanguratsurik topatu duzue?
Maite: Bi kalkulu egin ditugu. Lehenengo LGTBI kolektiboaren pertzepzio orokorra nolakoa den kalkulatu dugu eta gero berdina egin dugu, baina arloak bereizita. Horrela, galdetegiko itemen bataz bestekoa kalkulatu dugu. Dena 5eko eskalan kalkulatu genuen eta bataz besteko puntuazioa 3,39koa izan da, beraz, batazbestetik gora dago.

Uxue: Batazbesteko altuena espazio publikoak lortu du, beraz, hori da gazteen ustez kolektiboa hoberen integratua dagoen espazioa. Hezkuntza eremuak berriz, mediarik baxuena lortu du eta lanketa gehien eskatzen duena da.

Aurretik esandako guztiarekin, zer ikusten duzue hobetzeko?
Maite: Hezkuntza eremuan asko dago egiteko eta prestakuntza espezifikoa eskaintzeko beharra ikusten dugu. Bestetik, ikusten dugu irakasleen papera lantzeko beharra dagoela. Aisialdi eta kultura esparruetan ere LGTBI errealitateen errepresentazioa funtsezkoa iruditzen zaigu. Bide batez, Irunen topaguneak sustatzea oso lagungarria izan daiteke.

Uxue: Osasun arloan ikertu beharreko esperientziak nabaritu ditugu. Hala ere, nabarmendu nahiko nuke datu hauek ez dutela soilik LGTBI kolektiboaren barnean geratu behar, gizarte osoaren pertzepzioari dagozkio eta garrantzitsua da gaiaren zama LGTBI kolektiboko kideek bakarrik eraman ez dezaten.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude