Beraketa kaleko noranzkoa ostegunean aldatuko da Berrotaran kaleko lanei ekin ahal izateko

Uztailaren bukaeran, San Juan ingurua berritzeko proiektua jarri zen abian, jarduketa horren eta beste batzuen bidez Irungo erdialdea emisio gutxiko zona bihurtzeko prozesuaren esparruan, eta etapak aurrera doaz: Legia karrika oinezkoentzat da dagoeneko, Foruen karrikako lanek aurrera jarraitzen dute, eta hurrena Berrotaran karrikako lanak hasiko dira.

Horretarako, proiektua aurkeztu zenean jakinarazi zenez, inguruko zirkulazioa berrantolatu beharko da: Berrotaran karrika oinezkoentzat izango denez aurrerantzean, berau Artaleku edo Luis Mariano ingurura bidean gurutzatzen duten ibilgailuek beste bide batetik jo beharko dute.

Zehazki, Colón ibilbidearen hasieran, Francisco de Gainza karrikatik sartu beharko dute, eta, gero, Beraketa karrikatik, Iparralde hiribidera ateratzeko. Handik, Aldapeta karrikarantz igo beharko dute, edo Joaquín Gamón kalean bira egin. Horretarako guztirako, Beraketa karrikako noranzkoa aldatu beharko da, eta semaforo bat jarri haren eta Iparralde hiribidearen ateko bidegurutzean. Horrela, ibilgailuak Francisco de Gainza karrikatik sartuko dira, eta Iparralde hiribidetik aterako, gaur egungoaren kontrako noranzkoan.

Asteazkenetik ostegunerako gauean egingo da aldaketa; alegia, antolamendu berria ostegun goizerako ezarriko da. Horrela, Berrotaran karrikako lanak laster hasi ahalko dira, aurreikuspenei jarraikiz. Eguraldiaren mendean betiere, eguberrietarako Berrotaran karrikaren eta Foruen karrikaren arteko bidegurutzera iristea da helburua. Hori dela eta, datozen asteetan, ibilgailuek Berrotaran karrika erabiltzen jarraitu ahalko dute, eta Beraketa karrika ere erabili ahalko dute, kontrako noranzkoan, aldaketa bat-batean ez egin behar izateko eta gidariak bide berrira egokitzen joateko. 2023an, berriz, behin Berrotaran karrikako lanak hasten direnean, Beraketa karrikako bidea baliatu beharko da, behin-behinekoa, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan berriaren zain.

Proiektua Otegi Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, ia milioi eta erdian (1.489.378,56 euroan), eta lanak egiteko epea hamabi hilabetekoa da. Jarduketa ” Udalerriek emisio gutxiko eremuak ezartzeko eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko laguntza programaren” barruan dago, eta Europar Batasunak ere finantzatuko du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro ingururekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude