Udaberriaren hasierarekin Irunen kultur planak ugaritu egin dira

23 proposamen kulturalek osatzen dute Amaia KZaren apirileko eta maiatzeko agenda.  Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak datozen hilabeteetan zehar antzokian egingo diren kultur ekintzen berri eman du gaur. Emanaldietarako sarrerak, beharrezkoak izanez gero, Amaia KZren webgunean edo Luis Marianoko turismo-bulegoan eskuratu daitezke.

Agenda horretan kulturarekin eta aisialdiarekin lotutako 23 proposamen daude oraingoz, 14 apirilean eta 9 maiatzean. Kultur ordezkariak adierazi duenez, proposamenak “ugariak eta askotarikoak” izango dira, ez bakarrik genero eta formatuei dagokienez, baita hitzordu bakoitzaren publikoari erreparatuta ere.

Ildo horretan, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako ordezkariaren hitzetan, “udaberrian ere eutsiko diogu kulturaren pultsuari, guztiontzat diseinatutako agenda batekin”. Dagoeneko errotuta dauden proposamen batzuk itzuliko dira, hala nola Liburu Azoka, Nazioarteko Dantzaren Eguna, “Dokuirun” zinema dokumentalaren zikloa edo “Zure abenturaren bila” bidaiei buruzko programa, baina baita ekitaldi berriak ere. Horren erakusgarri, Andrés Barrios pianistak emango duen kontzertua edo Irun Hiria Musika Bandak eta “MDNA Tour” biran Madonnarekin aritu zen Kalakan taldeak eskainiko duten kontzertua».

Erakusketen eskaintza

Ohi bezala, agendan erakusketak ere sartu dira, kasu honetan José Manuel Ábalos pintorearen Bizitza olatu artean, bizitzari, denboraren joanari eta itsasoari buruzko 40 piezaz osatua. Erakusketa hori apirilaren 12an inauguratuko da, Amaia KZn.  Bestalde, Néstor Basterretxearen erakusketa apirilaren 26an ireki behar zen hasiera batean Menchu Gal aretoan, baina azkenean atzeratu egingo da, euskaltegiaren eraikinean egin behar diren lan batzuk direla eta, Kultura arloak jakinarazi duenez. Behin betiko irekieraren data jakin bezain laster iragarriko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude