Lapurriturriko Informazio Guneak “Mikologia ezagutzen” jarduera antolatu du urriaren 10erako

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak sustatuta, Lapurriturriko Informazio Guneak naturari lotutako eskaintzarekin jarraitzen du. Datorren urriaren 10ean, larunbata, “Mikologia ezagutzen” izeneko jarduera egingo da, goizeko 11:00etan hasita Lapurriturriko gunetik bertatik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko aditu batek gidatuta, oinezko ibilbide bat egingo da ingurunean aurki daitezkeen onddo-espezie nagusiak ezagutzeko eta mikologiari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko. Saioa herritar guztiei irekia dago, eta bereziki 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.

Aldez aurretik izena emanda

Parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea irailaren 24tik urriaren 5era bitartean, 010 telefonora deituz edo Udalaren webgunearen bidez (www.irun.org). Antolatzaileek mendian ibiltzeko arropa zein oinetako egokiak eramatea gomendatzen dute, baita ura eta hamaiketakoa ere. Bestalde, gogorarazi dute Lapurriturriko Informazio Guneak udako denboraldiari eutsiko diola urriaren 31ra arte, ateak zabalik izanez asteburu, jaiegun eta zubi guztietan (09:30etik 13:30era) Parke Naturalari nahiz bertako ibilbide tematikoei buruzko informazioa eskaintzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude