Irungo Udalak familientzako prebentzio eta laguntza programekin ekin dio ikasturte berriari. Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Irungo Udalak gurasoei eta adingabeei laguntzeko eskaintzen dituen programen berri emateko.
Sandra Caballerok gaur gogoratu duenez, urteak dira hirian ekimen horiek eskaintzen direla, eta, uda ondoren, berriz ere martxan jartzen dira ikasturte hasieran. Gizarte Ongizateko ordezkariak nabarmendu duenez, Irungo Udalak ibilbide luzea egin du familiei laguntzen, prebentzio-programen bidez. “Urte asko dira laguntza horiek eskaintzen ari garela, horretan sinesten dugulako, azpimarratu nahi dugulako oso garrantzitsua dela herritarrei beharrezko tresnak ematea hezkuntzarekin, ongizatearekin oro har eta osasun mentalarekin berarekin zerikusia duten galdera, zalantza edo kezkei erantzuteko”, adierazi du Sandra Caballerok.
Programa guztiak doakoak dira, eta eskatzaileen beharren arabera egokitzen dira. Horrela, programa generiko zabalen ondoan, espezifikoagoak diren beste batzuk ere badaude, eta, beharrezkoa bada, baliabide osagarriak ere aktibatzen dira, bazterketa-arriskua dagoenean.
Programa generikoenen artean, Gurasoekin eta Gazteekin daude, eta horietan izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da irekita:
Gurasoekin
Programa hori guraso-talde txikien bidez egiten da; talde horiek astean edo hamabostean behin biltzen dira Palmera Monteron. Lantalde profesionala sei adituk osatzen dute. Psikologoak edo psikoterapeutak dira, eta eskarmentua dute taldeekin eta familiekin lan egiten.
Taldeak osatzeko, haurren adina eta familien beharrak hartzen dira kontuan. Bost talde hamabostean behin biltzen dira. Horrela, bakoitzak 12 saio egiten ditu ikasturtean zehar, eta seme-alabek duten adinaren arabera antolatzen dira, 0 urtetik 18 urtera. Beste bi taldeak, berriz, astero biltzen dira, eta laguntza handiagoa behar duten gurasoei zuzentzen zaizkie. Aurten 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten familientzako talde bat ere osatu da, haurtxoak hazteko laguntza jaiotzatik bertatik emateko.
Programa horrek gurasotasun positiboa sustatzen du. Horretarako, familien lotura afektiboak indartzen ditu, eta seme-alaben haziera egokirako mugak ezartzen laguntzen du, indarkeriarik erabili gabe eta haurren eskubideak errespetatuta. Helburu horiekin, askotariko gaiak lantzen ditu Gurasoekin programak: familian komunikazio positiboa indartzea, enpatia-gaitasuna sustatzea, bulkadak eta autokontrola erregulatzea, gatazkak konpontzeko estrategiak egitea, haurren adinerako egokiak diren arau eta muga koherente eta egokiak jartzen ikastea eta gurasoek muga horiek egoki zaintzeko prestatzea.
Laburbilduz, prebentziozko baliabide psikoedukatiboa da, eta familiako kide guztien garapena sustatzen du. Irungo Udala jakitun da familiei laguntzeko erantzukizun publikoa duela, eta Gurasoekin programaren alde egiten jarraitzen du. 29 urte bete ditu dagoeneko, baina planteamenduak eta dinamikak eguneratuz joan dira.
Gazteekin
Esku-hartze psikoedukatiboko programa hau 12 eta 17 urte arteko nerabeei zuzendua dago, eta bizitzarako gaitasunetan trebatzean datza. Doakoa da hau ere, eta bilerak Palmera Monteron egiten dira, ostegun arratsaldean. Programak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) formulatutako nazioarteko ekimen bat du inspirazio-iturri, eta askotariko hamar trebezia sustatzen ditu. Horiei esker, nerabeak eta gazteak prestatuago daude egungo munduak dakarzkien erronkei aurre egiteko.
Hauek dira bizitzarako beharrezko hamar trebeziak: norbere buruaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, sormenezko pentsamendua, pentsamendu kritikoa, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak eta estresa kudeatzea.
Gazteekin programako bi taldeak astero biltzen dira azarotik maiatzera, 75 minutuko iraupena duten saioetan. Haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako psikologo batzuek koordinatzen dituzte taldeak.
Talde batean 12 eta 14 urte arteko nerabeak daude, eta zenbait gai lantzen dituzte hiruhilekoka: komunikazioa eta pertsonen arteko harremanak, emozioen eta sentimenduen kudeaketa eta arazoak konpontzeko moduak.
Bigarren taldea 15 eta 17 urte arteko nerabeek osatzen dute, eta bertan, hausnartu egiten dute eta esperientzien berri ematen diote elkarri. Gai batzuk parte-hartzaileen interesen arabera aukeratzen dira, eta beste batzuk, aldiz, koordinatzaileek proposatzen dituzte, taldean bertan identifikatzen dituzten kontuetan oinarrituta (asertibotasuna, enpatia, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, berdinen arteko laguntza-harremanak, gatazkak ebazteko estrategiak…).
Bi programetako edozeinetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete udalaren webgunean edo 010 edo 943505152 telefonoetara deituta, urriaren 15era arte. Plazak mugatuak dira, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira. Gizarte Ongizate arloaren 2023ko memorian jasotzen denez, iaz 100 lagunek hartu zuten parte bi ekimen horietan.
Ingurune Irekia
Ordezkariak izaera generikoagoa duen beste programa bat ere aipatu nahi izan du, «auzoetan ezaguna da, eta aurrekoak bezain garrantzitsua da nolabaiteko beharren bat duten gazteei laguntzeko». San Caballero Irungo 11 eta 17 arteko gazteei zuzendutako Ingurune irekiko hezkuntza programaz ari zen. Komunitate-programa bat da, eta gizarte- eta hezkuntza-arreta eta esku-hartzea eskaintzen ditu. 25 urte daramatza udalerrian errotuta, komunitatean eta beste testuinguru batzuetan integratzeko behar handiena duten haur eta nerabeei laguntzeko helburuarekin.
Programako gizarte-hezitzaileek hainbat esparrutan lan egiten dute adingabe horiekin: banakakoan, taldekoan eta komunitarioan, eta, horretarako, 1.370 pertsona baino gehiago inplikatzen dituzte guztien artean. Funtsezkoa da auzo elkarteekin, ikastetxeekin, kirol-klubekin eta -ekipamenduekin, eta beste udal-baliabide batzuekin elkarlanean aritzea gazte horien proiektu komunitarioan eta pertsonalean aurrera egiteko.
Eskola-prebentzioko programak
Eta amaitzeko, Sandra Caballerok zera esan du: “esku-hartze komunitarioko lan hori guztia ere ezingo litzateke ulertu ikastetxeetako prebentzio-proiekturik gabe”. Ikasturtea hastearekin batera, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak adikzioak prebenitzeko antolatzen dituen programak eskaini ahal izango dizkiete ikastetxeek ikasleei. Iaz 3.800 parte-hartzaile inguru izan ziren guztira.
350.000 euro inguru
Aurrekontuei dagokienez, Irungo Udalak urtean 350.000 euro inguru bideratzen ditu programa hauetara:
- Gurasoekin, Gazteekin eta Ingurune Irekia programetarako 300.000 euro inguru izaten dira.
- 50.000 euro inguru, eskolako prebentzio-proiektuetarako.
Babesgabezia-arriskuan dauden adingabeak
- urtean, Gizarte Ongizate arloak babesgabezia-arriskuan dauden adingabeak dituzten 276 familia artatu ditu.
Alde horretatik, Irungo Udalarentzat funtsezkoa da ikastetxeekin koordinatzea (iaz 38 ikastetxerekin izan ziren harremanak, eta ez bakarrik Irungoak; guztira, 179 adingabe artatu ziren).
Nabarmentzekoa da 162 adingabek eta horien 117 familiak parte hartu zutela esku-hartze psiko-hezitzaileko programan, babesgabezia neurrizkoaren adierazleei dagokienez (312.000 euroko gastua).
Era berean, Osakidetzako Osasun Zerbitzuekin eta adingabeekin harremanetan dauden beste programa edo zerbitzu batzuekin koordinatuta lan egiten da, adingabeen babesgabezia-egoerak goiz detekta baititzakete, eta horrela lehenbailehen esku har daiteke.
- urtean, udal-zerbitzu horietatik 29 familia bideratu ziren Gipuzkoako Foru Aldundira, eta foru-erakundeak, 2023an, babesgabezia-egoera larrian zeuden Irungo 106 adingabe artatu zituen.