1936ko irailaren 5ean hirian emandako gertaeren 89. urteurrenaren ekitaldi instituzionala egin da gaur goizean. Eguerdiko 12:00etan izan da, Udaletxe atarian. Bertan parte hartu dute Cristina Laborda alkatea eta Gorka Alvarez Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Garapenerako Lankidetzarako ordezkariak, baita udal talde politiko guztietako ordezkariek ere, Kepa Ordoki MHB Bidasoaldeko Elkarte Memorialista eta Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteko ordezkariekin batera.
Gaur goizean San Juan plazan eginikoa ekitaldi irekia izan da eta herritarrek ere bertan parte hartzeko aukera izan dute udaletik aste honetan eginiko gonbidapena jarraituz. Ekitaldia Udaletxeko kanpaiak entzutearekin hasi da, musikaren erritmoan. Jarraian Gorka Alvarezek hitza hartu du, baita hiriko bi elkarte memorialistetako ordezkariek ere. Minutu bateko isilunea gorde ostean, lore eskaintza egin dute bertaratutakoek, Cristina Laborda alkatearen hitzekin ekitaldia itxi aurretik.



