Larunbatean zabalduko da Erdialdeko Haurtxoko berria

Ostegun honetan, Irungo Udaleko Gazteriako ordezkaria hiriko bosgarren haurtxokoaren instalazioak ikusten izan da, lokala bertan ematekoa den zerbitzuaren behar eta ezaugarrietara egokitzeko lanak egin baitira azken bi hilabeteetan; alde horretatik, nabarmentzekoa da zoru egokia eta sartzeko arrapala bat jarri izana. Horrela, dena prest dago larunbat honetan hilak 25 haurtxoko berria irekitzeko.

“Udaleko Gazteria Arloak espazio eta zerbitzu publikoak sustatzen jarraitzen du. Haurtxoko berria irekitzea gobernu ituna sinatu genuenean hartu genuen konpromiso bat zen, eta hau ere bete dugu. Herritarrekiko gure konpromisoaren barruan, ez diogu utziko horrelako guneak sustatzeari, txikien zein haien familien onerako baitira. Interesdun guztiak etortzera gonbidatzen ditugu; bai inauguraziora, bai ateak irekitzeko jardunaldietara”, nabarmendu du ordezkariak.

Gazteria Arloko arduradunek ekipamendu berriaren zenbait ezaugarri azpimarratu dituzte, hala nola sarrera oinezkoentzako kale batean egotea. Izan ere, zirkulaziorik ez izatea pisuzko arrazoia izan da lokala aukeratzeko, are gehiago zerbitzua norentzat den kontuan izanik.

Hiriko bosgarren haurtxokoa irekitzea, 2022ko abenduan Artiako gazteleku berria martxan jarri izanarekin batera, Irungo Haur eta Nerabeen 2021-2024 aldirako Planaren barruko jarduera nagusietako bat da. Hain zuzen, Irungo haur eta nerabeen heziketa eta aisialdirako udal ekipamenduen estaldura handitu eta kualifikatzea xedatzen du Planak.

Erdialdeko haurtxokoa, haurrentzako gainerako ekipamenduak bezala, 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzako zerbitzu bat da, eta sormena sustatzen duten proposamen estimulatzaile, hezigarri eta, batez ere, dibertigarriz osatutako programa bat eskaintzen du, txikiek abilezia sozial, kultural eta artistikoak garatzea bultzatzeko.

Horretarako, nolanahiko tailerrak eta jarduerak antolatuko dira, baita familia osoarentzako proposamenak ere, Familia ta Lagun programaren bidez.

Datorren larunbatean inauguratuko da zerbitzu berria, hilak 25, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta lokala ezagutzeko, dibertitzeko eta hainbat sorpresaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren familiek.

Bestalde, haurtxokoa martxoaren 6an hasiko da jardunean, baina, otsailaren 27tik martxoaren 3ra bitartean, ateak irekitzeko jardunaldiak egingo dira, haurtxokoen ohiko ordutegian, familia interesdun guztiek bertatik bertara ezagut ditzaten lokala, programa eta zerbitzuko hezitzaileak. Aste horretan, askotariko jolasak egingo dira, marrazkien bidez edo idatziz haurtxokoa nolakoa izango den irudikatzeko mural bat osatuko da, eta zirkuitu bat antolatuko da saltogelan barrena.

Izen emateak eta informazio osagarria

Erdialdeko haurtxokoa 2023ko martxoaren 6tik ekainaren 23ra bitartean egongo da zabalik, eta behin betiko izena ematen dutenek erabili ahalko dute.

Hiru txanda eskainiko dira:

Astelehen eta asteazkenetan, 4-8 urteko haurrentzat, 17:00etatik 19:00etara bitartean

Astearte eta ostegunetan, 4-8 urteko haurrentzat, 17:00etatik 19:00etara bitartean

Ostiraletan, 9-11 urteko haurrentzat, 17:00etatik 19:30era bitartean

24 toki eskainiko dira txanda bakoitzean, eta eskabideak aurkezten dituzten ordenan onartuko dira parte hartzaileak.

Otsailaren 27an hasiko da aurrez izena emateko epea, eta toki guztiak betetzen direnean bukatuko da. Honela egin ahalko da inskripzioa:

Egoitza elektronikoaren bidez, irun.org helbidean

Udalaren autozerbitzu terminaletan, Udalaren webguneko esteka honetan

Tarifak

Kuota orokorra 40,60 euro izango da.

Bizikidetza unitate bateko bigarren haurraren eta harengandik aurrerako bakoitzaren kuota 22,35 euro izango da, eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edo antzeko egoeran dauden bizikidetza unitateek kuota orokorraren % 90eko hobaria izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude