Central Surf eskolak surfaz disfrutatzeko aukera eskaintzen du. Jonathan San Miguel Central surfeko irakaslea da egun, baina 12 urte zituela hasi zen kirol honetan, gaur egun bere lankidea den Iñigo Zabalzaren gidaritzapean. “16 urterekin surfeko titulua atera nuen eta surf eskolak ematen hasi nintzen eta orain arte horretan ibili naiz”, azaldu du San Miguelek.
Eskola 1990. urtean sortu zen, Jonathan San Miguel jaio baino lehen. Iñigo Zabalzak, Jonathanen lankideak, jarri zuen martxan 22 urte besterik ez zituelarik. Jonathan San Miguelek adierazi duenez, “Hendaia inguruan sortu zen lehen surf eskoletarikoa izan zen”. Hain zuzen ere, orduan iritsi zen kirol hori eskualdeko hondartzetara. Beraz, Central Surf eskolak 34 urteko esperientzia du atzetik.
Askok surfa soilik udako kirola dela uste badute ere, Central Surfen urte osoan zehar praktikatzen duten kirola da: “Gero eta jende gehiago animatzen da urteko edozein garaitan uretara sartzera”. Jonathan San Miguelek azaldu duenez, adibidez, udaberrian eskolekin batera ikastaro asko izaten dituzte, eguraldi onak lagunduta, ikasturte amaierara begira ekintza bereziak egiteko. “Surf eskola mugikorra gara, Hendaian surfeatu arren, gure ikasle gehienak Irungoak eta Hondarribikoak direlako, adierazi du Jonathanek. Uda lan handiko garaia da noski, astelehenetik ostiralera doazen ikastaroak eskaintzen baitituzte. Gainera, Jonathanek azpimarratu duenez, udako ikasleen artean gehienak neskak izaten dira. Eta olaturik ez denean ere, San Miguelek aipatu du entretenimendurik ez zaiela falta: “skateak hartzen ditugu eta Ficobako skate parkera joateko aprobetxatzen dugu”.
Ikasleak taldeka elkartzen dituzte eskolak emateko, bakoitzaren ezagutza mailaren arabera. “Ikastaro batzuk Hendaiako hondartzan ematen ditugu soilik, baina maila altuagoa duten ikasleekin Zarautzera edo Frantziara goaz surfeatzera”, adierazi du Jonathan San Miguelek. Adin aldetik ere ez da mugarik. “Gehienbat haurrak izaten dira gure ikasle gehienak, aipatu du San Miguelek. Surf irakasleak gogoratu duenez, orain dela 10 urte udako ikastaro batean 65 urteko emakume bat hurbildu zitzaigun zerbait desberdina probatu nahi zuela esanez eta oso ondo moldatu zen.
Olatuen artean
Surfa kirola baino gehiago ere bada eta horrela ulertzen dute Central Surfen. Horregatik, haurrei ingurumenaren zainketak duen garrantzia helarazteko proiektua hasi nahi dute, uretan gozatuz itsasoa eta natura errespetatzen ikasi dezaten. “Proiektu berri hau garatu ahal izateko bertara batu nahi diren eskolen bila gabiltza orain”, gaineratu du Jonathan San Miguelek.
Naturaz gain, euskararekiko ardura ere sentitzen dute Central Surfen. Hori dela eta, Irungo Udaleko Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat dira. “Programa honetara batzea erabaki genuen hirian euskararen erabilera sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigulako”, azaldu du Jonathan San Miguelek. Horrela, kalean, familian eta lagunartean euskararen presentzia bultzatzeko beren aletxoa jarri nahi dute, tanta txikiz osatutako olatuen artean surfeatuz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.