Hondakin-bilketa egingo du Ekoetxea Txingudik Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta

Ekoetxea Txingudik, Ihobek kudeatuta, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa dena, bat egin du Ingurumenaren Mundu Egunarekin, eta hondakin-bilketa handia antolatu du Euskadiko ingurumen-zentroen Ekoetxea sareko lau zentroetan. Nazio Batuen Erakundeak 2024ko Ingurumenaren Mundu Eguna sustatzen du, eta ekainaren 5ean ospatuko da “Gure lurrak. Gure etorkizuna” lelopean. Euskadiren kasuan, hileko lehenengo hamabostaldian zehar Ihobek hainbat jarduera antolatuko ditu, horien artean hondakin-bilketako ekintza kolaboratibo bat ekainaren 8an, larunbatean, Ekoetxea Urdaibain, Ekoetxea Meatzaldean, Ekoetxea Txingudin eta Ekoetxea Azpeitian.

Horrela, Ekoetxea Txingudik, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun elkarteekin batera, 10:00etatik aurrera, Ibarlako zonaldeko garbiketa koordinatuko du; Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren pareko haur-parkeraino.

Ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, lurzorua, ura eta airea kutsatu dezaketenak eta izaki bizidun guztiengan eragina izan dezaketenak. Hondakin horiek paisaiak degradatzen eta zenbait inguru berdingaberen edertasun naturala kaltetzen dituzte, betirako kutsatzen baitituzte, ingurunearen osasunari eta pertsonen osasunari kalte eginda. Zigarro-punta huts batek, adibidez, bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.

Ihobek Ekoetxea Sarearen bitartez proposatutako ekintzek, herritarrak kontzientziatzen eta konponbidean inplikatzen lagundu nahi dute, hitzetatik ekintzetara pasatzeko hainbat ekimenen bidez; hala nola, Ingurumenaren Mundu Egunerako antolatutakoak, bai eta, eraldaketa ekosoziala sustatzeko diseinatutako esperientziak ere.

Ekoetxea Txingudiren kasuan, topagunea Arbesko Errota kaleko haur-parkearen ondoan izango da. Bertan, karpa bat jarriko da eta hondakinak biltzeko behar den materiala banatuko da: eskularruak, zakuak, pintzak, etab. Hondakinak jaso ondoren (2 ordu iraungo du), kontaketa eta sailkapena egingo dira. Bestalde, eguneko gaiarekin lotutako jolasak izango dira familiako txikienentzat, eta hamaiketako bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

Hondakinen garbiketarekin bat egiteko, aldez aurretik izena eman behar da webgunearen bidez.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Nazio Batuen Ingurumenerako Programak (PNUMA) sustatutako ekintza da Ingurumenaren Mundu Eguna. Nazio Batuen Asanbladak 1972an ezarri zuen lehenengo aldiz, eta, harrez geroztik, urtero ekainaren 5ean antolatzen da. Azken 50 urteotan, ospakizuna munduan irismen gehien duen plataformetako bat bihurtu da ingurumenaren kasuen alde. Hainbat milioi lagunek bat egin dute modu birtualean eta aurrez aurre parte hartzeko, mundu osoan zehar egingo diren jardueretan, ekitaldietan eta ekimenetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude