Martxoaren 12an amaitzen da 2021eko Solas-Jolas programan izena emateko epea

Irungo Udaleko Euskara Arloak 2021eko Solas Jolas programa aurkeztu du. Lehen txanda uztailaren 5ean hasi eta uztailaren 30ean amaituko da, bigarrena, berriz, abuztuaren 3tik 31ra bitartekoa izango da. Horrela, 2006. eta 2011. urteen artean jaiotako haurrek izango dute programan parte hartzeko aukera.

Miren Echeveste Euskara ordezkariak adierazi duenez, “Solas Jolas udalekuen helburua da euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko haurren jarrera hobetzea”. Euskara ordezkariak azaldu duenez ekimen honi esker, haurrek euskara modu naturalean eta entretenigarrian praktikatzeko aukera dute. Hala ere “osasun-egoera ezegonkorra denez, pandemiaren bilakaeraren arabera, unean uneko agintari eskudunek zehaztutako neurriak eta protokoloak aplikatuko dira, eta familiei jakinaraziko zaizkie”, argitu du Echevestek.

Solas Jolas programaren antolaketarako, hobebeharrez zenbait aldaketa egin dira aurten. Batetik, aurten ez da bigarren aukeraketa edo “errepeska” egingo. Hortaz gain, aurre-izenematea egitean ikastetxe bat edo bi aukeratu ahalko dira eta zozketan plaza lortuko ez dutenak ikastetxe bakoitzeko zain zerrendetara pasatuko dira. Gainera, haur guztiek ikastetxe guztietan parte hartzeko izango dute.

Aurtengo edizioko beste berrikuntza esanguratsuetako bat txandek hilabeteko iraupena izango dutela da. Bestetik, hilaren lehenengo lan egunean begiraleak bakarrik arituko dira, eta egun horretan gurasoek izango dute aukera ikastetxera joateko eta begiraleak ezagutzeko, 12:30etik 13:00etara, baina hortik aurrera hilabetea bukatu arte hartuko dute parte haurrek. Era bean, Euskara arlotik gogorarazi denez erabiliko den hizkuntza euskara da, beraz, haurrek euskara maila egokia izan beharko dute ahozko erabileran, ongi moldatu beharko dira bai hezitzailearekin eta baita bere taldekideekin ere.

Parte hartzeko aukerak
2021eko udan egitekoa den Solas Jolas programan 2011tik 2016ra jaiotako haurrek parte hartu ahalko dute, hau da, Haur Hezkuntzako 4 urtekoen gelatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitartean daudenak. Hortaz gain, Irunen erroldatuta dauden edo, nahiz eta beste udalerri batekoak izan, Irunen ikasten ari diren haurrak izan beharko dira. Era berean, 2009an eta 2010ean jaiotako haurrak badira eta aipatutako mailetako batean badaude edota 5. edo 6. mailan egonda dibertsitate funtzionala duten haurrek Solas Jolas programaren edizio honetan parte hartzeko aukera izango dute.

Dibortziatuta edo legez bananduta dauden gurasoen seme-alaben kasuan, nahiz eta Irunen erroldatuta ez egon, uztaila edo abuztu osoan zaintza duen gurasoa Irunen erroldatuta baldin badago, zaintzapeko hilabetean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako epaitegiko sententzia edo ziurtagiria aurkeztu beharko du interesatuak.

Aurre-izenemate eta erreklamazio epea
Solas Jolas 2021 udalekuan parte hartzeko aurre-izenematea martxoaren 1etik 12ko 14:00ak arte egin beharko da. Aurre-izenematea egiteko bide ezberdinak daude: www.irun.org web orriaren bitartez, SACeko autozerbitzu terminaletan egunero 8:00etatik 22:00etara, edo 010/ 943 50 51 52 telefonora deituta astelehenetik ostiralera 8:00etatik 19:00etara.

Aurre-izenematea egitean, programan parte hartu nahi duen haurraren izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoak, aukeratutako txanda (uztaila, abuztua edo biak), ikasten ari den ikastetxearen izena eta maila, Solas Jolaserako aukeratutako ikastetxea/ak eman beharko dira. Horretaz gain, haurrak dibertsitate funtzionala duen ala familiak DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) kobratzen duen zehaztu beharko dute. Izan ere, DBE kobratzen duten familiei % 75eko deskontua egingo zaie prezioan. Zozketari begira, anai-arreben kasuan, besterik esan ezean, zozketan elkarrekin parte hartuko dutela ulertuko da.

Zozketa eta behin betiko izen-ematea
Zozketarako onartutakoen behin-behineko zerrenda www.irun.org webgunean jarriko da martxoaren 22an. Horretaz gain, 010/943 50 51 52 telefonora deituta ere kontsultatu ahal izango da. Zerrendak kontsultatzea garrantzitsua da eta akatsen bat izanez gero, horren berri ematea Euskara Arloari. Erreklamatzeko epea martxoaren 22tik 26ra izango da. Horren ondoren, martxoaren 31n zozketarako behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

Plazak apirilaren 12an zozketatuko dira eta emaitzak egun horretan 15:00etatik aurrera argitaratuko dira. Irungo udalak plaza eskuratu dutenei posta elektroniko bat bidaliko die behin betiko izenematea egiteko beharko duten inskripzio-kodearekin eta erabili beharko duten loturarekin. Lotura horretan sartzeko Irun Txartela erabili beharko da.

Behin betiko izenematea Interneten bidez egin beharko da apirilaren 19tik 30era bitartean SAC24h zerbitzuaren bitartez (www.irun.org/sac), edo Autozerbitzu terminaletan (SAC Herritarra Atenditzeko Zerbitzua, Anaka eta Ventasko Kutxabank, Palmera Montero gunea) egunero 8:00etatik 22:00etara; apirilaren 30ean salbu, izan ere, egun horretan 14:00 arte egin ahalko baita.

Ikastetxe eskaintza zabala aukeran
Aurten uztailean Haur Hezkuntzarako eskainiko diren ikastetxeak hauek dira: Belaskoenea, Dunboa, Elatzeta, Lekaenea eta Toki Alai. Lehen hezkuntzan, aldiz, Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza BHI, Elatzeta eta Lekaenearen artean aukeratu ahalko da. Abuztuan, berriz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako Dunboa izango da eskainitako ikastetxe bakarra.

Prezioei dagokienez, Familia-unitateko kide bakoitzeko prezioa 72,85 eurokoa izango da haur eta hilabete bakoitzeko. Familia-unitateko 2 kide txanda berean apuntatuz gero 58,25 euro ordainduko dira haur eta hilabete bakoitzeko, 43,70 euro 3 kideren kasuan eta 29,10 euro 4 haur ego gehiagoren kasuan. Hortaz gain, DBEen onuradunak diren familiek 18,21 euro ordainduko dituzte haur eta hilabete bakoitzeko, kuota orokorraren % 75eko hobaria aitortuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude