2021eko urtarrilean Iñaki Garrido Yerobi Heraldika eta Genealogiako Madrilgo Errege Akademian kide gisa sartzea lortu zuen. Kide izateko “Nafarroako Erresumako nobleziaren merezimenduak (XIV.-XIX. mendeetan)” lana aurkeztu zuen, ostean, Ramiro de Iturraldek babestutako liburu batean argitaratu dena. Egun Baskoniako Ikerketa Historiko eta Genealogikoen Fundazioaren sorreran parte hartzen ari da.
Duela gutxi Heraldika eta Genealogiako Madrileko Errege Akademiako kide bezala onartua izan zara. Berri pozgarria izango da zuretzat?
Bai, gainera akademian sartzen den lehenengo irundarra izanda oraindik gehiago. Berri pozgarria da eta historiagile batentzat oraindik gehiago.
Akademian sartzeko tesina aurkeztu duzu. Zeri buruzko lana egin duzu?
Eserlekua hartu ahal izateko ikerketa lan bat aurkeztu behar da. Behin argitaratuta lana defendatzea tokatzen da, hogei minutuko ekitaldia da eta ziurrenik ekaina edo uztaileko hilabetean egingo dena. Berez liburua eta lana jada eginak daude.
“Gai ezezaguna da eta orain arte Nafarroan egin gabeko kontua zen”
Lana amaituta, erraza izan da liburua formatuan argitaratzea?
Ikerketak egiterakoan, behin ideia guztiak buruan izanda, zailena ideia guzti horiek paperean islatzea da. Gainera, gai berezi eta askorentzat ezezaguna denez, oraindik konplikatuagoa da. Kontuan izan lanak bi metro zabaleko zuhaitz genealogiakoa daramala, eta hori paperean egitea bere zailtasunak ditu.
Nondik datorkizu gai honekiko zaletasuna?
Gaztea nintzenetik. Hamalau edo hamasei urte nituenetik familiako kontuak, leinuak eta memoria historikoa berreskuratzeko interesa izan dut, ondorioz, nire ikasketak historia arlora bideratzea erabaki nuen, gai horien inguruan lan egiteko.
Irundarra jaiotzez, baino, lanak Nafarroarekiko lotura estua erakusten du?
Txikitatik udarak Garesen pasatzen nituen eta Nafarroa ezagutu eta disfrutatzeko aukera izan nuen bertan. Ondoren, Iruñean lan egin eta orain doktoretza amaitzen ari naiz bertan. Beraz, bai, harreman oso estua izan dut.
Ikerketan Nafarroako noblezia tituluak ikertu dituzu. Zeintzuk dira ikerketako ondorio nagusiak?
Ikerketaren bitartez XIV. mendetik XIX. mendera arte Nafarroako Erreinuaren barnean sortutako tituluak zeintzuk izan ziren finkatu dut. Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legearen ostean, Nafarroak Erresuma titulua galdu zuen eta Espainiako beste probintzi baten an- tzera funtzionatu zuen hortik aurrera. Berez, 115 titulu dira, 1365. urtetik hasita. Ikerketan Nafarroako titulu guzti hauek nola eta zergatik sortu ziren aztertzen da. Hortaz gain, bibliografia moduan, gaiaren inguruan egindako lanak ikertzen dira. Era berean, gaiaren inguruan egindako tranpak ere ikertu ditut eta 115 tituluen katalogo osoa argitaratu dut. Lanaren beste emaitza interesgarri bat 2 metroko zabalera duen zuhaitz genealogikoa gehitzen da. Zentzu horretan, oso pozik nago argitaratutako lanarekin.
Erraza izan da ikerketa osatzeko informazio guztia biltzea?
Bi urteko lana izan da. Aspalditik burutu nahi nuen lana izan da eta Madrileko akademian sartzeko gai aukeratu behar izan nuenean, gai hau lantzea erabaki nuen. Gainera, gai ezezaguna da eta orain arte Nafarroan egin gabeko kontua zen. Zailtasun nagusiak kronologia eta horren barnean sartu beharreko tituluak argitzea izan dira.
Azken finean, gertakari historikoak ulertzeko modu bat dira?
Bai, ezinbesteko modua. Familia boteretsuen erakusleak dira, beraz, noblezia tituluak gizartea irudikatzeko modua dira, Nafarroako historiaren arlo bat ulertu ahal izateko.
Noblezia tituluek garrantzia galdu dute egun?
Bai, egun garrantzi hori erabat galduta dago. Titulu horiek hor jarraitzen dute, batzuk ezagunak dira, beste batzuk ez. Egun alboan duke edo markes bat izan dezakegu konturatu gabe, garrantzirik ematen ez zaiolako. Lekuaren arabera garrantzia erlatiboa da, Madrilen, esaterako, noblezia tituluren bat duen pertsona bat hiltzen denean, eskelan tituluak aipatzen dira.
Nolako interesa piztu dute ikerketaren emaitzek?
Jendeak gaiarekiko interesa erakutsi du, kontu ezezagunak direnez, gizartean nobleziaren inguruko klixe orokor batzuk zabaldurik daude eta jendeak gaiarekiko ezjakintasun handia du. Askotan horrelako titulu bat izateak atzetik dauzkan betebeharren inguruan ezer gutxi daki jendeak. Azken finean, familia kontuak dira eta badira arrazoi ideologikoengatik tituluak ukatzen dituzten pertsonak.
Noblezia tituluekin loturik, Irungo hiriarekin loturiko adibiderik bururatzen zaizu?
Bai, badira zenbait adibide. Amerikan sortutako Valle de Santiago markes titulua Berrotaran familiarena da. Bestetik, Irunekin oso lotuta dagoen beste titulu bat Murilloko markesatua da. Jatorriz nafarrak dira, baina, XIX. mendean Irunera bizitzera etorri ziren. Nicolas Gerendiain errepublikanoaren abizena nahiko ezaguna da, Murillo el Cuende markesaren semea eta XX. mendearen erdialderaino titulua mantendu zen. Titulua galdu ostean, beharrezko zergak ordainduz berriro berreskuratu zen. Markesa hil zenean, familia errepublikanoa zenez semeek ez zuten tituluaz ezer jakin nahi eta familiako bete kide batzuei pasa zen titulia.
Beste ikerketaren bat hasteko gairik bururatu zaizu?
Bai, gai asko daude eta proiektu guztiz ezberdinak dira. Azaroan Bortziriko nobiliarioa argitaratu genuen. Gure ideia, ahal den neurrian, Baztanen ere horrelako proiektu bat aurrera eramatea da. Azkenean, proiektu interesgarri asko daude, gure arbasoak ezagutu eta hemengo gizarte sistema nolakoa zen ezagutzea ahalbidetzen duena, beraz, beharrezko ikerketak dira.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.