100 urte Irunen aurpegi atseginena erakusten

100 urte bete dira hirian Irungo Atsegiña izeneko elkartea sortu zenetik. Denbora horretan guztian asko dira elkartetik igarotako irundarren belaunaldiak. Izan ere, lagun arteko bazkarietarako eta afarietarako egoitza izateaz gain, Irunen antolatzen diren ekintza kulturalen atzean dago Irungo Atsegiña. Jesús Rubio Pilarte elkarteko lehendakaria da eta, pandemia garai atsegina izan ez arren egungo egoeraren berri eman du.

100 urteren ostean Irungo Atsegiña hirian ondo errotutako elkartea dela uste duzu?
Bai. Oso ezaguna da. Niretzat oso interesgarria da ikustea nola hiriarekin lotura duten abestietan nola aipatzen den elkartearen izena. Uste dut elkartearen izena arrazoi batengatik edo bestearengatik irundar guztien bihotzean dagoela.

Irunen antolatzen diren ekintza askoren atzean dago Irungo Atsegiña, ezta?
Normalean urtero erregeen kabalgata antolatzen dugu. Inauterietan Kaldereroen konpartsa antolatzen dugu eta Inude eta Artzainen desfilean ere parte hartzen dugu. Irungo jaietan gure erraldoiak kalera ateratzen ditugu. Hain zuzen ere, esango nuke erraldoiak direla momentu honetan elkartearen ondarerik preziatuena. Abuztuan egiten den Euskal Jiran ere parte hartzen dugu. Urte bukaeran San Tomas ospatzeko ere zerbait egiten ahalegintzen gara.

Zein da egun elkarteak bizi duen egoera?
Orain, pandemiaren txarrena pasata, gure erritmoa berreskuratzen ari gara. Irungo eta Euskal Herriko beste elkarteetan bezala, pandemiaren eragina nabaritu dugu. Bidean bazkide batzuk galdu ditugu eta nola edo hala orain normaltasun apur bat berreskuratzen ari gara. Egoera ez da oso latza, baina kalteak nabaritu ditugu.

Zer behar du Irungo Atsegiñak pandemia aurreko egoera berreskuratzeko?
Egia da pandemiarekin bazkideen kopurua apur bat jaitsi egin dela. Pixkanaka, ordea, bazkideak berreskuratzen ari garela dirudi. Hala ere, oraindik ez da guztiz berreskuratu elkartearen erabilera arrunta eta hori da zehazki elkarteetako arduradunek nabaritzen duguna. Pentsatzen dugu datorren hilabetean, hiriko jaiak direla eta, ohiko giroa berreskuratuko dela, baina momentuz horrela gaude.

Elkartearen aro berri honetarako zuen buruari helbururik ezarri diozue?
Oraindik elkartearen mendeurrena ospatzeko ekintzak prestatzen ari gara. Momentuz ez dugu ezer esango, dena ezkutuan antolatzen ari gara eta. Adibidez, maiatzaren 22an 2020. eta 2021. urteetako Irungo Erraldoiak sariak banatu genituen, pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan genuelako ekitaldi horren ospakizuna. Pandemiaren ostean elkartean antolatutako lehen ospakizun ekintza handia izan da eta hemendik aurrera mendeurrena ospatzeko beste hainbat ekintzat egingo ditugu. Ekainaren lehenbiziko egunetan emango dugu hirian egingo diren ekintza horien berri.

Atzeratutako Irungo Erraldoien sarien banaketak esperotako arrakasta izan zuen?
Oso egun hunkigarria izan zen. Ekitaldi oso polita izan zen eta eguraldi onak ere lagundu zigun. Egun horretan erraldoiak kalera atera genituen eta Irungo alde zaharretik haiekin dantzan ibili ginen. Joseba Sarriegi eta Bidasoa Atletiko Taldea izan ziren omenduak eta esango nuke oso ondo pasatu zutela. Guretzat sekulakoa izan zen hainbeste denboraren ostean hain giro ona sortu zuen ekintza bat antolatu ahal izatea.

Erraldoiak dira Irungo Atsegiñaren erakargarri nagusietako bat?
Bai. Gure erraldoiek ere 100 urte baino gehiago dituzte eta oso ondare polita dira. Orain dela urte batzuk oso esfortzu handia egin genuen denen artean, hiritarrek ere proiektuan parte hartzeko aukera izan baitzuten, erraldoiak zaharberritzeko. Oso pozik gaude emaitzarekin eta uste dugu ahal bezainbeste erakutsi behar ditugula. Horregatik, aurreratu dezakegu aurten Irungo jaietan gure erraldoiek irteera asko egingo dituztela.

Mendeurrena ospatzeko ekintza asko egingo dituzue?
Bai, noski. Ekainaren 25ean ekitaldi berezi bat egingo dugu, izan ere, egun horretan aurtengo Irungo Erraldoien saria emango dugu. Oraindik ez dugu esango nori emango diogun, baina egun berezia izango da.

Erraza da data berezi honetan elkartearen lehendakaritza kudeatzea?
Azkenean lana suposatzen du eta erantzukizun pila. Era berean, polita da, oso polita da, baina gauzak ondo egin behar dira. Egun elkartearen egoera ekonomikoa ez dago ospakizun handietarako eta, agian, beste momentu batean beste era batera ospatuko genuen.

Uste duzu sorrerako elkartearen eta egungo elkartearen artean alde handia dagoela?
Bai, argi dago gauzak asko aldatu direla. Elkartea toki desberdin batean hasi zen, Irungo Kale Nagusian hasi zen eta honaino iritsi gara. Denbora horretan guztian jende asko pasatu da elkartetik. Esango nuke gaur egun elkartea aberatsagoa dela, transbertsalagoa, mota guztietako jendea sartu da eta poz-pozik gaude.

Adin eta gustu desberdinetako jendearentzat bilgunea da elkartea?
Bai, egun elkartean jatorri eta ezaugarri desberdineko pertsonak dauzkagu. Gainera, emakumeak ere elkartera sartu dira.

Nola irudikatzen duzu Irungo Atsegiña elkartearen etorkizuna?
Zer nahiko nukeen? Elkartearen jasangarritasunarekin amestu nahiko nuke. Ez da ahaztu behar elkartea enpresa txiki bat bezalakoa dela eta denok modu boluntarioan lan egiten dugula bertan. Gure denbora librea erabiltzen dugu elkartearen kudeaketaz arduratzeko. Ez dago esan beharrik zailtasunak asko direla eta askotan gauzak egiteko laguntza gehiago beharko genukeela. Beraz, alde batetik kudeaketa sendotu beharko litzateke. Nola ez, jarraipena bermatzeko ere prestatu behar da elkartea. Horretarako Irunen laguntza beharko dugu, Irungo pertsonen laguntza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude