Ekainaren amaieran jakinarazi zen Mikel Llorente hondarribiarra izango zela Real Unión klubeko entrenatzaile berria. Entrenatzailea dagoeneko ari da futbolariekin batera lanean 2024-2025 denboraldia prestatzeko. Futbol munduan orain arte bere ibilbidea zein izan den errepasatu ostean, Llorentek talde irundarrarekin duen proiektuaz hitz egin digu.
Nolakoak izan dira denboraldi berria prestatzeko lehen entrenamenduak?
Egia esan, kluba nirekin harremanetan jarri zen momentutik oso lanpetua egon naiz. Pixkanaka jokalari talde berria sortzen joan gara, nahiz eta oraindik 3 edo 4 jokalari berri taldera batuko direla uste dugun. Lan handiko egunak izan arren, lehen sentsazioak onak izan dira bai klubari, jokalariei zein lehenengo saioei dagokienez. Jokalariek proiektu honekiko ilusio handia dutela uste dugu.
“Duela 8 urte erabaki bat hartu nuen noizbait momentu hau iritsiko zelakoan eta hala gertatu da”
Nola iritsi zitzaizun Real Unióneko entrenatzailea izateko proposamena?
Urte luzez, 14 urtez, alegia, Hondarribiko entrenatzailea izan naiz. Gero, nire bizitzan erabaki garrantzitsu bat hartu nuen, Irunen fabrika batean nuen lana utzi nuen futbol entrenatzaile izateko helburuarekin, oso zaila zela jakin arren. Madrilera joan nintzen azken entrenatzaile titulua lortzeko. Horrela, Suitzara bigarren mailako bigarren entrenatzaile izateko aukera izan nuen eta handik bueltan 6 urte eman ditut Realean. Realeko etapa amaitu ondoren, aukera hau agertu zait eta niretzat oso aukera polita da. Duela 8 urte erabaki bat hartu nuen noizbait momentu hau iritsiko zelakoan eta hala gertatu da. Orain gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu hau aurrera ateratzeko.
Etxean bezala sentitzen zara talde honetan?
Bai, etxetik gertu egonda, askotan etorri naiz Stadium Galera futbolzale bezala partiduak ikustera. Eta Galeko atetik sartzen zaren lehen egunetik aurpegi ezagun asko ikusten dituzu eta horrek lasaitasuna emateaz gain, zugan konfiantza handia dutela sentiarazten dizu. Proiektu hau aurrera eramateko pertsona egokia zarela pentsarazten dizu eta erronka garrantzitsu baten aurrean lasaitasuna ematen du horrek.
Erraza izan zen jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasatzea?
Oso era naturalean gertatu zen. Gaztetan Realeko kategorietan jokatu nuen eta behin Sanserekin bigarren B mailan denboraldi eta erdiz jokatu ostean, abenduan Hondarribira laga ninduten. Han urte erdia egin ondoren, klubak infantilak entrenatzeko aukera eskaini zidan eta horrela hasi nintzen jokalari eta entrenatzaile lanak bateratzen. Entrenatzaile izatea gustuko nuela konturatu nintzen orduan. Urte asko, 20 baino gehiago, daramatzat futbol zelaiko aulkian, 16 edo 17 urte nituenean Hondarribiko ikastolan Eskola Kiroleko entrenatzaile izan nintzelako. Beraz, orain dudan aukera profesional hau ondo aprobetxatzea espero dut.
“Lehiakorrak izateko profil desberdineko jokalariak bilatu ditugu”
Oso ezberdinak dira entrenatzailearen zereginak taldearen kategoriaren arabera?
Kirol arloari dagokionez, zerikusi gutxi dauka. Hondarribin genituen helburuak desberdinak ziren, kiroletik harago, herriko jendearen artean kirola eta futbola sustatzea bilatzen zelako. Real Uniónen, berriz, helburua asteburuko partidua irabaztea da. Taldearen kudeaketari dagokionez, aldiz, ezberdintasun gutxiago dago, jokalarien adina oso bestelakoa bada ere, azken batean, denak pertsonak direlako. Lehenik haiengan konfiantza sortzea funtsezkoa da, gero taldean errendimendua onena izan dadin.
Zure herriko taldean bertan entrenatzaile izateak hori erakutsi dizu?
Bai, egia da Hondarribian entrenatzen duzunean baliabideak mugatuak direla, momentu askotan eskasak: entrenatzeko zelai gutxi edo entrenamenduetan jokalari gutxi izatea. Baldintza eskasia horren erdian entrenatzaile bat hazi egiten dela uste dut. Gaur egun baliabide gehiagorekin erosoago sentitzen zara, baldintza zailagoetan taldea aurrera ateratzeko gai izan zarelako.
Suitzan ere gauza asko ikasteko aukera izango zenuen, ezta?
Nire lehen esperientzia profesionala hori izan zen, gainera, bigarren entrenatzaile bezala. Horrek ere beste ikuspuntu bat ematen dizu, bigarren entrenatzaile gisa protagonismo gutxiago duzun arren, bigarren plano horretatik gauza asko ikasten dira. Orduan, futbol profesionalean jokalariek dituzten beharrez jabetu nintzen eta, gaur egun, lehen entrenatzaile gisa oso baliagarria zait esperientzia hori.
Atzerrian lan egiteko modua oso desberdina da?
Ez, nire kasuan hemengo ideia eraman nuelako hara. Beraz, uste dut gu baino gehiago, hango jokalariak izan zirela gehiago moldatu behar izan zutenak. Haiek entrenamenduaren beste ikuspuntu bat zeukaten eta gu hori aldatu nahian iritsi ginen.
Etxera itzultzerakoan Realeko gazteak entrenatu zenituen. Uste duzu harrobiarekin lan eginez ere asko ikasten dela?
Egia esan, entrenatzailearena lan polita bezain exijentea da. Polita da jende gaztearekin lan egitea eta beraiei laguntzeko aukera izatea, protagonistak beraiek direlako. Oso sentsazio polita da 16 urterekin entrenatu duzun jokalari hori gero lehenengo taldearekin debutatzen ikustea. Beraz, asko betetzen zaituen zerbait da, jokalariek aurretik beraiekin egin duzun lana asko baloratzen dutelako eta eskertzekoa da. Oraingo etapa honetan formakuntza oso garrantzitsua izango da, beti izango dugulako hobetzen jarraitzeko helburua. Prestakuntzaz gain, asteburuetan errendimendua ere erakutsi behar da, esperotako emaitzak lortzeko.
“Egonkortasun horrek erosotasuna ematen dizu”
Realarekin bigarren RFEF mailan bi urtez egon zinen, nolakoak izan ziren?
Onak izan ziren, bi urte eman nituen lehen entrenatzaile moduan eta oso kategoria exijentea da, gainera, jokalari oso gazteak zirelako. Mailarengatik zailtasunak izan arren, emaitza eta sailkapen aldetik oso urte txukunak izan ziren.
Orain Real Unión Lehen RFEF mailan hartu duzu. Aldaketa handirik nabaritu duzu?
Bai, noski, aldaketa bistakoa da. Orain lehen taldea zarela nabaritzen duzu, adibidez, jokalarien aldetik mugimendu gutxiago dago eta taldea itxiagoa da. Egonkortasun horrek erosotasuna ematen dizu. Beste pauso bat da eta horrek ere beste exijentzia maila bat eskatzen du, egunero mantendu beharrekoa, asteburuetan emaitzak lortzeko, eta horretarako lanean ari gara orain.
Zer sentsazio izan dituzu denboraldiaurrean zehar?
Orain emaitzak ez dira garrantzitsuena. Denboraldiaurrean garrantzitsuena taldekideek elkar ezagutzea da. Birmingham-en aste oso bat eman genuen lanean. Bertan sekulako baldintzetan lan egiteko aukera izan genuen. Horretaz gain, elkar ezagutzen jarraitzeko aukera eman zigun. Gainera, aste oso polita izan zen. Jokalariei lehenengo egunean esan nien bezala, denboraldiaurreko helburu nagusia da jokalari guztiek ahalik eta saio gehien egitea eta inor ez gelditzea bidean lesio batengatik. Zaila izaten da kargen kudeaketa hainbeste partidurekin. Oraindik taldea osatzea falta zaigunez, jokalari batzuk bere postutik kanpo jokatzen ari dira, aukerarik egokiena ez den arren. Filialeko jokalari batzuk asko laguntzen ari zaizkigu. Aukera hau baliatu nahi nuke beraien ahalegina eskertzeko, haiei esker minutajearen kudeaketa errazagoa suertatzen ari delako lesioak saihesteko garaian.
Zertarako baliatu zenuten Birminghameko egonaldia?
Batez ere, gure artean hobeto ezagutzeko. Guk askotan jokalariak ezagutu nahi ditugu, baina jokalariek ere staffa ezagutu nahi izaten dute. Egun horietan zehar elkarbizitza oso ona izan zen. Gero entrenatzeko sekulako instalakuntzak izan genituen eskura. Beraz, oso aste positiboa izan zen guztiontzat.
Beraz, aurten ere ekarriko ditu onurak Real Unión eta Aston Villaren arteko akordioak, ezta?
Akordio hori Real Uniónentzat oso ona dela uste dut. Maila honetako beste taldeek ez dituzten baliabide batzuk ematen dizkigu. Aston Villak Real Uniónen proiektuan ilusio handia duela uste dut eta hortik dator laguntza eskaintzeko hainbesteko interesa.
“Orain gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu hau aurrera ateratzeko”
Taldean jokalari berriak izateak asko oztopatzen al du entrenatzailearen lana?
Iaztik klubaren eta staffaren artean elkarrizketa asko izan dira proiektu honetan zeinek jarraitu behar duen erabakitzeko. Zorionez, jarraitzeko aukera proposatu zaienei hala egitea erabaki dute. Bestetik, uste dut klubak jokalari berriak ekartzeko ahalegin handia egin duela aurten. Gure arteko elkarrizketetan fitxaketak egin ahal izateko profilak markatzen ditugu. Pozik gaude horiengana jo dugunean, gure lehen aukerak zirenak orain gurekin ditugulako.
Zer bilatu duzue aurtengo jokalarien taldea osatzeko?
Lehiakorrak izateko profil desberdineko jokalariak bilatu ditugu. Postu jakin batzuetarako oso profil lehiakorretara eta esperientzia handikoetara jo dugu. Bestetik, jokalari euskaldunak lortu nahi izan ditugu, uste baitugu horrek egunerokotasunean aldagela asko indartzen duela. Azkenik, profil gazteen bila ere ibili gara, proiekzio eta ilusio handiko jendearen bila, beste harrobi batzuetatik etorritakoak. Profil horien guztien nahasketari esker, uste dut oso plantilla lehiakorra sortu dugula.
“Egia esan, entrenatzailearena lan polita bezain exijentea da”
Etorkizunean fitxaketa berriak egiterakoan, kontuan izango al duzue harrobia?
Guretzat harrobia oso garrantzitsua da. Esandako moduan, denboraldiaurrean asko laguntzen ari zazikigu, beraien errendimendu onari esker. Beraz, jokalari horiek asko zaindu behar ditugu. Asteburuetan filialarekin lehiatu behar direla jakin arren, lehen taldearekiko lotura edukitzea oso garrantzitsua da inguruko jokalariek Real Uniónen geratzeko nahia izan dezaten.
Azken bi denboraldietan Real Uniónek izandako emaitzak ikusita, presio handiagoa nabari duzu?
Orain denboraldiaurrean gaude, lehiatzen hasten garenean sentsazioa bestelakoa izango da. Egunero egiten dugun lana oso exijentea izatea nahi dugu, hau da, entrenamendu bakoitzari bere garrantzia ematea. Uste dut momentu honetan kluba, staffa eta jokalaria ilusio handiarekin gaudela. Jokalariei ilusioaz gain, baliabideak eman nahi dizkiegu asteburuetan ondo lehiatzeko eta zaleak ilusionatzeko. Gure helburua hori ere bada, zaleak erakartzea eta taldeak egiten duenarekin identifikatuta sentitzea. Horretarako, poliki-poliki joango gara aurrera, taldeari helburu hurbilak markatuz, afizioarekin elkartuz gero oso indartsuak izango garela uste dut eta. Niri ez zait gustatzen ilusioa saltzea; ilusioa sortzea nahiago dut. Eta hori lanaren bitartez lortzen da.
Mikel Llorente Etxarri
Mikel Llorente Etxarri futbolari ohia Real Unión klubeko futbol entrenatzailea da gaur egun. Joseba Llorente futbolari ohiaren anaia, 2017ko udan entrenatzaile-txartela lortu ondoren, Suitzako Bigarren Mailako Challenge Leagueko Football Club Chiasso klubeko bigarren entrenatzaile gisa aritu zen. 2018-19 denboraldian, Realean “A” gazte taldea zuzendu zuen. Hurrengo bi denboraldietan Realeko oinarrizko futboleko taldeak zuzendu zituen, 2021-22 denboraldian, Realeko “A” gazte mailako taldearen gidaritzara itzuli aurretik. 2022ko ekainean, Mikel Bigarren Federazioko Realeko “C” taldeko entrenatzaile bihurtu zen 2022-2023 denboraldia zuzentzeko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.