Irungo Udaleko Kultura arloak 2024ko Adour-Bidasoa pintura-lehiaketako irabazleak jakinarazi ditu. Gaur, irailak 13, erakusketa irekiko eta sariak banatuko dira. XXXIII. edizio honen irabazlea Jesús María Saez de Vicuña Ochoa artista gasteiztarra izan da, Hodeia zainduz izeneko lanagatik.
Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak nabarmendu duenez, «pozgarria da Adour-Bidasoa lehiaketaren beste edizio bat egin dela ikustea, zer osasun onean dagoen erakusten baitu. Irmo eusten diogu artearen eta pinturaren dibulgazioari eta sustapenari, eta ederki erantzun dute lehiaketara aurkeztu diren pertsona ugariak, irundarrak batzuk, kanpokoak besteak».
Aurten 52 artelan aurkeztu dira, leku askotatik: 35 obra Gipuzkoatik iritsi dira; 5, Araba, Bizkai eta Nafarroatik; 8, Frantziatik eta 4 beste leku batzuetatik, zehazki, Errioxatik, Granadatik ea Sevillatik. Nabarmentzekoa da, era berean, artista gazteek aurkeztutakoak direla 10 lan.
Hona hemen Adour-Bidasoaren XXXIII. edizio honen sarien banaketa:
- LEHEN SARIA, 500 euro eta plaka bat, Gasteizko Jesús María Sáez de Vicuña Ochoarentzat, Hodeia zainduz izeneko 9 zenbakiko obrarengatik (olio-pintura mihise gainean, 100 x 81 cm). Obra hori Udalaren ondarera pasatuko da.
- EPAIMAHAIAREN SARI BEREZIA, 500 euro eta plaka, Calahorrako (Errioxa) Francisco Javier Garrido Romanosentzat, Pikondo baten eraikuntza izeneko 31 zenbakiko obrarengatik (teknika mistoa, 144 x 144 cm).
- ARTISTA GAZTEAREN SARIA, 500 euro eta plaka, Zornotzako Martzel do Nascimentorentzat, Faca de queijo não corta izeneko eta 39 zenbakiko obrarengatik (olio-pintura mihise gainean, 120 x 120 cm).
Bestalde, hauek izan dira finalisten diplomen irabazleak:
- 10 zenbakiko obra, Adabakiak berriz ere! / Siempre con petachos!, olio- eta grafito-pintura mihise gainean, 97 x 130 cm, Hernaniko Sofia Arostegi Parrarena.
- 24 zenbakiko obra Transhumantzia, teknika mistoa oihal gainean, 122 x 122 cm, Eraulgo (Nafarroa) Mari José Recalderena.
- 37 zenbakiko obra, olio-pintura liho gainean, 92 x 146 cm, Huétor Santillán-eko (Granada) Leonor Solansena.
Epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Edorta Kortadi, Javier Sagarzazu, Helena Elbusto, Xabier Arribas eta María José Aranzasti.
Amaia KZko erakusketa-aretoaren ordutegia
Goian esan bezala, ostiral honetan, irailak 13an, irekiko da Amaia KZko erakusketa, 19:00etan. Urriaren 13ra arte egongo da ikusgai, ohiko ordutegian: 18:00etatik 21:00etara asteartetik larunbatera, eta 11:30etatik 13:30etara igandeetan. Astelehenetan itxita.