Irungo Udaleko Kultura arloak interesdun guztiei jakinarazten die datorren asteazkenean, abuztuaren 21ean, itxiko dela XXXIII. Adour-Bidasoa pintura-lehiaketarako obrak aurkezteko epea. Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek beren pieza entrega dezakete 14.00ak baino lehen Amaia KZn edota korreoz 21.00ak baino lehen.
Lehiaketan parte har dezakete nahi duten margolari guztiak, profesionalak edo amateurrak izan, baldin eta 18 urtetik gorakoak badira eta 2024ko abuztuaren 12a baino lehen bete badira. Aurkeztutako obra guztien artean, epaimahaiak sariak banatuko ditu: lehen saria eta 2.500 € irabazlearentzat, artista gazteentzako saria, 500 eurokoa, 30 urtetik beherako artista batek margotutako obrarik onenarentzat; epaimahaiaren sari berezia, 500 eurokoa hori ere; eta, azkenik, finalistentzako diplomak, epaimahaiak aipamen hori ematen dien obrentzat.
Deialdiaren oinarrien arabera, lehiakide bakoitzak obra bakar bat aurkez dezake. Obra originala eta argitaragabea izan behar da, beste lehiaketa batean saritu gabea, gai eta teknika librekoa, eta aldeen neurriak 80 cm izango dira gutxienez eta 150 cm gehienez. Lanak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, eta izenburua atzealdean jarrita.
Sariak irailaren 13an banatuko dira, hautatutako obrekin osatutako erakusketa inauguratzearekin batera. Erakusketa hori urriaren 13ra arte egongo da ikusgai Amaia KZn.
Lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago nahi dutenek, herritarren arreta-telefonora dei dezakete, 010 edo 943 50 51 52 zenbakietan, edo Kultura arlora, 943 50 54 07 zenbakian. Informazioa Udalaren webgunean ere argitaratu da.