Irungo Udalaren Mugikortasun arloak proba pilotu bat egingo du bidegorri bat txertatuz Nafarroa hiribideko goranzko noranzkoan 2024ko Mugikortasunaren Europako Astean, hiri barruko mugikortasun jasangarria sustatzeko irailaren 16tik 22ra bitartean egingo diren beste jarduera batzuen artean.
Ildo horretan, hiriko mugikortasun jasangarriaren planak (HMJP) hirian bidegorri baten jarraikortasuna ezartzen du. Beraz, proba pilotu hau urrats handia izan daiteke horren bideragarritasuna eta funtzionaltasuna aztertzeko, etorkizunera begira.
Hiri Garapen, Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, «proba pilotu honek aukera emango digu diseinu berriak martxan ikusteko obra zibileko inbertsioak egin aurretik. Ildo horretan, jarduketa pilotu honek bideko segurtasuna eta joan-etorrietarako aukerak hobetuko ditu, komunitateari begira antolatutako kale-diseinua sustatuko du eta adin eta gaitasun guztietako pertsonen irisgarritasuna eta erosotasuna handituko ditu».
Iaz, ildo beretik, proba pilotu bat egin zen Colón pasealekuan, Mugikortasunaren Europako Astearekin batera orduan ere. Herritarrek bertan bidegorri bat nora geratuko litzatekeen erakustea zen xedea, eta aurtengo proba pilotuarekin jarraipena eman nahi zaio proposamen horri.
Irailaren 16tik 22ra, biak barne, aldaketa hauek egingo dira Nafarroa hiribidean:
- Goranzko norakoan: aparkalekuen ilara kenduko da, bertan aldi baterako bidegorri babestuarentzako lekua egiteko.
- Beheranzko norakoan: aldaketarik ez.
Zirkulazio aldaketak
Aurreikustekoa den moduan, proba pilotu honek zenbait aldaketa eragingo ditu zirkulazioan:
- 13 ostirala eta 14 larunbataren artean: Udaltzaingoak hesiak jarri eta goranzko noranzkoa zigilatuko du ibilgailuak asteburuan zehar erretiratzeko, astelehenean aparkalekuen ilara libre egon dadin.
- Irailak 16, astelehena:
- Brigadak new jerseyak eta seinaleak jarriko ditu.
- Hiria berroneratzeko agenteek zenbait lan egingo dituzte hilaren 16tik 18ra: txirrindulariak zenbatu, bidegorria mantendu, galdeketak etab.
- Irailak 23, astelehena: brigadak balizak eta seinaleak jasoko ditu; ondoren, berriz ere aparkatzeko libre geratuko da eremua.
Horrez gain, zamalanetarako eremua eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako plaza lekualdatu egingo dira. Bi erreserbatu horiek Nafarroa hiribidearen beste norakoan egongo dira probak iraun bitartean.