Irungo Udalak jakinarazid duenez aste honetan abiatu dira hiriko hainbat bidegorri hobetzeko eta horien zoladura berritzeko lanak. 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan hautatutako proposamenetako bati erantzuna ematen zaio horrela.
Behar handiena duten puntuan berrikusi dira, eta hiru kokaleku hautatu. Lanak datozen bi hilabeteetan egingo dira, eta 129.090,28 euroko aurrekontua dute.Konponduko den lehen bidegorri zatia Ibarlan dago, Borda Txikitik Meaka auzoko 92.eko sarbiderainoko tartean. Lanak abian dira jada, eta bidea moztu behar izan da hala oinezkoentzat nola txirrindularientzat.
Aukeratu diren beste bi bidegorri zatiak hauek dira: Ricardo Alberdi kaletik Antonio Valverde kalerantz doan bidegorria eta haren jarraipena (Artiako kanalaren ondotik, Juan Luis Seisdedos kalearekin gurutzatzen den punturaino, Palmera Monteron), eta Alai Txoko parkeko bidegorria. Proiektua Asfaltalia SL enpresari esleitu zaio.
Proiektu hau bidegorri sarea mantendu eta, ahal den heinean, zabaltzeko egiten diren gainerako lan guztiei gaineratu behar zaie. Iaz, esaterako, 126.250,94 euro bideratu ziren bidegorriak konpontzera, eta uztailean bizikleta-garbitegi bat ireki zen, hiriko txirrindularien eskariei erantzuteko.