
Orain dela 100 urte argitaratutako El Bidasoa aldizkariak duela mende bat Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkariko lehen testuan Horacio de Sarasquetak sagardotegi testuinguruan ikusitako idi proba bateko apustuaren adibidea erabiliz azaltzen du jokoa eta neurririk gabe edatea errefusatzen dituela. “Versos románticos” atalean, berriz, Yolek idatzitako Butroe gazteluari buruzko olerkia irakur daiteke. Jarraian, Miguel Berásteguik Ameriketatik Irungo gertaeren jarraipen estua egiten duela onartzen du, bide batez, San Estanislao ikastetxeko Guillermo Iguarán maisuak omenaldia merezi duela esateko. Orrialdearen amaieran, “Callejeando” atalean hainbat albiste labur biltzen dira. Batetik, gazteen heziketa desegokia eta errespetu falta etengabeak kritikatzen dira. Bestetik, hirian eraikitzen ari de etxebizitza kopuru handia aipatzen da.

Bigarren orrialdean, kirol kronikan, Real Union klubaren zuzendaritza batzorde berria aurkezten da. Ostean, Irunen haurrentzako futbol txapelketa bat antolatuko dela jakinarazten da. Era berean, hurrengo igandean hirian jokatuko diren futbol partiduen berri ematen da. “Notas del alarde” testuan alardearen etorkizunaz hausnartzeaz gainera, Zalditeriako Eskoltaren uniformea aldatu dela azaltzen da. Orrialdearen amaieran Sanmartzial festak iristeko gutxi falta dela agerian gelditzen da alpargaten salmentaren iragarkiarekin.

Hirugarren orrialdean “Notas municipales” atalean azken udal bilkuran hartutako erabakiak jakinarazten dira. “Ecos de sociedad” atalean, berriz, Irungo goi klaseko biztanleen bizitzekin lotutako nobedadeen berri ematen da, besteak beste, bidaiekin, ezkontzekin eta ikasketekin lotutako nobedadeak aipatuz. “Noticias” atalean, berriz, azken albiste labur batzuk biltzen dira aldizkaria amaitu aurretik.