Xabier Ormazabalen aurpegia ezaguna egingo zaizue askori, nahiz eta batzuek ez duzuen jakingo zergatik ote den. Traje eta gorbatarekin agian errazago kokatuko duzue, itxura horrekin sartzen baita etxe askotan astebururo, telebistaren beste aldetik ETBko Teleberri albistegiak aurkezten. Bere eguneroko lanaz hitz egiteaz gainera, elkarrizketa honetan Xabier Ormazabalek musikarekiko duen zaletasuna ere partekatu du gurekin.
Arraroa izan behar du zuretzat, ez kameraren aurrean egotea, baizik eta elkarrizketatua zu zeu izatea, ezta?
Bai, izan ere, ez dizkidate ez elkarrizketa asko eskatzen ezta egiten ere, baina, hala ere, gustura nago.
“Nik ez nuen kazetari izan nahi, kameren atzean lan egin nahi nuen”
Bizitzak itzulinguru asko ematen ditu eta horietako bati edo askori esker ETBko asteburuetako albistegietako aurkezle izatera iritsi zara. Zein izan da zure ibilbidea honaino iristeko?
Nik ez nuen kazetari izan nahi, kameren atzean lan egin nahi nuen, hau da, ikus-entzunezkoetan, baina kameraren beste aldean, adibidez, errealizadore edo zinema muntatzaile bezala. Kontua da unibertsitateko praktiken esleipenera berandu iritsi nintzela, praktikak banatu zirenean kanpoan bainengoen Erasmusen. Beraz, nik praktikak eskatu nituenerako libre zegoen aukera bakarra EITBko Kirol sailean kazetari postu bat zen. Eskaera onartu zidaten eta bertan azaldu nintzen eta esan beharra dut hasieran uste baino gusturago egon nintzela bertan. Nik gaurkotasuna beti maite izan dut, kiroletan batez ere, baina baita beste esparru batzuetan ere. Horrela, postu batetik bestera igaro nintzen eta azkenean kasualitatez, nire aurretik zeudenek ezin zutelako, platoan sartzeko aukera eskaini zidaten eta dirudienez gustatu da. Hortaz, hainbat esparrutan lanean ibili ostean, orain albistegietan nago.
“Nik gaurkotasuna beti maite izan dut, kiroletan batez ere, baina baita beste esparru batzuetan ere”
Nolakoa da albistegiak aurkezten dituen kazetari baten lana, batez ere, kameraren beste aldetik ikusten ez denari dagokionez?
Normalean ohikoena da egunero kazetari bakoitzak lan bat hartzea eta hori jorratzea. Nire kasuan ezberdina da, nik denetatik jakin behar dut, agian hain sakonki ez, baina bai apur bat behintzat. Orduan, egunero egin behar dudan ariketa nagusia informatuta egotea da. Horretarako, goizero irratia entzuten dut, telebista ikusten dut edo egunkariak irakurtzen ditut. Beraz, nire lan egiteko modua hori da, ahal dudan gehiena irakurtzea eta irenstea. Izan ere, nik esaten dudanaren % 95a nik idatzitakoa da, nik berridatzitakoa eta oniritzia emandakoa. Hortaz, nire zeregina jakinduria pilatzea da, hori nola erabili jakiteko, bai akatsik ez egiteko eta baita esandakoarekin gustura geratzeko.
Azken batean, albistegiak talde lana dira, ezta?
Hori da. Azkenean, imajinatu behar da nik esaten dudana albiste baten zati txiki bat dela bakarrik. Gero horiei formatu bat eman behar zaie eta irudiak sartu behar dira eta hori guztia kazetari bakoitzak egin beharreko lana da, pantailan ikusiko dena sortzeko. Beraz, nire lana da nik esango dudana sortzea eta ez beti gainera.
“Nire kasuan ezberdina da, nik denetatik jakin behar dut, agian hain sakonki ez, baina bai apur bat behintzat”
Teleberri batean askotariko gaiak lantzen dira 40 minutu eskasetan. Ez du erraza izan behar egunero laburpen ariketa hori egitea.
Ez, baina zorionez hori ez da nire eginkizuna. Nire lana aurkeztea da eta nire esku dagoen heinean informazio zehatza ematea. Baina edukiak kudeatzeaz, aukeratzeaz eta ordenan jartzeaz editorea arduratzen da, ez ni, zorionez, esan behar dut.
Telebistan lan egiteak, zure aurpegia ezagun egitea dakar. Lanetik kanpo zaudenean, jendeak ezagutzen zaitu?
Ez nuke esango fama denik. Gehien nabaritu izan dudana da, kaletik noanean jendea begira geratzen zaidala, baina ez dutela erabat kokatzen zergatik natzaien ezaguna. Izan ere, jendeak trajearekin ezagutzen nau eta era jakin batean orraztua, baina normalean kaletik noanean ez naiz trajearekin joaten, ezta pentsatu ere! Normalean ez naiz hain elegante janzten. Beraz, ohikoa da jendeak ni ezagutzea baina ez guztiz. Adibidez, aurrekoan Durangoko Azokan grabatzen egon ginenean batek esan zidan, “ez nuen pentsatzen hain altua zinenik”. Nik 1,80 neurtzen dut, beraz, ez da hainbesterako. Hortaz, jendeak ezagutzen nau, baina ezaguna naizen lekutik kanpo, ez hainbeste, behintzat nire kasuan, ez bainaiz futbolaria, ezta gutxiago ere.
Zure ibilbidean zehar, aurkeztutako albiste guztien artean, bereziki markatu zaituen albisterik edo gertaerarik gogoratzen duzu?
Ez nuke albiste bakarra aukeratuko. Egia da ni albistegietan nagoenetik, ahalegin bat egin dela albistegiak platotik atera eta beste leku batzuetan egiteko. Nik hori oso gustuko dut, nire balioak beste era batera erakusteko aukera ematen didalako. Normalean horrelako emisio bereziak egiten direnean ez dugu hainbeste irakurtzen edo inprobisazio handiagoa dago, beraz, aurkezlearentzako erronka bat da. Lehenbizikoak Durangoko azokan, Donostiako Estropadan edo Korrikaren egunean egin genituen. Horrelako saioak ondo ateratzen direnean, izan ere platotik ateratzerakoan arrisku gehiago dago, zapore oso gozoa uzten dizute. Gainontzekoan, nire errutina oso antzekoa da, ia egunero platora joatea bakarrik delako. Istorio gehiago daude platotik atera eta beste leku batzuetara lan egitera zoazenean, platoan sartzen zarenean baino, orduan, gehiago daukat kontatzeko erreportari nintzenean baino.
“Esango nizuke ez nukeela nahiko nire bizitza osoan zehar albistegietako aurkezlea izan, gauza gehiago egin nahiko nituzke”
Etorkizunera begira, bada eman nahiko zenukeen albisterik?
Ez, egia esan, nik ez dut horrelakoetan pentsatzen. Oso galdera tipikoa da eta jendeak normalean oso erantzun tipikoak izaten ditu horrelako galderetarako, baina ez da nire kasua. Esango nizuke ez nukeela nahiko nire bizitza osoan zehar albistegietako aurkezlea izan, gauza gehiago egin nahiko nituzke. Zer kontatzen? Ba egia esan, berdin zait, ez daukat horrelako ametsik edo ideiarik.
Albisteak jorratzerakoan, zure jaioterriarekin, Irunekin edo zure zaletasunekin loturiko albisteak direnean, modu berezian sentitzen eta kontatzen dituzu?
Saiatzen naiz, esaterako, Durangoko Azokan elkarrizketatzeko dauden artista guztien artean, ni reggae zalea naizenez, Skabideanekoak ikusi nituenean haiengana joan nintzen elkarrizketa bila. Beraz, ahal dudanean saiatzen naiz horrelakoak egiten, baina dena irizpide duin eta arrazoitu batekin, ezin baitut nire interesa jarri albistearen gainetik, noski, inork ez luke hori egingo. Irundarra izanik, ez dakizu zenbatetan kontatzen ditugun asteburuetan hirian gertatutako lapurretak, droga operazioak, edo bortxaketak. Izan ere, mugan dagoen hiri batean bizi gara eta 60.000 biztanletik gora ditu, beraz, albiste askorako ematen du. Batzuetan txantxa egiten dugu erredakzioan horrekin, lankideek asteburuan Irunen oraingoan zer egin dugun galdetzen didatelako.
“Nahiko nukeena da piano klasiko hori reggaean aplikatzea, ez baitut oraindik ariketa hori sakonki egin, baina gustatuko litzaidake”
Jendea zu trajez eta gorbataz jantzita ikustera ohitua dagoenez, askok ez dute imajinatuko reggae musikarekiko duzun zaletasuna, ezta?
Noizbait erantzun behar izan dut hau, galdera egin didatelako. Izan ere, azken urtean DJ egin diren famatu asko izan direlako, baina hori ez da nire kasua. Nire lehen diskoak unibertsitate garaian erosi nituen eta pixkanaka bilduma bat osatzen joan naiz. Hemen Bad Sound Systemekin eta Stepirekin batera asko ikasi dut. Bere lokalean ordu luzeak eman ditugu eta asko erakutsi dit, berak kontzertuak eman ostean, niri musika jartzen utzi bainau. Bad Sound System taldea 2009. urtean ezagutu nuen, plaza honetan bertan, Moskuko plazan, jai pirata batean, goizeko ez dakit ze orduak arte eta flipatu egin nuen. Hortik aurrera, bizitza aldatu zait zentzu horretan, haiei esker reggaea ezagutu nuelako eta sekulako mundua ireki zitzaidan hortik aurrera. Oso zalea eta oso frikia naiz, beraz, reggaea entzutea eta horren inguruan irakurtzea gustatzen zait.
Piano ikasketek musikarekiko duzun pasioa garatzen lagundu dizutela esango zenuke?
Beti izan dut musikarekiko pasioa, noski. Irungo Musika Kontserbatorioan ikasketak egin izanak seguruenik eman didan zerbait da, beste batzuekin alderatuta, hau da, musika errazago edo beste era batera ulertzeko gaitasuna. Pianoa jotzen ikasi nuen eta oraindik pianoa jotzen jarraitzen dut. Nahiko nukeena da piano klasiko hori reggaean aplikatzea, ez baitut oraindik ariketa hori sakonki egin, baina gustatuko litzaidake.
Eta ariketa horretaz gain, zure ibilbide profesionala musikaren mundura bideratu nahiko zenuke?
Nik kontserbatorioan ikasi nuen eta hurrengo pausua zen Musikenera joatea. Jendeak ez daki zer sakrifizio eskatzen duen musikari profesionala izateak. Nik nire ikasketen amaieran pianoa jotzen nuen ordubetez edo bi orduz egunean. Beraz, hurrengo mailara pasatzeko 4 edo 5 orduz jo behar da pianoa egunean. Horrela, zure bizitza erabat bideratu behar duzu horretara. Nik ez nuen nire bizitza horrela imajinatzen, gainera ez dut ez talentu nahikorik ez eta sakrifizio gaitasun nahikorik ere. Beste era batera beste batzuek ibilbidea egin dute musikaren munduan, baina nik hemen ezagutzen ditudanek, lokaletan sartuta ibiltzen direnek, ia egun osoa ematen dute bertan. Sekulako sakrifizioa suposatzen du eta nik badut gustura nabilen lan bat. Horrela kasualitatez tokatzen bada ba bai, egingo nuke, baina ez dago nire planetan.
“Albistegiak oso zurrunak dira eta uste dut gehiagorako eman dezakedala”
Hala ere, deigarria da, Faktoria saioan egindako elkarrizketa batean kontatu zenuen bezala etxean 1.000 binilotik gora dituzula. Kopuru horrek gora egin du ordutik?
Pare bat urte daramatzat 1.000 binilo inguru ditudala esanez, orain dela 4 edo 5 urte egin nuen azken zenbaketa eta orduan 800 inguru ziren. Ordutik erosten jarraitu dut, baina ez dakit zehazki zenbat ditudan, baina erosten eta diru asko gastatzen lortu ditut. Inbertsioa dela esango dugu, hobeto sentitzeko, baina sekulako gastua da eta leku pilo bat eskatzen dute. Nola lortu ditudan? Ba pixkanaka erosten, zeren gainera gero eta garestiago daude, baina, tira, zaletasun hori daukat eta horiek erosten jarraitzea ahalbidetzen nauen lan bat dut. Gero eta leku gehiago behar dut, hori bai.
Etorkizun luzera begira, zeintzuk dira buruan dauzkazun planak?
Ba telebistan gustura nago eta ikus-entzunezkoen munduan lanean jarraitzea gustatuko litzaidake. Orain albistegietan oso gustura nago, baina etorkizun batean beste saioren bat egitea gustatuko litzaidake, adibidez, musikari buruzko saio bat edo zientziari buruzko saioren bat. Hau da, eguneroko informaziotik harago doan saio bat egitea gustatuko litzaidake. Albistegiak oso zurrunak dira eta uste dut gehiagorako eman dezakedala. Beraz, aukera sortzen bada, zoragarri.
Xabier Ormazabal Franco
Xabier Ormazabalek ikus entzunezko ikasketak egin zituen Leioako Euskal Herriko Unibertsitatean, kameren atzean lan egin nahian. Erasmusean ibili ostean, praktiken aukeraketara berandu iritsi eta ETBn kirol kazetari bezala aritzeko eskaintzen zen plaza bakarra onartu zuen. Erabaki horrek kazetaritzaren mundura bideratu zuen bere ibilbidea eta kasualitate segida baten ondorioz, Xabier kameren aurrera iritsi zen aurkezle paperean aritzeko. Egun ETBko asteburuetako albistegietako aurkezlea da. Bere lanaz gain, musikak betetzen du Xabier Ormazabalen denboraren zati handi bat, reggae musikaren zaletu amorratua baita.



