Txingudi Errugbi Klubeko gazteek ez dute zorterik izan pasa den asteburuan etxetik kanpo jokatutako partiduetan

Asteburu latza Txingudiko gazteentzat, Plaiaunditik urrun jokatzeaz gain, porrotak jaso zituzten hiru taldeek ligako norgehiagoketan.

Jokatzen lehenak 18 urtez azpiko mutilak izan ziren Mutrikuko San Migel zelaian. Txingudi/Uribealdeak joko ona eta egituratua erakutsi zituen, markagailuan minutu batzuez aurrea hartuz ere 14. minutuan (5-7). Hala ere, etxekoek abantaila berreskuratu zuten hiru minutu geroago eta, lehen zatiaren amaieran, aldea handitzea lortu zuten beste eraldatutako entsegua eginez (19-7). Bigarren zatia orekatuagoa izan zen arren, bidasotarrek eta bizkaitarrek osatutako taldeak ezin izan zituen debagoiendarrak gailendu. Danon Arteanen eraldatutako entseguarekin eta Odin Gutiérrez jokalari hondarribiarrak lortutako markarekin, markagailua 26 eta 12koarekin itxi zen.

Sub 16ei zegokienez, ez zuten aukerarik izan Bera Bera/Baztanen aurka Donostian jokatutako norgehiagokan. Etxekoen erasoei ondo eutsi bazien ere, Txingudik bina entsegu eta eraldaketa jaso zituen lehenengo zatian. Markel Moratinosen markak abantaila txikitu zuen atsedenaldia baino lehen (14-5). Hala ere, bigarren zatia Bera Bera/Baztanena izan zen eta aldea lau entsegu eta eraldaketa batekin handitu zuen 36 eta 5ekoa ipiniz markagailuan.

Egun hartan ere, Gasteizko Lakuako errugbi-zelaian, Txingudi/Baztanek Gipuzkoako sub 14 liga hasi zuen Gaztediren bigarren taldearen aurka eromenezko partida batekin. Garaipena Gasteizen geratu zen, baina mugakoak buelta emateaz gertu izan ziren. 43 eta 39 emaitzarekin, Txingudi/Baztanek liga 2 bonus punturekin hasi du eta hirugarren da B multzoan.

Azkenik, errugbi eskolak aurtengo lehenengo topaketa ospatu zuen Logroñoko Pradoviejo zelaian Iruña, Rioja eta Zarautz/Beltzakekin batera.

Datorren asteburuan, gizonezkoen seniorrak etxean jokatuko du

Larunbatean, urtarrilaren 21ean, 16:00etatik aurrera jokatuko dute Plaiaundin Zaisa Txingudik eta La Unica Bk ligako 9. jardunaldiari dagokion partida. Iruindarrak azkenengoak dira sailkapenean, 7 punturekin, eta garaipen bakarra lortu dute aurten. Bestalde, Camarero eta Lasaren mutilek Iruñako beste taldearen aurka izandako porrota atzean utzi nahi dute lehenbailehen eta bost puntuak lortzeko gogo biziz jokatuko dute.

Gipuzkoako sub 13 eta sub 14 topaketak Hondarribian izango dira datorren asteburuan

Txingudiko bost jokalari deituak izan dira Gipuzkoako sub 13 eta sub 14 selekzioetako entrenamenduetara (Adrien Muñoz, Oier Oliveira, Ekaitz Sánchez, Urtzi Arrieta eta Mattin Petrikorena). Saioak Hondarribiako kiroldegian ospatuko dira larunbatean 10:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude