Irekita dago jada Oiasso Museoan irailean egitekoa den arkeologia ikastaroan izena emateko epea

Kultura arloak jakinarazi duenez, irekita dago jada Oiasso Museoan egitekoa den ikastaro berrian izena emateko epea: «Oasi bat bidean. Egiptoren eta beste herri batzuen arteko harremana Antzinaroan».Ikastaroan izena emateko, Oiasso Museoko harrerara hurbildu edo 943 63 93 53 telefonora deituta plaza-erreserba eskatu daiteke. Matrikulak 75 €-ko kostua du eta ikastaroko plaza kopurua mugatua da.

Napoleon, Mariette, Howard Carter… Antzinako Egiptok jakin-min obsesibo bat piztu du -egiptomania delakoa- azken 200 urteotako ikerlari eta abenturazale ugariren artean. Interes horrek antzinako Egiptoko historiari buruzko azterlan zientifikoak sustatu ditu, baina lagungarri izan da, halaber, mito faltsu kolorista asko sortzeko eta zabaltzeko, eta horiei aurre egin behar zaie. Ikastaro honetan, Egiptok Antzinaroan ikusi zituen aldaketa historikoetako asko aztertuko dituzte, eta batez ere, garai hartako beste herri batzuekin izandako kontaktuetan, gatazketan eta bizikidetzan sakonduko dute.

Eskolak irailaren 18tik abenduaren 19ra emango dira, hiru txanda bereizitan: astelehenetan 11:00etatik 12:00etara, astearteetan 18:00etatik 19:00etara eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara. Txanda bakoitzean hamabi saio aurreikusten dira, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore Leire Lizarzategui Eluk emanda.

EHUren udako ikastaroa Irunen

Bestalde, irekita dago oraindik ere Irunen abuztuaren 31n eta irailaren 1ean egingo den EHUko «Ezpatak baino gehiago: burdina erromatar inperioan» udako ikastaroan izena emateko epea. Mundu osoko espezialistek erromatarren garaiko burdingintzaren ikerketetan arkeologiak ekarri dituen aurrerapenak errepasatuko dituzte. Ikastaroa jende guztiari zuzendua dago. Hitzaldiak Gordailuan eta Oiasso Museoan izango dira.

Izena emateko eta programari buruzko xehetasun guztien berri izateko, interesdunek webgune honetara jo dezakete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude