Duela gutxi oso berri gogorra jaso genuen. Entzun nahi ez duzun horietakoa. Gure lagun handia, Ana Pérez, joan zitzaigun.
Ana, irundarrentzat, euskal antzerkiarentzat, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduentzat, eta baita kulturarentzat ere pertsonaia oso garrantzitsua izan da. Eta nola ez, baita gure Oiasso Museoarentzat ere. Lagun eta kide izan dugu azken urte hauetan. Horregatik Oiasso Museoko lankide eta adiskideen izenean, erromatar munduan egiten zen zerbait egin nahi izan dugu. Hau da, norbait galtzen zenean, oso garrantzitsua izaten zen lagun edo familiako pertsona horrek utzitako itzala gogora ekartzea. Maite ziren pertsonei, garrantzitsuak zirenei eta gizarteari asko eskaini ziotenei ezinbestekoa zen Laudatio funebrisa egitea. Alegia, bere ohorez gorazarrea egitea. Gure garaietara iritsi ez bada ere, ospe handia izan zuen Julio Cesarrek bere izeba Juliari egin zion Laudatio Juliae Amitae, alegia, hil zenean esandako laudatioak.
Ana Pérezek ekainaren 8an utzi gintuen. Oiasso Museoa osatzen dugun “familia” zabalarentzat Ana gure kide eta parte zen. Horregatik, saminez, baina gure maitasun osoz egin nahi diogu Ana Pérezi merezi duen laudatioa.
Gure Ana, 1986. urtean Legaleon Teatro taldearen sortzaileetako bat izan zen. Garai hura eta garai hartako antzerkia ezagutzen ez duzuenontzat, Legaleon Teatro antzerki abangoardiaren erreferentea izan zen Euskal Herrian eta baita Espainian ere. Gaien planteamendua, estetika berritzailea, eta narratiba hauskorra izan ziren ezaugarri nagusiak, eta guztiaren gainetik ondo egindako lana zegoen.
Antzerkiaren irakaskuntzan murgildu zen eta TAE, Donostiako Arte Eszenikotako Tailerrean urte mordoxka eman zituen bai eskolaren antolakuntzan murgilduta, eta baita antzerkirako ikasleak trebatzen, eta sekulako oroitzapenak utzi ditu han ere.
Zer esanik ez Ezezagunok taldearekin egindako lana. Ezgaitasuna duten neska-mutilekin antzerkia egitea, eta nola gainera! Antzerkiaren bidez bai klasikoak jorratzen eta baita umorea egiten ere. Mirestekoa da, zein ederki bideratzen zuen bere lanerako filosofia, alegia, antzerkiarekin ondo pasatu ahal izateko, aurretik lan serio eta gogorra egin behar dela. Oiasso Museoak, Topic eta Chillida-Lekurekin batera urtero Aniztasunaren Gala antolatzen du, eta Ezezagunok taldea, Ana aitzindari zela, gure Aniztasunaren Gala antolatzeko ezinbesteko bidelaguna eta kidea zen.
Emakumeen berdintasunaren aldeko borrokan ere, hor egon da beti Ana, bere konpromisoa modu aktiboan aldarrikatuz, eta nola ez, Alarde mistoaren alde lan egiten.
Aktore Batasunak EABk oso merezia duen saria eman zion 2020. urtean, Besarkada Saria. Ezin da pertsona egokiagorik imajinatu sari hau jasotzeko.
Eta egin dituen lan guztien artean Oiasso Museoan egindakoa azpimarratzekoa da. Bere lan isila baina serioa, bere umorea eta ironia, bere begiradaren bizitasuna, antzerkia egiteko sormen eta gaitasuna, eta antzerkiarekiko maitasuna transmititzeko gogoa,… beti egitasmoak aurrera eramateko prest, beti lanerako gogoz, beti antzerkiaren bidez kultura eta jakinduria zabaltzen… Ana handia zen eta handia da utzi duen hutsunea.
Aurten, Oiasso Museoarekin elkarlanean egiten zituen hainbat ekimenetan bere beharra sumatuko dugu. Anarekin jarri genituen martxan Oiassoko Antzerki tailerrak, non bereziki bere irakurketa dramatizatuko tailerrek sekulako jarraitzaile mordoa bildu zituen. Bere laguntza ere, ezinbestekoa izan zen Oiassoko Emakumeak bakarrizketen antolaketan, haietako bi bakarrizketa berak zuzendu baitzituen, oso harrera ona lortuz.
Duela urte batzuk Oiasso Museoko webgunerako Emakumeen Egunean egiten dugun elkarrizketaren protagonista izan zen Ana, eta Medeari buruz hitz ahaztezin hauek esan zituen: “Sentimenduen ederra eta krudela irudikatzen ditu muturretara eramanak. Funtsean, izaki bizidun gisa errepresentatua izan behar du, sentitua, entzuna, askatua. Izugarri gustatzen zait”.
Eta BioGipuzkoarekin elkarlanean “Historia eta Zientzia” zikloa martxan jarri genuenean ere, iturriei buruzko poemen irakurketan parte hartu zuen. Plazera zen Ana poema haiek irakurtzen entzutea!
Uztailean ospatzen dugun Dies Oiassonisen, Isis jainkosaren omenez Naviguium desfilea antolatzen dugu; festa horretan itsasoen irekiera ospatzen da, eta bide batez, Isis jainkosari babesa eskatzen zaio. Urteak zeramatzan Anak, desfile horren zuzendaritza taldearen parte izaten, eta Isis jainkosaren ahotsa izaten ere.
Isis jainkosak itsasontziak babestu eta itsasotik onura ekartzen duen bezalaxe, gure Anak Oiasso Museoari eta Irun herriari bere onena eskaini dio. Eskerrik asko, bihotzez Ana adiskidea. Agur eta ohore. Adiorik ez!



