Oiasso museoak historia eta arkeologiari buruzko jarduerak proposatzen ditu otsailerako

Oiasso museoak historiari eta arkeologiari buruzko ikastaroak proposatzen ditu otsailerako. Batetik, Irungo Udaleko Kultura arloak antolatutako “Kultura Antzinaroko eta Erdi Aroko gizartean” ikastaroa otsailaren 6an hasiko da. Bestetik, Mertxe Tranchek otsailaren 26an Mertxe Tranchek “Fedra” eleberriari buruzko literatur tertulia gidatuko du.

Kultura arloak antolatutako «Kultura Antzinaroko eta Erdi Aroko gizarteetan» ikastaroan izena emateko epea otsailaren 6an hasiko da, asteartearekin. Historiari buruzko ikastaro berri hau Oiasso museoan emango da.

Ikastaroko parte-hartzaileek Antzinaroko eta Erdi Aroko zenbait zibilizazio eta herrietan nola bizi ziren ikasiko dute: Khufuren piramideak, zeltak, Mizenas, Platonen garaiko Atenas, Julio Zesarren legionarioak, Erromatar Inperioaren gainbehera, bikingoen itsasontziak, Nafarroako Erresuma, arabiarren matematikak eta beste gai asko landuko dira iraganera bidaiatuz.

Eskolak otsailetik maiatzera luzatuko dira, eta bi txandatan emango. Lehen txanda otsailaren 27tik maiatzaren 14ra bitartean emango da, asteartero, 18:00etatik 19:00etara. Bigarren txanda otsailaren 29tik maiatzaren 16ra bitartean emango da, ostegunero, 11:00etatik 12:00etara. Hasiera batean, hamabi saio izango dira txanda bakoitzean, eta irakaslea Beñat Eguiluz Miranda izango da; Historian doktorea da Galesko Unibertsitatean, eta Oiasso museoko jardueren arduradun berria.

Ikastaroa egin nahi duten pertsona guztiek Oiasso museoko harreran eman dezakete izena. Plaza erreserbatzeko ere eska dezakete, 943 63 93 53 zenbakira deituta. Plazak mugatuak dira. Ikastaroaren prezioa 75 euro da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: ordubeteko hamabi eskola, ikastaroari buruzko informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondoren banatuko den laburpen bat.

Literatur tertulia

Azkenik, Mertxe Tranche ikertzaileak dinamizatzen dituen 2024ko lehen literatur tertulia otsailaren 26an izango da, astelehenarekin, 19:00etatik aurrera, eta horietan izena emateko epea ere ireki da. Aurtengo lehen saiorako aukeratutako eleberria Laura Sheppersonen «Fedra» da. Idazle britainiarrak biziki maite du greziar mitologia, eta Ikasketa Klasikoak egin zituen Aucklandeko Unibertsitatean. Liburu honetan, Antzinarotik gaur arte idazle ugariren inspirazio-iturri izan den Fedraren mitoaren irakurketa berri bat dakarkigu, egun ere modu askotan berrinterpretatzen den istorioa beste modu batean aurkeztuta. Liburua museoan eros daiteke 20,90 euroan.

Era berean, jardueran parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, Oiasso museoko harreran edo 943 63 93 53 telefonoan. Izen-ematea doakoa da. Plazak mugatuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude