Irungo Baratze Parkean lursail zatia eskatu ahalko da bihartik aurrera

Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak jakinarazi duenez, bihar, hilak 13, Irungo baratze parkeko baratze bat eskatzeko epea hasiko da. Interesdunek urriaren 2rako egin beharko dute eskaera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, autozerbitzu terminalen bidez edo aurrez aurre, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan.

Guztira, udalak 70 baratze jarriko ditu herritarren eskura eta hainbat taldetan banatuko dira horretarako. A taldean, desgaitasunen bat edo mugikortasun urria duten per­tso­nentzako baratzak gordeko dira. Zehazki, 30 m2.-ko hiru baratze desgaitasunen bat duten pertsonentzat eta 6 m2-ko bi zapalda goratu gurpil aulkian ibil­tzen diren per­tso­nentzat. Lursail horiek eskatzeko desgaitasunak % 33tik gorakoa izan beharko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo beste organo eskudun baten ziurtagiria aurkeztu beharko da.

B taldean, berriz, gainontzeko herritarrak, sartuko dira eta hauek izan dira eskuragarri izango dituzten baratzak: 30 m2-ko 23 baratze 65 urtetik gorakoentzat, 30 m2-ko 28 baratze 36 urtetik 65 urtera bitartekoentzat eta 30 m2-ko hamalau baratze 18 urtetik 35 urtera bitartekoentzat

Hortaz gain, Irungo Baratze Parkeko sei baratze interes berezikotzat hartzen diren eta egoitza Irunen duten entitateentzat gordeko dira. Esaterako, irabazi asmorik gabeko elkarteentzat, ikastetxeentzat eta abarrentzat. Alegia, horrelakoei ez zaie aplikatuko azaldutako prozedura.

Eskaera egiteko baldintzak

Eskaera egin ahal izateko, 18 urte baino gehiago izatea eta 2024ko urtarrilaren 1etik gutxienez Irungo udal erroldan inskribatuta egotea beharrezkoa izango da.  Bestetik, zerga betebeharrak eta administrazio publikoekiko gainontzeko ordainketa betebeharrak egunean izatea eskatuko da. Gainera, eskatzaileak edo bere bizikidetza unitateko inork ez izatea nekazaritza lanetarako egokia den landa lurrik Irunen. Bizikidetza unitate bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.

Behin eskaerak aurkezteko epea bukatuta, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak egingo dira, eta Udalaren webgunean argitaratuko dira. Interesdunek hamar egun izango dituzte haien kontrako erreklamazioak aurkezteko. Epe hori igaro eta aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, behin betiko zerrendak argitaratuko dira Udalaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude