Irungo alkateak akordioa sinatu du Vertiz Ford Azken Portutik lekualdatu eta udalak lursaila eskuratzeko

Atzo, Irungo alkate José Antonio Santanok eta, Vertiz SAren izenean, Antxon Vertizek elkarrekin adostutako akordio bat sinatu zuten, Vertiz Ford Azken Portu eremutik lekualdatu eta Udalak lursaila eskuratzeko.

Akordioaren bidez, ibilgailuen kontzesionarioa, zeina Juan Thalamas Labandibar kaleko 43 zenbakian dagoen, Letxunborro hiribidera lekualdatuko da. Horrela, lursaila libre geldituko da, eta Bidasoa ibaiak hirian barrena egiten duen ibilbidearen ibaizko izaera lehengoratzeko beste pauso bat eman ahalko du Irungo Udalak.

Esku hartzeko, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari jarraituko zaio. Bada, haren arabera, lurrak erabilera publikoko espazioak dira. Eragiketaren ondorioz, guztira, 3.630 m2 geldituko dira libre, 1.900 m2-tik gorako azalera eraikia, eta, horrela, Azken Portuko kirol ekipamendua handitu ahalko da, eta eremuaren gainontzekoa ibaiertzeko espazio libretarako lehengoratu.

Lursaila hiru jabetzatan banatuta dago, eta atzoko akordioa, lehenengoa, lursail osoaren % 35en jabe eta jarduera ekonomikoaren titularrarekin sinatu zen. Udalak egindako balorazioaren arabera, lursail zati horretako pabiloiaren, lurren eta jardueraren lekualdaketaren balioa 890.685,89 eurokoa da, eta Udalak joan den apirilean udal talde politiko guztiak adostuta onartu zuen kreditu aldaketa bati esker izango du lursailaren zati hori erosteko behar duen diru zenbatekoa.

Joan den uztailaren 31n, berriz, beste kreditu aldaketa bat onartu zen, eremuaren gainontzeko % 55eko lurrak 988.000 euroan erosteko kontu sail bat bideratzeko. Bitan banatuta dago zati hori, eta akordioa sinatzeko dago oraindik.

Behin atzoko akordioa sinatuta, abuztuan zehar, jarduera Letxunborro hiribideko 89 zenbakira lekualdatu eta instalazio berriak zabaltzeko lanak hasiko ditu kontzesionarioak, eta libre utziko du lursaila, Udalak dagozkion eraisketa lanak hasteko moduan.

Bestalde, aurrera doaz Artiako erretenak Bidasoa ibaiarekin bat egiten duen tartea birnaturalizatzeko lanak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude