Zifrek Irungo Aste Santuak izandako arrakasta berresten dute

Irunen gustu guztietarako ekintzak antolatu dira Aste Santuan zehar. GazteARTEan zerbitzuaren Udaberriko Oporren programazio berezia eta Oiasso Museoaren kultur eskaintza oparoa izan dira jaiegunak gozatzeko hirian antolatutako ekintza bereziak. Irungo Udaleko Kulturako ordezkari Nuria Alzagak eta Gazteriako ordezkari Sergio Javierrek Udalak Pazko oporretarako antolatutako jardueren balantzea egin dute.

Nuria Alzagak Oiasso Museoaren lana nabarmendu du: “Ahaleginek fruituak eman dituzte, datu onak, Aste Santuko bisitarien kopurua % 20 handiagoa izan baita iazkoa baino”. Kultura ordezkariak azaldu duenez, kulturaren aldeko apustuak emaitzak ematen ditu, errekorrak hala erakusten baitu, urteko lehenengo hiruhilekoko bisitarien kopurua bikoiztuta. Nuria Alzagaren hitzetan, “dudarik gabe, Oiasso Museoa eta beronen kultur eskaintza gorabide betean daude”.

Sergio Javierrek, berriz, azpimarratu du zer garrantzitsua izan den gazteen parte hartzea jarduerak arrakastatsuak izateko: “Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzua gazteen ahotsa kontuan hartzen saiatzen da beti, eta, parte hartzetik eta entzutetik, egiten ditugun proposamenen arrakasta sortzen da”. “Izan ere, Udaberriko Oporrak eta antzeko programak Irungo gazteei oporraldietan ere balioa emateko jarduerak eta espazio bat eskaintzeko planteatzen dira”, gaineratu du Gazteria Zerbitzuko ordezkariak.

Oiasso Museoan bisitari gehiago

Aste Santuan eta Pazko astean, Oiasso Museoko erabiltzaileen kopurua % 20 handiagoa izan da iazkoa baino. Guztira, 552 lagunek parte hartu dute bisita gidatuetan, tailer didaktikoetan eta erakusketetan. Bisitari gehien erakarri dituzten jarduerak “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” esposizioa eta Arkeolab arkeologia tailerrak izan dira, baita Museoaren egoitzako erakusketa iraunkorra eta Ama Xantalen ermitako bisita gidatuak ere. Jatorriari dagokionez, Gipuzkoako bisitariak izan dira nagusi.

Horrela, urteko lehenengo hiruhilekoan, 11.448 bisitari eta erabiltzaile izan ditu Museoak, joan den urtean halako bi (5.069). Hazkunde nabarmen horrek bi arrazoi ditu nagusiki: batetik, Espainiatik (Madrildik, Kataluniatik, Gaztela eta Leondik…) Irunera eta gure lurraldeko beste leku batzuetara etorritako 60 urtetik gorakoen taldeak eta, bestetik, “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” aldi baterako esposizioaren harrera ona, oraindik ere interesa pizten baitu.

Alde horretatik, gogoan izan beharra dago “Emakume arkeologoak Gipuzkoan” erakusketa maiatzaren 31ra arte egongo dela zabalik eta beronen barruan María Fernanda Sánchez Goñi arkeologo eta ikertzaileak hitzaldi bat emango duela, “Cambios climáticos y evolución humana” izenburukoa: ostiral honetan izango da, hilak 12, 19:00etan.

Udaberriko Oporrak, toki guztiak beteta

GazteARTEan Zerbitzuak azpimarratu duenez, Udaberriko Oporrak programaren barruan proposatu diren tailer eta irteerek interes handia piztu dute nerabeen artean: guztira, 400 gaztek baino gehiagok parte hartu dute jardueretan eta gaztelekuetan.

Martindozenea gaztelekuan eskaini diren jardueren artean, aipatzekoak dira Baztan eta Bertiz abentura parkeetara egindako irteera, gaualdia barne, eta gaztelekuaren kanpoaldea aprobetxatuz egindako laser tag bataila: bietarako tokiak berehala agortu ziren. Azken batean, nerabeek beraiek planteatu eta zehaztu zituzten bi jarduerok, gaztelekuan bertan egindako asanblada batean.

Artiako gaztelekuan ere parte hartze handia izan da oporretan, batez beste 30 nerabe bildu baitira egunean, eta, jardueren artean, aipagarria da Donostiara egindako irteera, Aquariumeko eta Canopy Donosti Abentura parkeko bisita barne.

Beraz, Martindozenea gaztelekuak 229 parte-hartzaile izan ditu Udaberriko oporretan eta Artiako gaztelekuak berriz, 204.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude