Oiasso museoak 32.338 bisitari izan ditu 2023an; inoizko zifrarik altuena

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak, eta Juanjo Jimenez eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendari eta koordinatzaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Oiasso Museoaren 2023. urtearen jardueraren errepasoa egiteko. Museoak 32.388 bisitari izan ditu 2023an; zifra historikoa. Kopuruak, iazko zifrak gainditzeaz gain (28.825 bisitari), 2019ko pandemia aurreko zifrak ere gainditu ditu; orduko baitzen orain arteko maximoa: 32.021 bisitariri.

Oiasso Museotik lorpnea ospatu dute, eta adierazi dute arrakastaren gakoa urteko programazioan dagoela. Izan ere, kalitatezko proposamen ugari egiten dira urte osoan, eta, horren ondorioz, mota guztietako ikusleekin konektatzea lortzen dute. Erromatar museoko publiko gehiena Gipuzkoatik etortzen da (% 65), baina estatutik ere etortzen dira, gehienbat Madrildik, Kataluniatik, Valentziatik, Aragoitik eta Gaztela eta Leondik.

Urteko programazioaren barruan, museoko erakusketa iraunkorrak 8.339 bisitari izan zituen, eta aldi baterako erakusketek, 7.749. Aipatzekoak dira “Bidasoko Atlas Emozionala” erakusketa (3.228 bisitari izan zituen 2023ko otsailaren 3tik uztailaren 2ra bitartean), “Pvro Teatro” erakusketa (2.446 erabiltzaile izan zituen uztailaren 7tik azaroaren 19ra bitartean) eta “Gipuzkoako Emakume Arkeologoak”, zeinak 2.075 bisitari bildu baititu urritik hona.

Erakusketez gain, museoak erreferentziazko beste proposamen batzuk ere baditu, bisitari kopuruaren igoera azaltzen dutenak, hala nola, Dies Oiassonis jaialdi erromatarra, horrek 5.278 pertsona bildu zituen, edo Irugurutzetarako ibilbidea, 676 bisitarirekin. Ama Xantalen ermitak lehengo otsailean ireki zituen ateak, hobekuntza-lan batzuk egin ondoren, eta 4.370 bisitari izan zituen urte osoan egindako bisita gidatuetan eta ate irekien jardunaldietan.

FICAB ere nabarmendu behar da. Aurten bertaratutakoen kopurua zertxobait murriztu bada ere, museoaren erreferentziazko proposamenetako bat izaten jarraitzen du, Dies Oiassonisekin eta hezkuntza-atalarekin batera, zeinak arrakasta izan duten aurten ere.

Alde horretatik, Nuria Alzaga Kulturako ordezkaria pozik agertu da, eta adierazi du hazkunde hori Kultura arloan lan-ildo berriak sartu izanaren ondorio dela: “Azken urteetan ezagutu ez dugun hazkundea izaten ari gara. Bertaratze-errekorrak hausten ari dira hiriko kultur gune gehienetan. Eta ez da kasualitatea.  Kultura-proposamenak diseinatzeko lantzen ari diren lan-ildo berriak dira hazkunde horren oinarria. Zerbitzuak eta proposamenak hobetzeko lanean jarraituko dugu, pertsona gehiagorengana iristeko. Termak eta Irugurutzeta pizgarri bat izango dira Irun erromatarra inoiz ez bezala agerrarazteko. Oraindik iristeko dago museorako onena!”

Oiasso Museokoek oso emaitza positiboak espero dituzte 2024. urteari begira. Izan ere, besteak beste, aurten termak musealizatzea aurreikusi da, eta hori, zalantzarik gabe, museoaren eta hiriaren erakargarrienetako bat izango da.

Zeramika, “Gordailua Oiasson” guneko protagonista

Balantzea aurkezteaz gain, Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak eta Juanjo Jimenezek eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko arduradunek aukera aprobetxatu dute “Gordailua Oiasson” guneko bilduma berria aurkezteko. Oraingoan, zeramikaren inguruan izango da.

Irunen Oiasso hiri zaharraren gainean aurkitutako erromatarren garaiko hondakin arkeologikoen artean, Terra Sigillatazko ontzi zeramikoak daude. Egiten zituzten buztingileen markak edo zigiluak (sigillum) dauzkate mahai-baxera horiek, eta horregatik dute izen hori.

Ekainaren amaierara arte, museora joaten direnek hainbat motatako zigiluen bilduma paregabe batez gozatu ahal izango dute, eta Porcelanas Bidasoaren ontzi bat ere ikusi ahal izango dute, enpresa irundar horrek lortutako kalitatearen adierazgarri.

“Gordailua Oiasson”

Gogoratu behar da Gordailua Gipuzkoako ondare-bildumen zentroko pieza etnografikoak ezagutzera emateko gunea dela “Gordailua Oiasson”. Ekimena 2019an sortu zen Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker.

Antzerki-tailerrak

Museotik jakinarazi dute otsailean hasiko direla antzerki klasikoko tailerrak museoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude